Datik enpresak IoT eraman du ibilgailu autonomoetara eta 4.0 Industriara
Enpresa donostiarrak makinen mantenimendu prediktiboan aplikatzen du Gauzen Interneten eta Datu Handien arloan metatu duen ezagutza
Business Insider aldizkariak duela gutxi eginiko txosten baten arabera, 2025ean 55.000 milioitik gora IoT (Internet of Things, Gauzen Internet) dispositibo egongo dira munduan. Kalkulatzen da une honetan 10.000 milioi IoT aparatu inguru daudela martxan, beraz, horrelako gailuetan egingo den inbertsioa 15 bilioi dolarretik gorakoa izango da datozen 8 urteetan. IoT gailuez ari garenean, esan nahi dugu Internetera konektatuta dagoen eta urruneko kokaleku batetik monitorizatu edota kontrolatu daitekeen edozein aparatu (etxetresna adimentsuak, sentsoreak, autoak…). Definizio horretatik kanpo gelditzen dira egunero erabiltzen diren gailuak, esaterako smartphone, tablet edo ordenagailuak.
Gauzen Internetek aplikazioak ditu hainbat arlotan. 2008an, Datik konpainia donostiarrak apustu irmoa egin zuen teknologia berrien inguruan duen ezagutza garraioaren mundura eramateko, lehenik, trenetara eta ondoren, automoziora, zehazkiago, autobusetara. 2011n Datik Irizar Taldean sartu zen, eta, gaur egun, erreferente da IoT teknologiak era desberdinetako ibilgailuei aplikatzeari dagokionez. “Datik enpresan konponbideak eskaintzen ditugu garraioaren eraginkortasuna eta sostengarritasuna, bidaiarien kalitatea eta kostuen optimizazioa hobetzeko. IoT sektoreak indar handia hartu du azken urteotan; erabaki dugu ezagutza hori garraioan aplikatzea, eta hasi gara orobat beste arlo batzuetara eramaten, esaterako, makinen mantenimendura” dio Iñigo Etxabek, Datik enpresako sortzaile eta teknologiako zuzendariak.
Datik enpresaren IoT arloko proiektu garrantzitsuenetako bat da Malagan abian duten autobus autonomoen programa pilotu bat. “Ibilgailu autonomo baten bi eredu sortzen ari gara, hirigunera eramango dituztenak Malagako itsas-gurutzaldien portura iristen diren pasaiariak. Proiektu bakarra da Europa osoan, 12 metro eta zortzi tona baino gehiagoko eta 60 bat bidaiarirentzako gaitasuna duten autobusak direlako. Antzeko beste proiektu batzuetan ez bezala, autobusa ez da eremu mugatuetan ibiliko, baizik eta trafiko publikoari irekitako errepideetan” azaldu du Iñigo Etxabek.
Datik enpresa sentsorika inplementatzen ari da bi eredu horietan, ibilgailuek bideko oztopoak detektatu ditzaten. Horrez gain, software bat sortuko du informazio guztia aztertzeko, eta horrela, adimen artifizialeko tresnak erabiliz, autobusari nolabaiteko pertzepzioa emateko. “Gure pertzepzio-softwareak askotariko elementuak detektatzen ditu, esaterako, autoak, oinezkoak eta trafikoko seinaleak. Elementu horiekin ingurune hurbileko ikuspegia sortzen du, eta gai da 3-4 segundo barru gerta daitekeenari buruzko iradokizunak egiteko. Ikus dezake pertsona bat oinezkoen pasabidean dagoela, zein lekutan dagoen zehazki eta norantz begira dagoen, eta parametro horien arabera aurreikus dezake zer egingo duen. Uste badu errepidea gurutzatuko duela, autobusak abiadura murriztu edo geldituko du” dio enpresako teknologiako zuzendariak. Espero da eredu hori –zeinak baditu baita ere ibilbideak simulatzeko errealitate birtualeko tresnak- prest egongo dela 2020ko udaberrirako. Proiektuak arrakasta badu, era horretako ibilgailuak egokitu ahal izango dira mundu osoko hirietan erabiltzeko.
Datik enpresak badu beste proiektu handi bat, non elkarrekin uztartzen baititu IoT eta datuen analitika: Txileko Atacama basamortuko eguzki-energia planta bateko eguzki-xaflak monitorizatuko dituen sistema bat. IoT eta Datu Handien arloetan pilatutako esperientzia zabal horri esker, konpainia donostiarrak normaltzat jotzen du “ezagutza hori beste esparru batzuetara eramatea, adibidez, enpresa industrialetako makinen mantenimendu prediktibo, prebentibo edo proaktibora”.
Datik enpresak dagoeneko ematen du makinen mantenimendurako zerbitzu oso eta integral bat, zerbitzu hauek eskaintzen dituena: makina sentsorizatzea, makinek jasotako informazioa hodeira bidaltzea konektagarritasun protokolo desberdinak erabiliz eta informazioa aztertzea hainbat algoritmo aplikatuz. Gehien erabiltzen diren sentsoreek edo IoT dispositiboek aldagai hauek neurtzen dituzte edozein makinaren funtzionamendua gainbegiratzean: “bibrazioak (oso frekuentzia altuko seinaleak dira, eta prozesatu egin behar dira informazioa hodeira bidali aurretik), tenperatura (asko eta azkar aldatzen da), mugimendua (adibidez, motor baten biraketak minutuko), soinua eta zarata (adieraz dezakete zerbait ez dabilela ondo) eta eragingailuak (behar bezala funtzionatzen duten), eta korronte eta tentsio elektrikoen neurketak eta kontrola” dio Iñigo Etxabek. Datik enpresak 45 langile ditu eta bulegoak dauzka Donostian, Mexikon eta Erresuma Batuan.
Lotutako albisteak

Zaher Taldeak bere eraginkortasun operatiboa hobetzea du helburu eraldaketa digital nabarmen baten bidez
Enpresa gipuzkoarra bere zuzendaritzaren errelebo betean murgilduta dago, galdaragintzan eta mekanizazioan aritzen da, eta nazioartekotzearen aldeko apustua ere egin du.

Einnek, bost urte etengabe eboluzionatzen sektore elektriko-elektronikoan
Pandemia betean jaio zen enpresak eraldaketa digitalaren aldeko apustua egin du hasieratik, sektorean bereizteko; bideojoko bat ere sortzen ari da, ingeniaritzako eta muntaiako barne-prestakuntza teknikoa iraultzeko.

Enpresa industrialen eta industria adimendunean espezialistak diren enpresa digitalen arteko elkarlana erraztuko du SPRI Taldeak
Enpresen Networkinga 2025 - Smart Industry kongresuaren 8. edizioa egingo dute martxoaren 26an, Bilbon, eraldaketa digitalari laguntzeko

Logistikari buruz Euskadin egiten den kongresuaren hirugarren edizioa egingo dute BECen
Azoka da iparraldeko eremuan packagingaren, logistikaren eta garraioaren sektoreak biltzen dituen azoka bakarra

Segundu bakoitzak kontatzen du. Ziurtatu zure erreskatea ResQaRrekin
Erreskate-orria formatu digitalean: larrialdi ekipoak, erreskatea modu seguruan egin ahal izateko, behar diren ibilgailuko elementuei buruzko infomazio zehatza eta azkarra.