Elgar Works: automobilgintzako piezen egiaztapen automatiko berria garatzen ari den Arabako enpresa
Elgar Works Arabako Legutio herrian dagoen enpresa bat da, eta, langileek automobilgintzako piezak eskuz egiaztatu beharrean, modu automatizatuan egiaztatzen dituen proiektu berri bat sortu du. Modeloa prototipoa eraikitzeko fasean dago jada. SPRI Taldearenadimen artifizialeko programaren laguntza jaso du enpresak. Hain zuzen ere, programaren helburua da Euskadiko enpresen artean AAn oinarritutako proiektuak babestea.
Enpresa 2017an sortu zen, automobilgintzako piezak egiaztatzeko alorrean jarduteko asmoz. Zehazki, Elgar Works eratzeko ideia jatorriko konpainiako arduradunei bururatu zitzaien. Izan ere, jatorriko konpainia Transportes Ibarra da (Ibarra Logistika), Eibarren berrogeita hamarreko hamarkadan sorturiko familia-enpresa bat. Hirugarren belaunaldia lanean dabil dagoeneko, eta industriaren alorreko logistikan eta horniduran dihardute.
“Elgar Works automobilgintzako piezak berrikusi edo egiaztatzeko zerbitzuei begira eratu zen, bai eta pieza horiek paketatu, etiketatu eta berreskuratzeko zerbitzuei begira ere. Egiaztapen automatizaturik ez zegoela eta piezak eskuz berrikusten zirela ohartu ginen, aurreko mendean bezala ia-ia. Geuretzako eta beste batzuei laguntzeko aukera bat zela ikusi genuen” azaldu du Harkaitz Ibarrak, Elgar Workseko gerenteak.
Legutio eta Iruñeko instalazioetan, 40.000 pieza inguru berrikusten dituzte egunero, “begi hutsez, horrek dakartzan giza erroreak kontuan hartuta”. Horregatik, irtenbide automatizatu bat bilatzen hasi ziren. “Azoketara joan ginen, sektoreko enpresekin bildu ginen —adibidez, Bitmakersekin—… Baina ez ziguten irtenbiderik eman”.
Orduan, adimen artifiziala aplikatzeko aukera bururatu zitzaien, eta “Pixelabs enpresarekin harremanetan jarri ginen 2021ean. Metalezko piezetan akatsak detektatzeko irtenbide bat lantzen hasi ginen. Kudeaketarako softwarea garatu genuen, Chek, eta egiaztapen-algoritmo bat”.
I-verify plataforma
Proiektuak “emaitza optimoak izan ditu denborari eta erantzunari dagokienez”, eta I-verify deritzon plataforma batean probatu da jada. “Orain industria-ingurunerako prototipoa eraikitzen ari gara”.
Gaur egun, Elgar Worksen bezeroetako bat Cie Automotive enpresa da. “I-verify Ibarra Logistikan aplikatuko dugu lehenbizi, eta merkatuko beste enpresa batzuetan gero. Prototipoa baliozkotzen gabiltza orain, eta hil bukaeran amaituko dugu. Makina udaran egongo da martxan”.
Proiektu berritzaile horren bitartez, dozenaka mila langilek piezak begi hutsez berrikusteko arazoak konpon daitezke. “Gurean, 17 langile aritzen dira begi hutsez berrikusten”.
Elgar Worksen 23 langile daude, Legutioko eta Iruñeko instalazioetakoak baturik. Aurten, fakturazioa milioi bat eurora iritsiko da, eta I+G-a “ezinbestekoa zaigu. Gure baliabide guztiak horretara bideratzen ditugu”.
SPRI Taldearen adimen artifizialeko programaren laguntzak berrikuspen automatizatuko proiektu hori izan du xede, bere fase guztietan. “SPRIk emandako laguntza eskertu nahi dugu”.
Merkatura atera eta produktua euskal industriari eskaintzea dira erronkak, lehiakortasunaren mesedetan. “Elgarrek berrikuspen-enpresa bat izateari utzi behar dio, eta berrikuspen-zerbitzu bihurtu. Begi hutsezko berrikuspenean, adimen artifiziala hainbat sektoretan erabiltzen da; esate baterako, farmazia-industrian eta elikagaigintzan. Automobilgintzako piezetan ez dago behar bezala garatuta, ordea”.
SPRI Taldeak bere kanaletan euskal enpresei beren jardueraren berri emateko aukera eskaintzen die. Zure proiektua gure gaiekin (I+G+b, digitalizazioa, nazioartekotzea, ekintzailetza, berrikuntza…) lotuta badago, Zutaz mintzo gara ekimenean parte hartu dezakezu.
Lotutako albisteak

