Filtra tu búsqueda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 17 otsaila, 2021 Azpiegiturak Eraldaketa digitala EIKTak Sprilur

Euskaltel Fundazioak Azkoitiko Ugarte Industrialdea aukeratu du etorkizuneko proiektuetarako kokaleku estrategiko gisa

Azkoitiko Ugarte Industrialdeko 400 m²-ko pabilioi eta 65 m²-ko bulego batean Euskaltel Fundazioa arestian kokatu da, egin duten apustu estrategikoa, etorkizuneko ekintza-ildo berriei ekiteko.

Euskaltel Fundazioak Azkoitiko Ugarte Industrialdera eraman du bere Gamegune 2020 txapelketa. Urola eskualdeko (Gipuzkoa) industrialde hori aitzindaria da ingurumenaren berreskurapenari eta garapen jasangarriari dagokionez.

Sprilur-ek (SPRI Taldea eta Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila), Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Urola Erdia eskualdeko udalek partaidetutako Urolako Industrialdea, S.A.k kudeatzen du Ugarte industrialdea, non pabilioi industrialez osatutako bi eraikin, bulegoen eraikin bat eta lurzoru industrial urbanizatuko hainbat lursail baitaude ETEentzat. Une honetan 336 langile enplegatzen dituzten 18 enpresa daude kokatuta industrialde horretan.

Elkarrizketa honetan Euskaltel Fundazioko zuzendari Sabino San Vicentek xeheki azaltzen digu garatu nahi dituzten gizarte-, teknologi- eta enpresa-intereseko ekintzen nondik norakoak eta baita ere Azkoitiko Ugarte Industrialdean kokatzeko egin duten apustu estrategikoa, etorkizuneko ekintza-ildo berriei ekiteko.

 


 

2020aren amaiera aldera, Euskaltel Fundazioak Azkoitiko Ugarte Industrialdean instalatu zuen Gamegune topaketaren operazio-base nagusia. Zergatik aukeratu zenuten kokaleku hori Gamegune ekimenaren egoitza gisa? Zeintzuk dira Azkoitiko espazio eta ingurune honen abantaila edo/eta ezaugarri bereziak?

Pandemia dela eta, aldatu egin behar izan ditugu orain arte antolatu ditugun ekitaldi presentzialen formatua eta gauzak egiteko moduak berrasmatu ditugu.

 

Gune bat behar genuen antolatzaile batzuk elkartzeko onlineko formatuan egiten ari ginen ekitaldietarako, eta gune horrek behar besteko konektagarritasun-bermeak (10 Gbps simetrikoko abiadura Euskaltel-en zuntzarekin) eta segurtasuna eskaini behar zizkigun indarrean dagoen Covid-aren aurkako araudia inplementatzeko.

 

Azkoitiko Ugarte Industrialdeko instalazioak apustu estrategiko bat bilakatu dira Euskaltel Fundazioarentzat. Lehen aldiz, primeran hornitutako espazio propio bat izango dugu streaming bidez emititzen diren programak egiteko eta onlineko txapelketak antolatzeko. Lekua aukeratzeko orduan garrantzi handia eman diogu kokapenari eta instalazio modernoei.

 

Zenbateko azalera du Euskaltel Fundazioak Ugarte Industrialdean eta nolako jarduera edo proiektuak garatzen dituzue instalazio horietan?

400 m²-ko pabilioi bat eta 65 m²-ko bulego bat dauzkagu, eta handik garatzen ditugun jarduerei dagokienez, gure epe ertaineko helburua da Gamegune txapelketen egoitzarako erabiltzea, eta baita ere laguntza emateko beste toki batzuetan antolatzen diren Encounter ekitaldiei.

 

Orobat erabili nahi dugu streaming bidez teknologia berriei buruzko prestakuntza eskaintzeko. Horri esker, gure ekipamendua eskaini ahal izango diegu gure teknologia eta laguntza behar duten hirugarrenen proiektuei.

 

2021era begira, egingo al da Gamegune txapelketaren edizio bat? Iaz egin zen txapelketarekin alderatuta, nabarmendu zenezake nobedaderen bat? Aurreikusten al duzue parte-hartze handiago bat, edo gehieneko bat, balizko edizio honetarako?

Hala da, bai, Gamegune txapelketaren hurrengo edizioa prestatzen ari gara 2021erako, baina oraindik ezin dugu nobedadeen berri eman. Gure helburua da afizionatuentzat interesgarriak diren txapelketa profesionalak antolatzen jarraitzea eta, horrela, gure inguruan gero eta indartsuagoa den industria hau bultzatzen jarraitzea.

