“Datuak dira enpresen urre berria”
BSK Fiscal & Legal abokatu-bulegoak hizpide hartu ditu laster indarrean sartuko den Datuen Babeserako Europako araudi berriaren gakoak
Datorren maiatzaren 25ean indarrean sartuko da Europako Datuen Babeserako Araudi Orokor (DBAO) berria, derrigor bete behar dena, aldaketa handiak dakartzana eta eragina izango duena Europar Batasuneko enpresa guztietan, baita ere Euskadikoetan (60.000 inguru). Zuzentarau berri horiek betetzen ez dituzten konpainiek 20 milioi eurorainoko isunei aurre egin beharko diete. Ramón Solorzanok, BSK Legal & Fiscal euskal bulegoko kideak, araudi berriaren giltzarri batzuk aztertu ditu Made in Basque Country irratsaioan.
Diotenez, zuen bulegoa Euskadira eta Nafarroara hedatzen den bulego profesional bat da …
Hala da, BSK negozio arloko abokatu-bulego bat da, presentzia duena Donostian, Gasteizen eta Iruñean, eta 60 profesionalez osatutako lantaldea dauka. Duela hainbat urtetik babesa ematen diegu gure enpresei merkataritza, zerga eta prozesu arloetan, eta, kasu honetan, baita ere Teknologia Berrietan.
Europako Legebiltzarrak eta EBko Kontseiluak DBAO berria onartu zuten 2016ko apirilean. Bi urte hauek ziztu bizian igaro dira, eta oraindik ez dakigu araudi hori ongi barneratu den euskal enpresen artean. Ziur esan genezake prest daudela araudi berria betetzeko?
Denetarik dago. Enpresek behar adina asti izan dute egokitzeko, baina orain iritsi da araudira egokitzeko azken esprinta. Batzuk aurreratuta dabiltza, lehendik ere oinarri sendoa zutelako aurreko araudiarekin, eta gainerakoak eguneratzen ari dira, baina bakoitzak bere burua aztertu behar du, jakiteko nola dagoen araudiari dagokionean eta nolako egokitzapenak egin behar dituen.
Garaiz al dabiltza?
Hilabete eskas gelditzen da, eta asko dago egiteko, baina oraindik garaiz dabiltza. Erabakigarria da antolakundearen edo enpresaren tamaina. Txikienentzat, adibidez, badago araudi berrira egokitzeko oinarrizko jarraibideak ematen dituen gida-liburu txiki bat, oso sinplea dena. Baina enpresa handiagoa bada, demagun hogei langilekoa, gomendatuko nioke aholkularitza espezializatua eskatzeko, arlo honetan erabiltzen den terminologia konplexua delako, ez bakarrik enpresentzat, baita ere teknologia berrien arloa ezagutzen ez duten abokatuentzat. Eurek ere laguntza behar dute.
Zenbat denbora beharko luke ETE batek eguneratzeko?
Arauari egokitzeko hilabete behar izaten da batez beste, beraz, garaiz gabiltza.
Hortaz, euskal enpresaren profila ETEen edo mikroETEen eszenatoki horretan sartzen da…
Euskal enpresa gehienak ez dira handiegiak, eta beraz, ez daukate langile espezifikorik datuen babesaz arduratzeko. Orain arte horrelako gaiak Giza Baliabideetako arduradunek lantzen zituzten, eurek direlako langileen datuekin lan egiten dutenak, edo bestela, sistema-arduradunek edo finantza-zuzendariek. Baina ez dute gai honi buruzko esperientzia espezifikorik, eta ez dira gai jakiteko egiten ari direna ongi dagoen ala ez.
Zein izango litzateke DBAO berriaren titularra?
Titularra da inguratzen gaituen guztiak zerikusia duela datuekin. Batzuek dioten bezala, urre berria da, eta enpresek egoera berri horretaz jabetu behar dute. Araudia lagungarri izango zaie kudeaketa hobetzen laguntzeko, beren legezko obligazioak betetzeko eta beren burua behartzeko datuen kudeaketarako jarduera-protokolo bat egitera. Eta hori dena, era berean, lagungarri izango da enpresa garden eta serioaren irudia emateko.
Araudia betetzen ez duten enpresek arriskua dute isun eredugarriei aurre egin behar izateko. Zergatik da hori?
Horrelako zigorrak deigarriak izan badaitezke ere, Europako legegilearen helburua da zigorra ordaintzea ez dadila izan arauak ez betetzea baino errentagarriagoa maila globalean operatzen duten zenbait enpresarentzat (Google edo Facebook). Gainerako enpresa lurtarragoak ere zigortuak izan daitezke, jakina, baina ohartarazpena gehiago zuzentzen zaie interes talde handiei.
Azken asteotan topaketa espezifikoak antolatu dituzue enpresentzat, araudi berri honen inguruan pedagogia-lana egiteko. Nolako sentsazioa jaso duzue?
Ebanjelizatzaile-lana egitea suertatu zaigu, eta momentuz sentsazioa oso ona da. Enpresek interes handia eta jarrera ona dute gai honekiko. Jardunaldiak egin ditugu Iruñean, Miranda de Ebron, Gasteizen eta Donostian, non Adegiren laguntzarekin ahalegindu baikara parte hartu zuten 200 konpainia ingururen zalantza guztiak argitzen. Horiei beste 300 gehitu behar zaizkie, BSK bulegora lehenago hurbildu zirenak eskuartean zer zuten eta nola landu jakiteko.
Zeintzuk dira zalantza ohikoenak?
Gehienak izaten dira web orrietako datuei, langileen datuei eta kanpora bidaltzen dituzten datuei buruzkoak; jakin nahi dute nola bidali behar dizkieten proposamen komertzialak bezeroei edo nola erabili whatsapp aplikazioa profesionalki. Eguneroko lanak sortzen dituen zalantzak dira, eta oso zaila egiten zaie araudi zaharretik berrira jauzi egitea.
Lotutako albisteak

Elvira, berrikuntza eta tradizioa osagai nagusi dituen istorio gastronomikoa
Harategi-urdaitegi txiki bat izatetik, gaur egun hamar establezimendu inguru ditu etxean egingo liratekeen moduan prestatutako produktuak saltzeko, online dendan ere saltzen direnak.

Egin ezazu prestakuntza-plana zure enpresan Gaitasun Digitalen programarekin
«Gaitasun Digital Profesionalak» programaren edizio berriak 2 milioi euroraino igo du bere aurrekontua, euskal enpresen lehiakortasuna sustatzen jarraitzeko helburuarekin, langileen prestakuntza indartuz.

% 64 egin dute gora Eusko Jaurlaritzak SPRIren bitartez antolatutako IKT arloko prestakuntzara joandakoek
Enpresa Digitala ekimena 3 lurraldeetako bost gune fisikotan eskaintzen da eta ireki den azkena Ezkerraldekoa izan da, Abantoko campusean

Irudi B2B: 7 urte marketin digital industriala aztertzen bere blogaren bidez
Bere blogaren helburua: ezagutza erabilgarria partekatzea, industriak kanal digitalaren potentziala ahalik eta gehien aprobetxa dezan.

Industria Digitaleko laguntzek zure negozioaren eraldaketa digitala lortzeko bidea irekiko dizute
Industria Digitala 2025 laguntza-programaren aurtengo edizioa martxoaren 18tik irekita, 7.5 milioi €-ko aurrekontuarekin. Euren negozioa digitalki eraldatu nahi duten enpresek urriaren 31era arte aurkez ditzakete euren eskaerak.