Euskadiko ETEntzako Eusko Jaurlaritzaren 2025 laguntzen plana.

Euskal enpresentzako laguntzak.

Onlineko jardunaldiak euskal enpresarentzat.

Filtra tu búsqueda

Berrikuntza Eraldaketa digitala
Elkarrizketak 23 ekaina, 2020

EGA Solutions-ek produkzio-prozesuen optimizaziorako eta segurtasunerako tresnak garatzen ditu

Gasteizko enpresa honen konponbideak dira: tresnak kontrolatzeko sistemak, barnealdeetako lokalizazioa eta estutze-momentuen kontrola

 

Gasteizko enpresa honen konponbideak dira: tresnak kontrolatzeko sistemak, barnealdeetako lokalizazioa eta estutze-momentuen kontrola

 

EGA Solutions konpainia 2018aren hasieran sortu zen EGA Master enpresaren spin-off bezala. EGA Master-ek eskuko tresna industrialak fabrikatzen ditu, munduko 152 herrialdetara esportatzen du eta esportazio-jomuga gehien dituen Espainiako enpresa da. Egoitza Gasteizen duen EGA Solutions-ek, berriz, helburutzat dauka konponbideak eskaintzea produkzio-prozesuak eta prozesu horietako segurtasuna optimizatzeko. Konponbide horiei buruz mintzatu gara Ander Eguidazurekin, EGA Solutions-eko Business Development Managerrarekin.

 

Zer egiten duzue EGA Solutions-en?

Ingeniaritza bat gara eta “giltza eskuan” motako proiektuak egiten ditugu produkzio-prozesuak eta euren segurtasuna optimizatzeko. Bezeroaren premiak aztertzen ditugu eta teknologia desberdinak garatzen eta integratzen ditugu premia horiei erantzuteko. Hiru teknologiatan zentratzen gara:

lehenik, tresna eta inbentarioen kontrol-sistemak, FOD (Foreign Object Damage) delakoa saihesteko, hau da, material jakin batek ez dezan bukatu azpi-multzo batean. Arazo handia izan liteke, esaterako, aeronautika sektorean, hegazkinak aireratu egiten direlako. RFID teknologia eta ikusmen artifiziala baliatzen ditugu horretarako.

 

Bigarren konponbide bat ere badugu, barnealdeetarako lokalizazio-sistema bat, zeina lagungarri baita produkzio-fluxuak optimizatzeko, jakiteko aktiboak non dauden eta aktibo horiek zenbat denbora igarotzen duten produkzio-gunean, e.a. Denbora errealean datu errealak eskuratzea da kontua, horrela aktiboak eta pertsonak ere kudeatzeko. Adibidez, birfindegietan edo giro arriskutsuak dituzten enpresetan, pertsonak lokalizatuta izanez gero, abisu bat eman diezaiekezu arriskuren bat sortzen bada, eta hartara, ebakuazioa hobetu. Hori oso positiboa da.

 

Azkenik, estutze-momentuen kontrol-sistemak dauzkagu. Muntaia kritikoen kasuan (aeronautika sektorean, esaterako), estutze-momentuen konfigurazioa automatizatzen ari gara tresnetan eta datuak jasotzean (teknikariak egiten du lan hori); hala, erabateko trazagarritasuna daukagu, eta jakin dezakegu egin den lana bat datorrela enpresak ezarritako lan-, segurtasun- eta kalitate-jarraibideekin.

 

Aeronautika, eolika, Oil&Gas, burdinbide eta automozio sektoreekin lan egiten dugu gehienbat.

 

Eman zenezake teknologia horien aplikazio zehatzen adibideren bat?

Enpresa sortu zen Aernnova-rentzat egin genuen instalazio baten ondorioz; proiektu hartan 14 lan-estazio adimendun diseinatu, fabrikatu eta instalatu genituen Airbus A350 hegazkineko ateen muntaiarako. NFC txartel bat instalatzen zaie ateei eta, hala, gure lan-estazio adimendunetatik pasatzen direnean, ate modelo hori muntatzeko behar diren tresnak, lanabesak edo material kontsumigarriak dituzten apal eta armairuak bakarrik irekitzen dira. Horrela muntaiako akatsak desagertzen dira, bat ez etortzeak murrizten dira, eta, horrekin batera, kostuak gutxitzen dira.

 

Badugu tresnen kontrol-sistemen arloko beste kasu arrakastatsu bat, Airbus enpresarentzat garatu duguna, gorago aipatutako FODak saihesteko.

 

Beste kasu bat da ITP Aero enpresarentzat garatu dugun momentuaren kontrol-sistema, zeinaren bidez bermatzen dugun karkasa-azpimultzoen muntaketa enpresak definitutako lan-, kalitate- eta segurtasun-jarraibideen arabera egiten dela. Gainera, tresnei lokalizazio-sistema bat gehitzen diegu, horrela segurtatzeko teknikaria muntatu beharreko azpimultzoaren muntaketa egiten ari dela, eta ez beste bat. Horretarako, bi teknologia integratzen ditugu: momentuen kontrol-sistema eta lokalizazio-sistema.

 

Zeintzuk dira zuen konponbide teknologikoen abantaila garrantzitsuenak?

