Bellota, mundu mailako liderra nekazaritzarako eskuko erremintetan eta ordezko piezetan, bete-betean murgildu da eraldaketa digitalean
Bellota euskal enpresa liderra da bi merkatu-nitxotan: eskuko erremintaren diseinu eta fabrikazioan, eta lurra prestatzeko nekazaritzako konponbide eta ordezko piezetan. Enpresa horrek SPRI Taldearen zibersegurtasun industrialerako programaren laguntza bat jaso du. Duela hiru urtetik hona, Basque Cybersecurity Centre-k (BCSC) sustatzen du zibersegurtasunaren euskal ekosistema eta, beraz, baita ere laguntza ekonomikoak banatzen dituen programa hau.
Enpresaren lantegi nagusia Legazpin dago, eta 1908an sortu zen eskuko erremintak fabrikatzeko Patricio Echevarriaren ekimenez. “Eskualde hau burdinaren harana da, hemen beti egon dira burdinolak, eta betidanik fabrikatu izan dira burdinazko lanabesak. Enpresaren fundatzaileak industrializatu egin zuen jarduera hura” dakar gogora Juan José Saleguik, Bellota enpresako Giza Baliabideetako zuzendariak.
Fundatzailea beti egon zen bezeroengandik hurbil: “herriz herri ibiltzen zen, eta artisauek egiten zituzten produktuak industrializatu zituen. Ikusi zuen bazegoela nekazaritzako lanabesen eskaera, eta sektore horretarako konponbideak egiten hasi zen”.
Bellotak (haritzaren fruituak, hots, ezkurrak ematen dio izena, eta bereziki aukeratu zuten izen hori enpresak eskaintzen dituen tresnen kalitatea, gogortasuna eta erresistentzia irudikatzeko) eboluzionatu egin du denborarekin, urte askotako (114) historia duten enpresa guztiek bezala. Mendearen erdialdera altzairu lantegi bat jarri zuen martxan, “horrek izen handia eman ziolarik Bellotari”, eta 80ko hamarkadan erreminten fabrikazioko negozioan zentratu zen.
Hurrengo mugarria 2005ean iritsi zen, nekazaritzako erremintaren negozio-nitxoa nazioartean zabaldu zenean, eta hala, lantegi bana muntatu zuten Indian, AEBetan eta Brasilen. Eboluzioaren laugarren fasea 2014an abiatu zen, familiak jabetza utzi eta Kanadako talde batek (Venanpri) enpresa erosi zuenean. “Beste negozio-ikuspegi bat ekarri zuten, eta baita ere inbertsio-gaitasun handiagoa, bai eskuko erremintetarako eta bai nekazaritzako ordezko piezetarako”.
Bi sektore
Enpresak bi sektorerentzat egiten du lan, eskuko erremintentzat eta lurra prestatzeko tresnentzako ordezko piezentzat. Lehenengoa eraikuntzara eta nekazaritzara bideratzen da, % 70a profesionalei zuzenduta dago eta gainerako % 30a partikularrei. Bigarrena bezero profesionalei bakarrik zuzentzen zaie.
Produktu garrantzitsuenak dira eraikuntzarako palak, nekazaritzarako aitzurrak edo zerrak eta landareak kimatzeko guraizeak, “eta orain tresna elektrikoak fabrikatzen hasi gara. Eskuko erreminten arloan produktuen 4.000 erreferentzia dauzkagu. Kalitate onekoak eta prestazio handikoak dira, hori beti izan da gure markaren ezaugarria”.
Enpresak 1.500 pertsona inguru ditu plantillan eta bere urteko fakturazioa 260 milioi eurokoa da, horietatik 110 milioi eskuko erreminten negoziotik datozelarik. “Berrikuntza sartu dugu prozesu industrialen automatizazioan eta nekazaritzarako ordezko piezen arloan, eta 14 langileko I+G-ko sail bat daukagu”. Eskuko erremintek gero eta osagai berritzaile gehiago dituzte, “ez soilik produktuan, baita ere materialetan eta ergonomian. 12 patente dauzkagu”.
Enpresak kimatzeko guraize elektrikoak eskaintzen ditu, eta baita ere nekazaritzako lanak izugarri errazten dituzten mini motozerra elektrikoak.
14 lantegi ditu lau kontinentetan
Espainian liderra da eraikuntza, nekazaritza eta industriarako eskuko erremintaren sektorean, eta mundu mailako liderra ere bai lurra prestatzeko nekazaritzako konponbideen eta ordezko piezen arloan. Taldeak 14 lantegi ditu lau kontinentetan, eta bezeroak ditu 120 herrialdetan.
Eskuko erreminten esportazioak % 30ekoak dira (% 20 Europara), eta nekazaritzako ordezko piezenak % 80koak.
SPRI Taldeak emandako zibersegurtasunerako laguntza 2024ra arteko ekintza-planaren garapenera bideratu da. Zehazki, hondamendiei aurre egiteko planaren diagnostikora, sarearen segmentaziora eta prozeduren hobekuntzara. “Ekintza horiek gauzatuta daude jadanik, eta oso pozik gaude SPRIren laguntzarekin”.
Etorkizuneko erronketako batzuk dira 4.0 Industria eta jasangarritasuna, eta baita ere eskuko erreminten katalogoa handitzea, azken urteetako hazkundea mantentzea eta presentzia handiagoa lortzea atzerriko merkatuetan. “Eraldaketa digitalari ere ekin nahi diogu, ez bakarrik prozesuen esparruan, baita ere pertsonen arloan”.
Lotutako albisteak

