Drone by Drone konpainia nabigatzaile birtual bat garatzen ari da Tecnalia-rekin batera, dronak gai izan daitezen autonomoki hegan egiteko
Drone by Drone konpainia bizkaitarrak sei bat urteko esperientzia du sektore hauetara zuzendutako dronen erabileran: ikus-entzunezkoak, zehaztasunezko nekazaritza, segurtasuna, larrialdiak, ingurumena eta 4.0 Industria. COVID-19aren krisiak eragindako geldialdia gorabehera, eurek aurrera jarraitu dute aplikazio berriak ikertzen urrunetik kontrolatzen diren aireko aparatuentzat. Drone by Drone enpresako zuzendari exekutibo Ander García Barrosorekin hitz egin dugu orainari eta etorkizunari buruz.
4.0 Industriaren arloko zein jarduera garatzen duzue?
Lanean jarraitzen dugu 4.0 Industriaren arloan, bai ikerketan eta bai eskain ditzakegun balizko zerbitzuen garapenean, hala nola, eraikinetako energia mailari buruzko datuak atzematea. Gure proiektuen xedea da dronak erabiltzea fabriketan eta produkzio-prozesuetan ate itxiekin, hau da, lantegi barruetan. Horrek esan nahi du gure ekipoen nabigazio-sistemak egokitu behar ditugula ingurune horietara.
Zer egiten duzue ekipoak egokitzeko?
Tecnalia-rekin lanean ari gara horretarako balioko duen tresna funtzional bat garatzeko. Duela aste batzuk bukatu dugu nabigatzaile birtual bat garatzeko proiektu baten lehen faseetako bat, zeinari esker drona gai izango baita autonomoki hegan egiteko. Nabigazio-sistemaz, sentsorez, gidaketa-sistemaz eta ikusmen nahiz adimen artifizialeko tresnez hornituko dugu dron hori. Eta sistema horiei esker, gai izango da autonomoki hegan egiteko lantegi baten barruan.
Proiektu honen bigarren zatiaren helburua da dronaren nabigazio-parametro desberdinak bistaratzea pilotuari, informazio hori pilotuaren beraren ikuspegi errealaren gainean jarriko duten errealitate handituko betaurreko edo bisoreekin. Hala, pilotuak posizionamenduari, abiadurari, orientazioari eta abarri buruzko datuak bistaratu ahal izango ditu gailu elektroniko bati begiratu gabe: pilotajeko betaurrekoetan edukiko du informazioa.
Zein lanetarako balio dute dron autonomo horiek?
Erabili daitezke energiari buruzko datuak biltzeko fabrikazio-lantegietan edo makinetan, isolamendu-neurriak jartzeko, sorgailu handien funtzionamendua gainbegiratzeko, transformadoreetarako edo garraio elektrikoko ildoak monitorizatzeko. Orobat erabil genitzake egituren berrikuspenak egiteko eremu irisgaitzetan, lan bertikalak egiteko, eta lantegi bateko langileek NBEak (norbere babeserako ekipoak) erabiltzen dituztela zaintzeko. Ikusmen artifizialeko tresnekin egin liteke hori. Dronek konta ezin ahala erabilpen izan ditzakete industrian, eta lan-ildo handi bat daukagu horretara bideratuta.
Zuen zerbitzu asko lantegien barrukoak dira, baina koronabirusaren krisi garaian lanean jarraitu duzue fabrikazio lantegien kanpoaldean ere, ez da hala?
Arlo honetako lan ezagunenetako bat dira produkzio-lantegien eta nabe industrialen ikuskapenak. Parametro bereko eremu desberdinen artean gertatzen diren tenperatura bariazioei esker (irudi erradiometrikoetan islatzen direnak), posible da nabe industrialetako teilatu eta itxituren eraikuntzan eginiko akatsak identifikatzea eta elementu horien mantenimendu prebentiboaren analisi bat egitea. Energia ekoizten edo biltegiratzen duten instalazioak edo elementuak eta energia kontsumo handia egiten dutenak ere airetik aztertzen dira kamera termografikoz hornitutako dronekin.
Kamera termografikodun dronak erabiltzen dituzue zuen proiektuetan, esaterako, azpiegiturak gainbegiratzeko eta balizko energia-ihesak detektatzeko. Koronabirusak eragindako egoera honetan, aztertu duzue erabil daitezkeen pertsonen tenperatura neurtzeko, hau da, sukar altua detektatu ahal izateko, Asiako hainbat herrialdetan egin den bezala?
Badauzkagu gizakien tenperatura detektatzeko adinako zehaztasun termografikoa duten ekipoak. Dronen arazoa da pertsona asko kontzentratzen diren lekuetara joatean euren potentziala galtzen dutela. Azalera handiko eremu zabalak dira dronen habitatak, horregatik, hirietan agian eraginkorragoa litzateke kamera termografiko finkoak jartzea, eta ez dugu uste dronei erabilpen hori emateak zentzu handirik duenik. Baina teknologia badugu, eta eskaini diegu segurtasun indarrei.
Agian zentzuzkoa litzateke kamera termografikoz hornitutako dronak erabiltzea gauez itxialdia betetzen dela bermatzeko. Baita ere ingurumenaren jarraipena egiteko, eta zabor edo hondakinen metatze mailak zaintzeko.
Beste zein erabilpen izan ditzakete dronek pandemiak eragin duen testuinguru honetan?
Dronak baliagarri izango dira, adibidez, material medikoa garraiatzeko, baina baita ere datuak atzemateko. Ihinztagailuz hornitutako dron bat erabili daiteke eremuak fumigatzeko, guk aspaldi erabiltzen dugu metodo hori landa-eremuetan, zehaztasunezko nekazaritzan.
Badaukagu bozgorailuak dauzkan dron bat, arau-hausteak detektatuz gero airetik jakinarazteko arau-hausleari zaintzapean dagoela, eta eman beharreko jarraibideak emateko edo ohartarazpenak egiteko. Horrelako esperimentuak egiten ari dira, baina ongi jakin behar da non egin behar diren esperimentu horiek. Uste dugu ez duela zentzu handirik hiri handietan bozgorailudun dronak erabiltzeak, baina agian bai parke handietan eta beste azalera handi batzuetan. Ohartarazteko tresna bat da, disuasiozko metodo bat, balizko arazoak saihesteko.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?