Datozen urteetan gure bizitza aldatuko duten teknologiak
Munduko Ekonomia Foroaren txosten batek 10 teknologia disruptiboenak nabarmendu ditu
Badira berrikuntza batzuk, datozen urteetan sofistikazio-maila berri bat lortuko dutenak, besteak beste, Errealitate Handitua, laguntzaile birtualak, medikuntzari eta elikadurari aplikatutako bio-teknologia… Munduko Ekonomia Foroak nazioarteko aditu multzo batek prestatutako txosten bat argitaratu berri du, non datozen urteetako 10 teknologia disruptiboenak nabarmentzen baitira. SPRI Taldearen eta Eusko Jaurlaritzaren Basque Industry 4.0 estrategiak berrikuntza horietako asko sustatzen ditu, teknologia gorakorrak erabiliz produktu eta zerbitzu berriak sortzeko iturri gisa.
Errealitate Handituarekin lotutako teknologiak ez dira berriak. Izan ere, aspaldi hasi ziren garatzen ingurune fisikoari informazio digitaleko geruza bat eransten dieten aplikazioak, esaterako, bideo-jokoak (Pokemon Go) edo etxeak dekoratzeko softwarea. Baina Errealitate Handitua erakusten ari da inpaktu handia izan dezakeela 4.0 Industrian, sistema fisikoak eta digitalak integratuz eraginkortasuna hobetzen eta kostuak murrizten direlako. Adibidez, besteak beste, erabiltzen da produkzio-lineetan, langileek denbora errealeko informazioa eta jarraibideak jaso ditzaten. Merkatu horrek ibilbide luzea du oraindik, eta Foroak eginiko txostenaren arabera, 10 bilioi dolarrera iritsi daiteke datozen urteetan.
Txostenak laguntzaile birtualen teknologia ere aipatzen du. Orain arte Internetetik ateratako informazioa eskaintzeko bakarrik erabiltzen ziren, baina adimen artifizialak askoz aplikazio konplexuagoak ekarriko ditu. Laguntzaile birtualen belaunaldi berriak gai izango dira datu desegituratuak antolatzeko eta datu horiek argudio koherente bihurtzeko. Gainera, ikaskuntza automatikoari esker, gizakiek ez dute aldez aurretiko prestakuntzarik beharko horretarako.
Aditu taldeak eginiko top 10 zerrendako teknologia asko hertsiki lotuta daude bio-teknologiarekin eta medikuntza molekularrarekin. Joera argienetako bat da medikuntza pertsonalizatuarena, zeina maila berri batera iritsiko baita bio-markagailuen analisian oinarritutako diagnostikorako tresnen bidez. Informazio horrek aldatu egingo ditu gaixotasunen tratamenduak, pertsona bakoitzaren profil molekularren arabera egokituko baitira. Medikuntzaren arloan badaude berrikuntza disruptibo gehiago ere, esaterako: gorputzak behar duen substantzia zehatz bat -adibidez intsulina- ekoizteko gai diren zelulen inplantea edo ingeniaritza genetikoak gaixotasunak desagerrarazteko bidean lortutako aurrerapenak.
Azkenik, txostenak orobat aipatzen du laborategian sortutako okela. Aspaldi hasi ginen horrelako kontuak entzuten, baina dagoeneko badaude zeluletatik abiatuta okela sortzen duten hainbat startup, eta gero eta gehiago inbertitzen da arlo horretan. Horregatik, baliteke laborategiko okela merkatura iristea etorkizun ez oso urrun batean, baina oztopo handi bi daude horretarako: produkzioaren kostuak eta erregulazio eza.
Lotutako albisteak

Elvira, berrikuntza eta tradizioa osagai nagusi dituen istorio gastronomikoa
Harategi-urdaitegi txiki bat izatetik, gaur egun hamar establezimendu inguru ditu etxean egingo liratekeen moduan prestatutako produktuak saltzeko, online dendan ere saltzen direnak.

Lorra, lau hamarkada inguru Bizkaiko nekazaritzako elikagaien kooperatibismoaren funtsezko zutabe gisa
Gaur egun, erakundearen lehentasuna zahartutako sektore honetako erretiroak ordezkatzea da, belaunaldi-erreleboaren bidez.

Egin ezazu prestakuntza-plana zure enpresan Gaitasun Digitalen programarekin
«Gaitasun Digital Profesionalak» programaren edizio berriak 2 milioi euroraino igo du bere aurrekontua, euskal enpresen lehiakortasuna sustatzen jarraitzeko helburuarekin, langileen prestakuntza indartuz.

NudgeXperience Bilbon: CX eta Portaera Zientzien ekitaldia
Zuzendariei eta gerenteei, Cx-eko arduradunei eta berrikuntza eta marketineko profesionalei zuzendua

Wake Up! Albiste ekintzaile batzuk sarean 250324
Euskadiko talentu ekintzaile guztia. Wake up! -ek komunikabide eta sareko blog desberdinek argitaratutako albisteen hautaketa txiki bat egunero partekatzen du Linkedinen: ideiak, proiektuak, negozioak, startupak, enpresak etab.