Denda hibridoak: teknologia digitalek saltokiak inbaditu dituzte
Erosketak egiteko modua aldatzen ari da, AA, errealitate birtuala eta datu handiak direla medio
Aldaketa disruptiboak ari dira gertatzen retail sektoreko balio-kate osoan, hasi biltegiko logistikatik eta produktu edo zerbitzuen entregaraino. eCommerce eta denda fisikoen arteko mugak gero eta lausoagoak dira, merkataritza hibridorantz goazelako teknologia digitalen eskutik. Adimen artifizialari esker posible da prozesuak automatizatzea eta portaerak aurreikustea, errealitate birtualak eta areagotuak erosketa esperientzia berriak eskaintzen dituzte, eta zerbitzuak gero eta pertsonalizatuagoak izan daitezke datuen analitikari esker.
ESICeko Ekonomia Digitaleko Institutuak txosten batean aztertu ditu merkataritza sektorean aplikatu diren azken berrikuntza teknologikoak. Eraldaketa Digitala Merkataritzan izeneko txostenak bost joera handi identifikatu ditu, ondoko hauekin lotuta daudenak: Fabrika Adimenduna, erosketa prozesuen sinplifikazioa, bezeroa esperientzia guztien erdigunean jartzea, hiper-pertsonalizazioa eta denda tradizionala eraldatzea.
Teknologia horiek berrikuntza esanguratsuak dakartzate kate logistiko osora, hasi biltegitik edo inbentarioen kudeaketatik eta entrega eta itzulketa prozesuetaraino. Adibidez, langileek errealitate areagotuko betaurrekoak erabil ditzakete eskaerak kudeatzeko, dronak erabil daitezke inbentarioa kontrolatzeko edo ibilgailu autonomo txikiak sor daitezke azken miliako entregak egiteko. Kontsumitzaileek gero eta gehiago eskatzen dutenez, saltokiak hasiak dira trazagarritasun sistemak aplikatzen; hala, etiketa eskaneatze hutsarekin jakin liteke nondik datorren produktu bakoitza eta nola egin den.
Bestalde, errealitate birtual eta areagotuko teknologiak baliagarri izaten ari dira onlineko erosketen oztopo handienetako bat gainditzeko: ezin jakitea benetan nola geldituko den Internetez erositako produktu bat. Altzari marka batzuk hasi dira tresna bereziak garatzen jakiteko beren produktuak nola geldituko liratekeen benetako inguruneetan, eta badaude aplikazio mugikorrak ere, erabiltzaileei arropa birtualki probatzeko aukera ematen dietenak.
Retail sektoreko beste joera handi bat da laguntzaile birtualak erabiltzea. Tresna horiek ikaskuntza automatikoa baliatzen dute gomendio hiper-pertsonalizatuak egiteko eta, besteak beste, gai dira erabiltzailearen aldartea ezagutzeko eta erabiltzailea geo-lokalizatzeko. Horrelako teknologiak gero eta gehiago erabiltzen dira aplikazio mugikorren bitartez edo dendetan kokatutako espazio espezifikoetan, non bezeroak aholkularitza pertsonalizatua jasotzen baitu.
Bukatzeko, txostenak hiper-pertsonalizazio zerbitzuak ere aztertu ditu, esaterako, modako piezak fabrikatzea eskaeraren arabera oihal-inprimagailuak erabiliz edo ikusizko identifikazioa baliatzea produktuak bilatzeko. Hau da, erabiltzaileak argazki bat egin diezaioke edozein objekturi eta teknologia horrek esango dio non eros dezakeen, online edo denda fisikoetan.
Lotutako albisteak

Elvira, berrikuntza eta tradizioa osagai nagusi dituen istorio gastronomikoa
Harategi-urdaitegi txiki bat izatetik, gaur egun hamar establezimendu inguru ditu etxean egingo liratekeen moduan prestatutako produktuak saltzeko, online dendan ere saltzen direnak.

Lorra, lau hamarkada inguru Bizkaiko nekazaritzako elikagaien kooperatibismoaren funtsezko zutabe gisa
Gaur egun, erakundearen lehentasuna zahartutako sektore honetako erretiroak ordezkatzea da, belaunaldi-erreleboaren bidez.

Egin ezazu prestakuntza-plana zure enpresan Gaitasun Digitalen programarekin
«Gaitasun Digital Profesionalak» programaren edizio berriak 2 milioi euroraino igo du bere aurrekontua, euskal enpresen lehiakortasuna sustatzen jarraitzeko helburuarekin, langileen prestakuntza indartuz.

NudgeXperience Bilbon: CX eta Portaera Zientzien ekitaldia
Zuzendariei eta gerenteei, Cx-eko arduradunei eta berrikuntza eta marketineko profesionalei zuzendua

Connect Group, zentro teknologikoa Donostian duen multinazionala
Donostiako lantegiak SPRI Taldearen BDIH Konexio programaren laguntza jaso du, eta urtean bi milioi txartel elektroniko diseinatu eta fabrikatzen ditu