Sei euskal ikerketa-erakundek bat egin dute ITTHACAn zahartze osasuntsua sustatzeko
Elkartek programak finantzatutako proiektu honek biomarkatzaileak, iragarpen-ereduak eta osasunaren zuzeneko monitorizazioa erabiltzen ditu.

MEPRO Medical Reproductive Solutions, gizarte-helburu teknologia: ugalkortasun maskulinoa berritzen
Gure helburua osasun-profesionalei eta bikoteei antzutasunaren erronkei aurre egiteko tresna berritzaile, seguru eta eraginkorrak eskaintzea da

Tecoplasek plastiko teknikoen eraldaketan erreferentzia gisa sendotzea du helburu
Bizkaiko enpresak industria-sektorerako eta uren tratamenduko sektorerako lantzen du material hori, eta akuikultura- edo elikagaigintza-sektoreetan duen posizioa handitzea esploratzen ari da.

Aloka, profesionalen artean ikus-entzunezko materiala alokatzeko plataforma
Gipuzkoako startup-ak hainbat ekipo eskaintzen ditu, hala nola kamerak, grabagailuak, mikrofonoak, droneak. Mobile World Congress-eko 4YFN biltzarrean parte hartu zuen, SPRI Taldeak kudeatutako stand batekin, webgunea inbertsore eta bezero potentzialei aurkezteko.

Haizelur, nazioartekotzearen aldeko apustua egiten duen doitasun-mekanizazioaren arloko Debako ETEa
Enpresaren esportazioek SPRI Taldearen zibersegurtasuneko programaren dirulaguntza jaso dute eta negozioaren % 35era iritsi dira dagoeneko

GAIAk IKT sektorearen prestakuntza-beharren diagnostikoa egin du eta merkatuaren eskaerei erantzuteko prestakuntza-ibilbideak garatu ditu
GAIAk azpimarratu duenez, sektoreko eta gobernuko erakundeen, sozietate publikoen eta hezkuntza-sistemaren parte-hartzea funtsezkoa izan da azterlanari balio erantsia emateko

Metagra, mende erdiko berrikuntza automobilgintzarako hotzeko estanpazioan
Bergarako enpresa pieza konplexuen fabrikazioan sendotu da, jasangarritasunaren eta berrikuntzaren alde eginez.

Senvia Systems-ek beste enpresa batzuk gidatzen ditu haien sustapenean eta eraldaketa digitalean
Iaz sortutako enpresa gipuzkoarrak sistemetan, komunikazioetan eta zibersegurtasunean oinarritutako IT zerbitzuak eta aholkularitza eskaintzen ditu.

Jon Ander Egaña: “BASQUE FOOD CLUSTERrek elikadura euskal industriaren sektore estrategiko gisa kokatzea lortu du”
Elikatze-katearen euskal elkartea 150 enpresa eta erakunde baino gehiagoren lehiakortasuna hobetzeko lanean ari da, berrikuntzaren garapenarekin, lankidetza-proiektuekin eta teknologien integrazioarekin.

Siteco, 30 urte automatikoki ordaintzeko makinak ekoizten
Arabako enpresak administrazio publikoarekin eta ostalaritza sektorearekin egiten du lan, eta urteak daramatza nazioarteko merkatuan.