Call for Code, mundu mailako erronka bat krisi humanitarioetarako konponbideak garatzeko
Bilbon egin da lehiaketaren aurkezpena, Forotech ekitaldiaren barruan
2017an María urakanak goitik behera suntsitu zuen Karibe ipar-ekialdea, sarraski handia eta krisi humanitario larria eragin zituelarik. Besteak beste, Puerto Ricoko sare elektrikoak txikitu zituen, eta handik bi astera uhartearen zati handi batek oraindik ez zuen ez argindarrik, ez konektagarritasun mugikorrik. Egoera hura inspiraziotzat harturik, Project Owl plataformako lantaldeak offlineko komunikazio-sistema berri bat sortu zuen larrialdi egoeretarako.
Gauzen Interneten oinarritutako hardware eta software arloko konponbide bat da, zeinari esker larrialdietako zerbitzuek komunikatzeko aukera izan baitezakete argindar eta Internet sare guztiak erorita daudenean. Lau gazte iparramerikarrez osatutako lantalde batek irabazi zuen Call for Code nazioarteko lehiaketaren 2018ko edizioa sistema horrekin, zeina inplementatzen ari baita dagoeneko.
Call for Code urtean behingo lehiaketa bat da eta helburutzat dauka kode irekiko konponbide berriak sortzea, hondamendi naturalak prebenitzeko eta larrialdietako erantzuna hobetzeko krisi humanitarioetan. Horretarako, deialdi bat egiten du garatzailez, datuetako zientzialariz eta larrialdietako kudeaketako adituz osatutako lantaldeentzat. Hauxe da erronka: adimen artifiziala, datuen analitika, blockchain delakoa edota Gauzen Interneta bezalako teknologiak erabiltzea, horrelako egoeretan elikadura segurtasuna, oinarrizko baliabideen hornikuntza edo arreta medikoa hobetuko dituzten proiektuak sortzeko.
David Clark Cause Fundazioak eta IBMk antolatzen duten lehiaketa honen 2019ko edizioa maiatzaren 16an aurkeztu zen Estatuan, hiru ekitaldi egin zirelarik aldi berean Bilbon, Madrilen eta Bartzelonan. Bizkaiko hiriburuaren kasuan, Innolab startup-haztegian egin zen aurkezpena. Dagoeneko martxan dago lehiaketa eta taldeek uztailaren 29ra arteko epea dute beren garapenak aurkezteko Call for Code atarian.
Lehiaketak 200.000 dolarreko diru-saria emango dio proiektu irabazleari eta baita ere proiektua inplementatzeko laguntza-programa bat; horrez gain, lau ideia finalistek ere sariak jasoko dituzte. 2018an 156 herrialdetako lantaldeek parte hartu zuten ekimenean eta 2.500 aplikazio diseinatu ziren, hondamendi naturalen ondorioak prebenitzeko eta horien kontra borrokatzeko.
Call for Code lehiaketaren aurkezpena Forotech ekimenaren barruan egin zen, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza fakultateak mundu akademikoa, enpresa eta gizartea elkartzeko urtero antolatzen duen foroan. SPRI Taldeak babesten du Forotech ekitaldia.
Lotutako albisteak

Elvira, berrikuntza eta tradizioa osagai nagusi dituen istorio gastronomikoa
Harategi-urdaitegi txiki bat izatetik, gaur egun hamar establezimendu inguru ditu etxean egingo liratekeen moduan prestatutako produktuak saltzeko, online dendan ere saltzen direnak.

Egin ezazu prestakuntza-plana zure enpresan Gaitasun Digitalen programarekin
«Gaitasun Digital Profesionalak» programaren edizio berriak 2 milioi euroraino igo du bere aurrekontua, euskal enpresen lehiakortasuna sustatzen jarraitzeko helburuarekin, langileen prestakuntza indartuz.

% 64 egin dute gora Eusko Jaurlaritzak SPRIren bitartez antolatutako IKT arloko prestakuntzara joandakoek
Enpresa Digitala ekimena 3 lurraldeetako bost gune fisikotan eskaintzen da eta ireki den azkena Ezkerraldekoa izan da, Abantoko campusean

Irudi B2B: 7 urte marketin digital industriala aztertzen bere blogaren bidez
Bere blogaren helburua: ezagutza erabilgarria partekatzea, industriak kanal digitalaren potentziala ahalik eta gehien aprobetxa dezan.

Industria Digitaleko laguntzek zure negozioaren eraldaketa digitala lortzeko bidea irekiko dizute
Industria Digitala 2025 laguntza-programaren aurtengo edizioa martxoaren 18tik irekita, 7.5 milioi €-ko aurrekontuarekin. Euren negozioa digitalki eraldatu nahi duten enpresek urriaren 31era arte aurkez ditzakete euren eskaerak.