Euskal enpresek aukera izango dute fabrikazio aurreratura bideratutako Europako berrikuntza-tresna berriak ezagutzeko
Euskal enpresek urriaren 22an egingo den jardunaldi telematiko batean ezagutuko dituzte fabrikazio aurreratuaren arloko berrikuntza bultzatzeko Europako politika berriak. Onlineko ekitaldi horretan Europako Manumix proiektuaren emaitzak aurkeztuko dira. Eusko Jaurlaritzak lideratutako programa hori azken lau urteotan garatu da Euskadin, Lituanian, Piamonten eta Galesen, helburutzat harturik fabrikazio aurreratuaren sektoreko berrikuntza hobetzea.
Jardunaldiko (zabalik dago izena emateko epea) protagonista izango da Maurizio Gattiglio, Europan manufaktura-industriaren eraldaketa bultzatzen duen Manufuture-ES´s plataforma teknologikoko Goi-mailako Taldeko presidentea. Berak aurkeztuko ditu Europako industria suspertzeko giltzarriak eta Manumix proiektuaren nondik norakoak.
Europako programa horrek milioi bat euroko aurrekontua izan du, eta lantaldean elkarrekin aritu dira Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentzia, Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutua, Galeseko gobernua eta Mosta eta Finpiemonte agentzia publikoak (Lituania eta Piamonteko gobernuen menpeko erakundeak).
Partzuergo horrek modu integratuan aztertu ditu industria adimendunaren arloko eskualde mailako ekimen publikoak, euren arteko elkarreragina hobetu eta bikoiztasunak saihesteko. Hala, hainbat hobekuntza inplementatu dituzte I+G+B sustatzeko programa garrantzitsu batzuetan. Zaintza sistema tradizionalez harago, analisi honen bidez azalera atera dira finantzaketa programa desberdinen arteko sinergiak eta gainjartzeak. Eta horrek aukera emango du etorkizunean inbertsioak hobeto diseinatu eta kudeatzeko, eta ondorioz, haien inpaktua handitzeko.
Programa hau, gainera, bereziki garrantzitsua da, fabrikazio adimendunera bideratutako inbertsioetan zentratzen delako. Fabrikazio adimendunak garapen potentzial handia du eta dagoeneko funtsezko elementu bilakatu da oro har Europako industrian eta bereziki Euskadikoan. Zehazki, Eustat-en 2018ko datuen arabera, % 21,1eko ekarpena egiten dio Euskadiko BPGari.
Gainera, 4.0 Industria da Eusko Jaurlaritzak diseinatutako espezializazio adimenduneko politikan (RIS3) nabarmendutako arlo interesgarrietako bat. Jaurlaritzak (Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bitartez) aktiboki parte hartu du proiektu honetan, aukera emango diolako hobekuntzak abiarazteko berrikuntzari laguntzeko programetan eta bidea erraztuko duelako Euskadi sektoreko puntako eskualdeen artean kokatzeko.
Euskadin aplikatu diren hobekuntzak
Euskadin “Manumix Interreg Europe” proiektuari esker aplikatu diren hobekuntzen artean, aipatzekoak dira 2021-2030 aldirako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren monitorizazio-sistemetan egindakoak, Gauzatu Industria programetan eginikoak (industrian berrikuntzak sartzeko inbertsio programak) eta Hazitek programako proiektu estrategiko bereziak bultzatzeko egin direnak (biak SPRI Taldeak kudeatuak).
Programa honen bi faseetan zehar egin diren lanak eta haien emaitza zehatzak hilaren 22ko jardunaldian aurkeztuko dira, eta ekitaldia streaming bidez jarraitu ahal izango da Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzatik.
Lotutako albisteak

Elvira, berrikuntza eta tradizioa osagai nagusi dituen istorio gastronomikoa
Harategi-urdaitegi txiki bat izatetik, gaur egun hamar establezimendu inguru ditu etxean egingo liratekeen moduan prestatutako produktuak saltzeko, online dendan ere saltzen direnak.

Lorra, lau hamarkada inguru Bizkaiko nekazaritzako elikagaien kooperatibismoaren funtsezko zutabe gisa
Gaur egun, erakundearen lehentasuna zahartutako sektore honetako erretiroak ordezkatzea da, belaunaldi-erreleboaren bidez.

Egin ezazu prestakuntza-plana zure enpresan Gaitasun Digitalen programarekin
«Gaitasun Digital Profesionalak» programaren edizio berriak 2 milioi euroraino igo du bere aurrekontua, euskal enpresen lehiakortasuna sustatzen jarraitzeko helburuarekin, langileen prestakuntza indartuz.

NudgeXperience Bilbon: CX eta Portaera Zientzien ekitaldia
Zuzendariei eta gerenteei, Cx-eko arduradunei eta berrikuntza eta marketineko profesionalei zuzendua

Innobideak Prestakuntza prestatu zure lantaldea balioan lehiatzeko eta ez prezioan
Euskadiko ETEen % 60k berrikuntzaren alde egiten du, baina gehienek kostua murrizteko edo kalitatea hobetzeko egiten dute eta ez dute benetako abantaila lehiakorra sortzen merkatuan. Alabaina, berrikuntza ez da etorkizunean mantentzeko tresna soila, etorkizunean liderra izateko estrategia baizik. Horretarako, gakoa teknologia ez ezik, pertsonak, estrategia eta egokitzeko gaitasuna ere badira.