CoChallenge! Covid-19aren inpaktu negatiboa murrizteko ideiak
Mondragon Team Academy-k programa bat abiarazi du ekintzailetza sozialeko proposamenak bultzatzeko
Ikusirik koronabirusaren hedapenak berekin ekarri dituen osasun-, gizarte- eta ekonomia-arloetako erronka handiak, Africa Basque Challenge lantaldeak deialdi bat egin du balizko konponbideen diseinuan parte hartu nahi duten gazteentzat. Ekimen honek hiru asteko onlineko prestakuntza eta laguntza eskaintzen du, eta Euskadi eta Afrikako lantaldeek elkarrekin lan egingo dute bi lurraldeetarako proposamenak lantzeko.
Mondragon Team Academy-k eta ekintzailetzari laguntzeko Yu Hub Africa erakundeak bultzatu dute Africa Basque Challenge proiektua. Yu Hub Africa erakundearen helburua da berrikuntza sozialeko ekimenak sustatzea Euskadiko eta Afrikako gazteen arteko lankidetzaren bitartez. Orain, lantaldeak programa “espres” bat abiarazi du, Covid-19ari aurre egiteko borrokan lagungarri izan daitezkeen proposamenak garatzeko. Africa Basque Challenge ekimenaren Euskadiko arduradun Maialen Mendizabalek dioenez, “deialdi bat egin dugu gaitzak Afrikan nahiz Europan daukan inpaktu negatiboa murrizteko ideiak proposatu nahi dituzten gazteentzat” eta “kultura anitzeko lantaldeak sortuko ditugu online lan egin dezaten”.
Programa honek hiru asteko prestakuntza eta tutoretza eskaintzen du Internet bidez. Denbora horretan, kultura anitzeko lantaldeek laguntza jasoko dute ideia definitzeko, ekintza-plan bat diseinatzeko eta proiektu bihurtzeko. Prestakuntzak bere baitan hartuko ditu ekintzailetza sozialarekin lotutako alderdiak, eta baita ere egungo testuinguruekin eta premiekin lotutakoak. “Elkarrekin partekatuko ditugu hainbat herrialdetan dagoeneko martxan dauden ekimen inspiratzaileen adibideak, parte-hartzaileek ikus dezaten nola izan diren sortuak eta zein emaitza ari diren ematen” azaldu du Maialen Mendizabalek. Programa amaitzean, lantaldeek euren proiektuak aurkeztuko dituzte ekintzailetza sozialeko profesional eta erakundeen aurrean, ideia garatzen jarraitzeko laguntzak bila ditzaten.
Euskadiko gazteek dagoeneko eman dezakete izena sare sozialen bitartez. Parte hartzeko nahikoa da 18 urteak beteak izatea eta behar besteko ingeles edo frantses ezagutzak izatea. Halaber, ekimen honek helburutzat dauka ideiak babestu nahi dituzten profesional eta erakundeak bilatzea, programa amaitu ondoren ere aurrera jarrai dezaten lanean.
Horrekin batera, Africa Basque Challenge ekimenak martxan dauka bere urteko programaren bigarren edizioa. Kasu honetan, lantaldeak Euskadi eta Senegaleko gaztez osaturik daude eta helburutzat dute konponbideak sortzea landa eremuetako osasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko. Otsailaren hasieran Senegalen egin zen azken topaketaren ostean, lantaldeek urrunetik lanean jarraitzen dute euren proiektuak garatzen, turismo jasangarriarekin, uren saneamenduarekin eta arrantza industriarekin lotutako ideietatik abiatuta. Lantaldeak espero du proiektuen azken aurkezpena uztailean egin ahal izango dela, eta orduan aukeratuko dira lau proposamen irabazleak.
Lotutako albisteak

Momentum Gamesek joko arrakastatsuak sortzen laguntzen die markei
Gipuzkoako startupa proiektu bakoitzaren garapenaz eta administrazioaz arduratzen da, baita jokoen-analitikari buruz ere

Wake Up! Albiste ekintzaile batzuk sarean
Euskadiko talentu ekintzaile guztia. Wake up! -ek komunikabide eta sareko blog desberdinek argitaratutako albisteen hautaketa txiki bat egunero partekatzen du Linkedinen: ideiak, proiektuak, negozioak, startupak, enpresak etab.

Zaher Taldeak bere eraginkortasun operatiboa hobetzea du helburu eraldaketa digital nabarmen baten bidez
Enpresa gipuzkoarra bere zuzendaritzaren errelebo betean murgilduta dago, galdaragintzan eta mekanizazioan aritzen da, eta nazioartekotzearen aldeko apustua ere egin du.

Euskadi herrialde teknologiko eta berritzaile gisa agertu da Mobile World Congress 2025ean
"Innovation Land" lelopean, 16 startup Up!Euskadi berrikuntza-plataforma ordezkari izango dira Euskadiko standean, Spri Taldearen eta Foru Aldundien laguntzarekin

Karelak berrikuntzaren aldeko apustua egiten du ontzigintza eta industria sektoreetan
Konpainiak ingeniaritza elektrikoko aholkularitza zerbitzu integrala eskaintzen du Euskadiko eta nazioarteko enpresentzat