Errealitate birtualeko eskolekin eta ibilgailu elektrikoekin, autoeskolen etorkizuna Euskadira heldu da
Tawity izeneko start-upak errealitate birtualeko teknologia eta ikuspegi ekologikoa batu ditu autoeskolen kontzeptu berritzaile bat abiarazteko eta, horrela, sektoreko zerbitzu tradizionala eraldatzeko. Euskal konpainia berria, dagoeneko ikasleak gidabaimena eskuratzeko prozesuan dituena, DeustoKabi izeneko Deustuko campuseko enpresa-inkubagailuaren esparruan sortu da, gidatzeko prestakuntza gaur egungo teknologia eta behar berrietara egokitzeko helburuarekin. Proiektu honetan Miren Arriolaren eta Iñigo Gómez lanean ibili dira eta haien lanaren emaitza bideko prestakuntzan, mugikortasun jasangarrian eta errealitate birtualeko esperientzietan dauden soluzioen konbinazio bat da.
Tawityren berritasuna metodologian oinarritzen da: ibilgailuak % 100 elektrikoak dira, fase teorikoan errealitate birtualeko simulagailu batean klaseak ematen dira, eta ikus-entzunezko materiala erabiltzen da aurrez aurreko fase praktikoan. Ildo horretan, online eta streaming bidezko irakaskuntza-sistemak aukera ematen du edozein unetan klase teorikoetara sartzeko, unibertsitateko campusetik bertatik aurrez aurreko klaseak izateaz gain.
Errealitate birtualak erakutsi duenez, aplikazio ugari ditu prestakuntzaren esparruan. Kasu honetan, ikasleek ingurune seguru batean ikasten dute, benetako egoerak esperimentatzen dituzten auto batera igo aurretik. Horrela, prestakuntza praktikoan hasterako orduan, maila askoz altuagoa dute.
Tawity 2019an sortu zen eta joan-etorrien ingurumen-inpaktua ezabatzea du helburu bezala: batetik, ibilgailu % 100 elektrikoa duen lehen autoeskola delako, sortzaileek azpimarratu dutenez, eta, bestetik, bere publikoetako bat Deustuko Unibertsitateko ikasleak direlako, bertan baitago autoeskola, eta horrek lekualdatzeak murrizten ditu. Aldi berean, enpresak gidabaimena ateratzeak dakartzan kostuak murriztu nahi ditu, beharrezko klase praktikoen kopurua % 40an murriztuz.
Unibertsitatearen Bilboko kanpusean kokatuta daudenez, Tawityko arduradunek gidabaimena ateratzeko prozesuan ez ezik, etorkizunean ere lagundu nahi diete ikasleei, car-sharing zerbitzuak eta ordukako alokairua eskainiz, besteak beste. Etorkizunerako mugikortasun-aukerak dira hauek, eta erakunde publikoek eta enpresa pribatuek dagoeneko aztertzen ari dira, belaunaldi berrietan garraio pribatuaren erabileran gertatzen ari diren aldaketengatik eta trantsizio ekologikoaren ondoriozko beharrengatik.
Euskadin lortutako lehen turismo elektrikorako baimena
Otsailean hasi zituen klaseak start-up honek bere berrikuntza teknologikoekin. Urrutiko metodologiari esker, saio teorikoak eta praktiko birtualak ez dira gelditu Covid-19aren krisiaren ondorioz. Ekainean aurrez aurreko jarduera berreskuratu ondoren, ikasle batek Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren azterketa praktikoa gainditu zuen. Horrela, Euskadin auto elektriko batean gidabaimena lortzen duen lehena bihurtu zen, Deustuko Unibertsitatetik nabarmendu dutenez.
SPRI Taldeak euskal enpresen I+G bultzatzen du tresnekin, aktiboekin, laguntzekin, lantalde eta aliantzekin, ikerketa sustatzeko eta teknologia berriak sortzeko. Hori dena Elkartek, Emaitek edo Hazitek bezalako programen bidez lortzen da, eta horien informazioa hemen dago eskuragarri.
Lotutako albisteak

Einnek, bost urte etengabe eboluzionatzen sektore elektriko-elektronikoan
Pandemia betean jaio zen enpresak eraldaketa digitalaren aldeko apustua egin du hasieratik, sektorean bereizteko; bideojoko bat ere sortzen ari da, ingeniaritzako eta muntaiako barne-prestakuntza teknikoa iraultzeko.

Enpresa industrialen eta industria adimendunean espezialistak diren enpresa digitalen arteko elkarlana erraztuko du SPRI Taldeak
Enpresen Networkinga 2025 - Smart Industry kongresuaren 8. edizioa egingo dute martxoaren 26an, Bilbon, eraldaketa digitalari laguntzeko

Logistikari buruz Euskadin egiten den kongresuaren hirugarren edizioa egingo dute BECen
Azoka da iparraldeko eremuan packagingaren, logistikaren eta garraioaren sektoreak biltzen dituen azoka bakarra

Segundu bakoitzak kontatzen du. Ziurtatu zure erreskatea ResQaRrekin
Erreskate-orria formatu digitalean: larrialdi ekipoak, erreskatea modu seguruan egin ahal izateko, behar diren ibilgailuko elementuei buruzko infomazio zehatza eta azkarra.

Flexix, 75 urteko historia berrikuntza aldarrikatzen
Enpresa bizkaitarrak ez ditu alde batera uzten joera eta teknologia berriak, balioa handitzeko, egokitzeko, prozesuak hobetzeko eta energia berdea bezalako sektoreetara dibertsifikatzeko.