Merkatua prozesuak antolatzeko eta kudeatzeko modu berri bat eskatzen ari da, eta hori egiteko denbora errealeko datuak behar dira. Horixe da guk egiten duguna. EGA Solutions-eko lantaldeak eskarmentu handia du industria munduan, eta ezagutzen ditu teknologia garrantzitsuenak. Ez nioke 4.0 industria deituko, baizik eta 4.0 teknologiak. Teknologia horiek izugarrizko abiaduran eboluzionatzen ari dira eta guk horietako batzuk garatzen ditugu, hala nola, RFID edo ikusmen artifiziala.  Teknologien egoerak aztertzen ditugu, ikusteko nola egokitu ditzakegun oraingo nahiz etorkizuneko proiektuetara.

 

Konpainia handien interesaz harago, nolako harrera egiten diete ETEek zuen zerbitzuei?

Kontuan hartu behar da nolako premia duten eta zenbaterainoko apustua egin nahi duten eraginkortasunaren, optimizazioaren, segurtasunaren eta digitalizazioaren alde; baina, oro har, ETEak gero eta irekiago daude horrelako konponbideak aplikatzera, zeren merkatuan lehiakor izan nahi badute, ezinbestekoa baitute horrelako inbertsioak egitea. Orain arte egin dugun bi urte eta erdiko ibilbide honetan argi ikusi dugu joera asko aldatu dela horrelako inbertsioei dagokienez. ETEak prest daude horrelako konponbideak aztertzeko. Benetako premia bat badute, inbertituko dute. Horrelako inbertsioak beste modu batera kudeatu behar dira. Ez da makina berri bat erostea bezala, ez da aktibo batean eginiko inbertsio bat. Informatika, Kalitate eta Segurtasun arloek bat egin behar dute honetan, inbertsio handia delako eta kudeaketa-modua erabat aldatzen duelako.

 

Lan-jarduerari hainbat muga jarri behar izan zaizkio koronabirusaren ondorioz. Zuen konponbideek asko lagundu dezakete horretan, ezta?

Bai, adibidez, barnealdeetarako lokalizazio-sistema berdin erabili daiteke aktiboekin nahiz pertsonekin, eta aukera eman lezake gune bateko pertsona kopurua edo elkarren arteko distantzia kontrolatzeko. 20-40 zentimetro bitarteko zehaztasuna izan dezake. Egia esan, ez genukeen sekula pentsatuko aplikazio hori izan zezakeenik, baina balio dezake horretarako.

 

Zeintzuk dira EGA Solutions-en etorkizuneko erronkak?

Badauzkagu kasu arrakastatsu garrantzitsu batzuk, halere jaioberriak gara oraindik, eta ondorioz, gure helburuak dira enpresa zabaltzea eta sektore berrietara iristea. 4.0 teknologia berriak garatu beharko ditugu gure portfolioan sartzeko, eta sakonago landu beharko dugu erantzukidetasun soziala. Enpresa guztiok egin beharko genukeen zerbait da hori.

 

Lotutako albisteak

Ezarri  Mosaicos:  “Enpresa  baten  egunerokoa  lehiatzea,  ikertzea  eta  bezeroei  erantzunak  ematea  da”
20/02/2025 Berrikuntza

Ezarri Mosaicos: “Enpresa baten egunerokoa lehiatzea, ikertzea eta bezeroei erantzunak ematea da”

Gipuzkoako enpresaren beirazko diseinuak 100 herrialdetan baino gehiagotan daude, eta nazioarteko transakzioak haren negozio-zifraren % 70 dira

Begoña  San  Miguel:  “Oja-Remen  trokelen  diseinua  menderatzea  bilatzen  dugu  kalitatezko  piezak  prezio  lehiakorrean  eskaintzeko”
13/02/2025 Berrikuntza

Begoña San Miguel: “Oja-Remen trokelen diseinua menderatzea bilatzen dugu kalitatezko piezak prezio lehiakorrean eskaintzeko”

Ia 60 urteko ibilbidearekin, Gernikan sortu eta Zornotzan egoitza duen enpresak berrikuntza teknologikoaren eta dibertsifikazioaren alde egin du, estanpazio metalikoaren sektorean hazten jarraitzeko.

Naberan  Sareak:  “Hazinnovak  enpresan  pertsonen  arteko  harremanak  hobetzen  lagundu  digu”
30/01/2025 Berrikuntza

Naberan Sareak: “Hazinnovak enpresan pertsonen arteko harremanak hobetzen lagundu digu”

Gipuzkoako enpresak itsasorako arraste-sareak fabrikatzen ditu berrikuntza-elementu ugarirekin, artisau-lana eta teknologia aurreratua konbinatuz.

Arrosi:  “Surfeko  oholen  fabrikazioa  da  paper  kizkurtuaren  aplikazio  exotikoenetako  bat”
21/01/2025 Berrikuntza

Arrosi: “Surfeko oholen fabrikazioa da paper kizkurtuaren aplikazio exotikoenetako bat”

Elduainen dagoen enpresa honek lau hamarkada daramatza papergintzaren erreferentzia izaten

Zerbimek:  “Serie  laburren,  pieza  unitarioen  eta  prototipoen  mekanizazioan  espezializatzen  gara,  eta  hori  ez  da  ohikoa  sektorean”
20/01/2025 Berrikuntza

Zerbimek: “Serie laburren, pieza unitarioen eta prototipoen mekanizazioan espezializatzen gara, eta hori ez da ohikoa sektorean”

CNC mekanizazioan espezializatutako enpresak 'Prestakuntza Dualeko Gipuzkoako Enpresarik Onenaren' saria jaso du bere talentu gaztearen aldeko apustuagatik.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.