Ihardunaldiaren momentu bat.
Eraldaketa digitala
Albisteak 13 otsaila, 2018

Enpresa industrialetan estrategia digitala ezartzearen erronka

SPRI Taldeak antolatutako jardunaldi batean hizpide hartu dira negozioa Internet bidez handitzeko moduak

SPRI Taldeak antolatutako jardunaldi batean hizpide hartu dira negozioa Internet bidez handitzeko moduak.

Guillermo Villaroig adituak adierazi du enpresa txikiek abantaila dutela ezarpen digitalari dagokionean, “arinagoak direlako”.

 

Interneten etengabeko hazkundearekin web orriak funtsezko tresna bihurtu dira produktu industrialak saltzeko. SPRI Taldeak –enpresen garapenerako euskal agentziak- Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean antolatutako jardunaldi batean hizpide hartu da zer egin behar den enpresa industrialetan estrategia digitala merkataritza plan tradizionalarekin integratzeko.

 

Overalia enpresako Guiillermo Villaroig adituak esan du salmenta sail tradizionala eta marketin arloa deskoordinatuta daudela konpainia industrial askotan. Villaroigen arabera, bide digitalak aukerak handitzen ditu bezero berriak atzemateko eta bertako zein nazioarteko lehiakideen gainetik nabarmentzeko.

 

Adituak aipatu du Internet bidezko inpaktua eta salmenta-sare tradizionalaren inpaktua elkarrekin uztartu behar direla. “Kalitatezko trafikoa lortu behar da webean, ezagutzen ez gaituzten eta bezerotzat izan nahi ditugun pertsonekin konektatu nahi bada. Horretarako, oso garrantzitsuak dira eduki-planak, bilaketen eta gako-hitzen mapeatzean oinarritzen direnak. Baina inork ezin dizu bermatu ikusgarritasuna izango duzunik”.

 

“Egunero jasotzen dut e-posta bat, webeko bisita anonimoen berri ematen didana.  Informazio hortik abiatuta hasten zara gauzak aztertzen. Adibidez, ikusi dugu 2008an egin genuen blog batek trafikoa sortzen duela oraindik ere” esan du Guillermo Villaroigek.

 

Adituak azpimarratu du zein garrantzitsua den datuak gaizki ez erabiltzea, eta esan du aukera ugari daudela tarifak eguneratzen eta katalogoak berritzen aritzen diren enpresentzat. E-posta bidezko bidalketak egin beharrean, gomendatu die “onlineko plataformak erabiltzeko, doakoak edo oso merkeak direlako”.

 

Villaroigek esan du enpresei ez zaiela interesatzen beren web orrian trafiko handia izatea, “trafiko hori ez bada salmenta bihurtzen”.  Adibide bezala aipatu ditu estrategia digitalaren bidez negozioa handitu duten konpainia batzuk: Serrats enpresak offline bakarrik funtzionatzen zuen, baina onlineko lider izatera iritsi zen elikadura sektorean, web orrian jasotzen zituen bisitak %800 ugarituz; Recambios Viaweb-ek, autoen ordezko piezekin lan egiten zuen enpresa batek, milioi bat euroko fakturazioa izan zuen bederatzi hilabetean; eta paketatze sektoreko Raiformo enpresak %50 emendatu zituen bere salmentak. “Kasuen %90ean emaitza onak lortzen dira planari jarraituz gero”.

 

Zer gertatzen da plana eraginkorra ez denean? galdetu du Villaroigek. “Merkatua izugarri heldua da eta ikerketa-lan handia egin behar da, eta informazio horretatik abiatuta presentzia digitaleko plan bat prestatu, bertan zehaztuz nola neurtu eta optimizatu merkatua. Hori guztia daukagularik, marketina eta salmentak uztartu ditugularik eta enpresako zuzendaritzaren babesa dugularik, hurrengo urratsa da diseinua eta edukien kudeatzailea sortzea”.

 

Villaroigek orobat aipatu du badela estrategia digitala ezartzeko prozesuetan ohikoa den beste arazo bat, ez baita erraza enpresako pertsona egokiarekin kontaktatzea. “Ez dugu jakiten norengana jo” esan du. Bere ustez, enpresa txikiek abantaila dute ezarpen digitalari dagokionean, “arinagoak direlako”. Eta hauxe esan du: “Kontua ez da inpaktu asko edukitzea, baizik eta inpaktua izatea zure xede-publikoan”.

 

Lotutako albisteak

Elvira,  berrikuntza  eta  tradizioa  osagai  nagusi  dituen  istorio  gastronomikoa

Elvira, berrikuntza eta tradizioa osagai nagusi dituen istorio gastronomikoa

Harategi-urdaitegi txiki bat izatetik, gaur egun hamar establezimendu inguru ditu etxean egingo liratekeen moduan prestatutako produktuak saltzeko, online dendan ere saltzen direnak.

Egin  ezazu  prestakuntza-plana  zure  enpresan  Gaitasun  Digitalen  programarekin

Egin ezazu prestakuntza-plana zure enpresan Gaitasun Digitalen programarekin

«Gaitasun Digital Profesionalak» programaren edizio berriak 2 milioi euroraino igo du bere aurrekontua, euskal enpresen lehiakortasuna sustatzen jarraitzeko helburuarekin, langileen prestakuntza indartuz.

%  64  egin  dute  gora  Eusko  Jaurlaritzak  SPRIren  bitartez  antolatutako  IKT  arloko  prestakuntzara  joandakoek

% 64 egin dute gora Eusko Jaurlaritzak SPRIren bitartez antolatutako IKT arloko prestakuntzara joandakoek

Enpresa Digitala ekimena 3 lurraldeetako bost gune fisikotan eskaintzen da eta ireki den azkena Ezkerraldekoa izan da, Abantoko campusean

Irudi  B2B:  7  urte  marketin  digital  industriala  aztertzen  bere  blogaren  bidez

Irudi B2B: 7 urte marketin digital industriala aztertzen bere blogaren bidez

Bere blogaren helburua: ezagutza erabilgarria partekatzea, industriak kanal digitalaren potentziala ahalik eta gehien aprobetxa dezan.

Industria  Digitaleko  laguntzek  zure  negozioaren  eraldaketa  digitala  lortzeko  bidea  irekiko  dizute

Industria Digitaleko laguntzek zure negozioaren eraldaketa digitala lortzeko bidea irekiko dizute

Industria Digitala 2025 laguntza-programaren aurtengo edizioa martxoaren 18tik irekita, 7.5 milioi €-ko aurrekontuarekin. Euren negozioa digitalki eraldatu nahi duten enpresek urriaren 31era arte aurkez ditzakete euren eskaerak.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.