BeDIGITALek zazpigarren edizioa ospatuko du BECen, enpresa eta erakunde liderren partaidetzarekin
Ekainaren 3tik 5era izango da, +INDUSTRYren esparruan, herrialdeko Smart Manufacturing-ari eskainitako topagunerik handienean. SPRI Taldea erakusketarien artean dago, ‘Invest in the Basque Country’ programarekin.

Zabalgarbik denbora errealeko analisi-tresnekin modernizatu du bere azpiegitura
Besteak beste, biki digitala eta adimen artifizialean oinarritutako teknologiak ezartzeaz gain, lurrun-gainberogailu bat instalatzea du helburu enpresak, energia-eraginkortasuna eta jasangarritasun operatiboa hobetzeko ekimen estrategiko bat.

Zinemaldia Startup Challenge 2025
Izen-ematea: apirilaren 15etik ekainaren 2ra arte

Haizelur, nazioartekotzearen aldeko apustua egiten duen doitasun-mekanizazioaren arloko Debako ETEa
Enpresaren esportazioek SPRI Taldearen zibersegurtasuneko programaren dirulaguntza jaso dute eta negozioaren % 35era iritsi dira dagoeneko

GAIAk IKT sektorearen prestakuntza-beharren diagnostikoa egin du eta merkatuaren eskaerei erantzuteko prestakuntza-ibilbideak garatu ditu
GAIAk azpimarratu duenez, sektoreko eta gobernuko erakundeen, sozietate publikoen eta hezkuntza-sistemaren parte-hartzea funtsezkoa izan da azterlanari balio erantsia emateko

Senvia Systems-ek beste enpresa batzuk gidatzen ditu haien sustapenean eta eraldaketa digitalean
Iaz sortutako enpresa gipuzkoarrak sistemetan, komunikazioetan eta zibersegurtasunean oinarritutako IT zerbitzuak eta aholkularitza eskaintzen ditu.

Europako ordezkaritza bat etorri da Euskadira industria teknologiko kuantikoaren lider izateko bertako estrategia hobeto ezagutzeko
Finlandia, Grezia, Italia eta Espainiako ordezkariak izan dira Euskadin Europako QUANTUM+ proiektuan aurrera egiteko. GAIA klusterra da proiektuaren kideetako bat, eta helburu du teknologia kuantikoei buruzko ibilbide eta prestakuntza-plataforma bat garatzea goi-mailako hezkuntzako ikasleentzat, irakasleentzat eta enpresa teknologikoetako profesionalentzat

Akting, gizarteari balioa emateko teknologia
Gipuzkoako enpresak euskarri desberdinetarako aplikazioak garatzen ditu eta digitalizazioaren, datuen analisiaren eta prozesuen optimizazioaren aldeko apustua egiten du.

Elvira, berrikuntza eta tradizioa osagai nagusi dituen istorio gastronomikoa
Harategi-urdaitegi txiki bat izatetik, gaur egun hamar establezimendu inguru ditu etxean egingo liratekeen moduan prestatutako produktuak saltzeko, online dendan ere saltzen direnak.

Egin ezazu prestakuntza-plana zure enpresan Gaitasun Digitalen programarekin
«Gaitasun Digital Profesionalak» programaren edizio berriak 2 milioi euroraino igo du bere aurrekontua, euskal enpresen lehiakortasuna sustatzen jarraitzeko helburuarekin, langileen prestakuntza indartuz.