Dronen negozioa abiatze-fasean dago oraindik
SPRI Taldeak antolatutako jardunaldi batean hizpide hartu dira horrelako gailuen teknologia, euren eboluzioa eta erabilpenari buruzko alderdi legalak.
“Oraindik asko umotu behar duen merkatua da”, esan du Lorenzo Díaz de Apodaca adituak.
Dronen merkatuak aukera handiak ditu. SPRI Taldeak antolatutako jardunaldi batean esan da gaur egun negozioaren %10a bakarrik aprobetxa daitekeela, eta hainbat datu eman dira dronen historia, teknologia, eboluzio eta alderdi legalei buruz. Airestudio enpresako Lorenzo Díaz de Apodacak eman du hitzaldia gaur (osteguna) Arrasateko Garaia Berrikuntza Gunean.
Díaz de Apodacak esan du dronak “atzemate masiboak neurtzeko sistemak” direla, eta ezagunenak airekoak izan arren, badirela baita ere urpeko eta lurreko dronak. Esan du dronen informazioa denbora errealean erabil daitekeela, edo bestela prozesatu egin daitekeela. “Dronen merkatuan teknologia eta softwarea hazten ari dira, baina jadanik ez da nahikoa aireko argazkiak ateratzea, orain joera da horren analisi bat bilatzea, hots, adimen artifiziala”.
Ruiz de Apodacak adierazi duenez, dronak “ikaragarrizko makinak dira datuak sortzeko, baina informazio hori zifratu egin behar da. Hori funtsezkoa izango da etorkizunean”. Sektore horretako profesionalek duten arazoetako bat da “ausartegitzat hartzen gaituztela, emaitza lehenesten dugulakoan arriskuaren gainetik”.
Adituak hizpide izan du dronen erabilpenari buruzko araudia, iragan abenduan berritu dena. Esan du mugak daudela dronak gauez erabiltzeko. “Gune populatuetan 120 metrotik behera ibili behar dute, eta jausgailu bat eta baimen berezi bat izan behar dute”. Araudi berriak mugak jarri ditu are dronak aisialdirako erabiltzeko ere.
Ikuspuntu teknologikotik, dronekin egin daitezkeen operazioen %100 posible dira, “baina legeak %50era murrizten ditu aukera horiek, eta, negozio bezala, %10era jaisten dira. Oraindik asko umotu behar duen merkatua da”.
Erabilgarritasunei dagokienez, adibide gisa jarri du osasun arloan eman dakiekeen erabilpena, esaterako: bi minutu baino gutxiagotan bidal dakioke dron bidez desfibrilagailu bat bihotzekoa jasan duen pertsona bati. Edo orobat erabil daiteke biltegietako materialen kudeaketan, produktuen barra-kodeak detektatzeko.
Zibersegurtasunean, gaitasun gehiago ematen dizu informazioa biltzeko, eta isiltasun gehiago. “Aukera ematen du makina industrialen ahultasunak aztertzeko”. Itsasoko salbamenduan, sei tripulatzaile espezializatu dituen helikoptero batek baino lan hobea egin dezake.
Adituak beste aplikazio batzuk ere aipatu ditu, hala nola kutsadura biologikoa neurtzea, itsasoko isurien alerta garaiz ematea, edo azpiegiturak ikuskatzea.
Airestudio enpresako arduradunak esan duenez, etorkizuneko merkatua aplikazio-esparru horien araberakoa izango da. PWC aholkularitzaren txosten baten arabera, dronen merkatua 127.300 dolarrekoa da eta, sektoreka, negozioaren %36 azpiegituretan dago, %25 nekazaritzan, eta %10 garraioan. Aurreikusten da dronen negozioak 15.000 lanpostu sortuko dituela 2050erako.
Etorkizunean izan ditzakeen eboluzioaren aukerak erakusteko, Ruiz de Apodacak esan du Espainian dron enpresen %20ak ez zuela ezer fakturatu iaz eta gehienek 25.000 euro baino gutxiago fakturatu zituztela.
Erabilpen profesionalari muga handiak jarri zaizkio eta ezin da dronik erabili populazio gune handien inguru zabal batean. Kontuan hartu behar dira baita ere gune batzuetan dronak erabiltzeko aldi-baterako mugak. “Baimena eskatu behar duzu, eta zure lan kutxa ematen dizute hegan egiteko”
Lotutako albisteak

Elvira, berrikuntza eta tradizioa osagai nagusi dituen istorio gastronomikoa
Harategi-urdaitegi txiki bat izatetik, gaur egun hamar establezimendu inguru ditu etxean egingo liratekeen moduan prestatutako produktuak saltzeko, online dendan ere saltzen direnak.

Egin ezazu prestakuntza-plana zure enpresan Gaitasun Digitalen programarekin
«Gaitasun Digital Profesionalak» programaren edizio berriak 2 milioi euroraino igo du bere aurrekontua, euskal enpresen lehiakortasuna sustatzen jarraitzeko helburuarekin, langileen prestakuntza indartuz.

% 64 egin dute gora Eusko Jaurlaritzak SPRIren bitartez antolatutako IKT arloko prestakuntzara joandakoek
Enpresa Digitala ekimena 3 lurraldeetako bost gune fisikotan eskaintzen da eta ireki den azkena Ezkerraldekoa izan da, Abantoko campusean

Irudi B2B: 7 urte marketin digital industriala aztertzen bere blogaren bidez
Bere blogaren helburua: ezagutza erabilgarria partekatzea, industriak kanal digitalaren potentziala ahalik eta gehien aprobetxa dezan.

Industria Digitaleko laguntzek zure negozioaren eraldaketa digitala lortzeko bidea irekiko dizute
Industria Digitala 2025 laguntza-programaren aurtengo edizioa martxoaren 18tik irekita, 7.5 milioi €-ko aurrekontuarekin. Euren negozioa digitalki eraldatu nahi duten enpresek urriaren 31era arte aurkez ditzakete euren eskaerak.