Jolasak aukeratzean beti hartzen dugu kontuan parte-hartzaileen atzean dagoen komunitatea eta ekar lezaketen berrikuntza. Nahiz eta ekitaldi hau CounterStrike jolasarekin hasi, iaz Valorant aukeratu genuen ekitaldiko txapelketa nagusi izan zedin.

 

Euskaltelek 25 urtetik gora daramatza Euskadiko herritarren, enpresen eta oro har gizartearen komunikazio digital globala ahalbidetzen. Noiz eta zein helbururekin sortu zen Euskaltel Fundazioa?

Euskaltel Fundazioa duela 20 urte pasatuxe sortu zen, helburu honekin: tresna bat izatea Euskaltel gizartearekin, pertsonekin eta euren ideiekin konektatzeko. Bere misioa da pertsona, enpresa eta ekimenen arteko konexioa sortu eta sustatzea IKTen erabilpenaren testuinguruan.

Euskaltel Fundazioak hiru helburu estrategiko ditu: ikerketa, azterketa eta garapen teknologikoko jarduerak sustatzea; komunikazio eta informazio gizarte globalerako sarbidea ematea herritar guztiei; eta gizarteak IKTen inguruan duen prestakuntza kulturala zabaltzen laguntzea.

 

Erreferentziazko eta lehentasunezko zein kolektibori zuzentzen zaizkie Fundazioak planteatzen dituen ekintzak?

Euskaltel Fundazioaren ekintza gizarte osoari zuzentzen zaio, baina arreta berezia jartzen dugu gazteengan eta eten teknologikoaren ondorioak jasateko arriskua duten pertsonengan.  Bestalde, Euskaltel Fundazioak baditu profesional eta enpresentzako laguntza-ildo espezifikoak.  Aldi berean, azken urteotan askotariko prestakuntza eta kultur jarduerak babestu ditugu, eta horrexetan jarraitzeko asmoa dugu.

 

Aro digitalean jaiotako gazteak eta sare sozialen kontsumitzaile berriak “konkistaerrazagoak” al dira telekomunikazioen sektoreari lotutako enpresa batentzat? Gamegune eta EuskalEncounter dira gazteen kolektiboari zuzendutako ekintzen adibide argienak. Nola sortu ziren honelako topaketak eta nolako proiekzioa dute etorkizunean?

Asko interesatzen zaigu gazte guztiei laguntzea, batik bat etorkizunean izango dituzten lanpostu asko, oraindik existitu ere egiten ez direnak, teknologikoak direlako. Euskal Encounter Urretxun sortu zen duela 28 urte baino gehiago, teknologia berriekiko zaletasuna partekatu nahi zuen gazte talde baten eskutik. Gamegune ekitaldiak, berriz, 22 edizio bete ditu dagoeneko, eta eSport-etako profesional txapelketei tokia egiteko sortu zen. Azken 6 edizioetan erabateko autonomia izan du ekitaldi independente gisa, eta eSport jolasetako mundu mailako eliteak erakarri ditu.

 

Etorkizunera begira, gure helburua da bi ekitaldiek euren bidea egiten eta hazten jarraitzea, bai eduki aldetik eta baita ere jarraipen aldetik.  Ez ahaztu, bestalde, Bilboko Euskal Encounter ekitaldiarekin batera beste lanparty batzuk ere egiten ditugula urtero, besteak beste, Gipuzkoa Encounter, Araba Encounter, XGN R Encounter eta Technium R Encounter. Gamegune ekitaldiari dagokionez, iaz bi ekimen berri antolatu genituen, Gamegune Opens eta Gamegune Workshops.

 

Azkoitiko Ugarte Industrialdea – UROLAKO INDUSTRIALDEA, S.A.
ERREFERENTEA ENPRESAK BERRESKURATU ETA BALIOAN JARTZEKO INGURUMEN- ETA JASANGARRITASUN-EDUKI HANDIKO PROZESUETAN

 

Euskaltel Fundazioa arestian kokatu da Azkoitiko Ugarte Industrialdeko 400 m²-ko pabilioi eta 65 m²-ko bulego batean, printzipioz Gamegune 2020 topaketaren egoitza bezala, eta hori pizgarri bat izango da enpresen susperraldirako. Osagai teknologiko handiko jarduera izaki, gaming bideojokoen industria beraizik zuzentzen zaio potentzialki interesgarria den kolektibo sozial bati, eta sektore horrek hazkunde-tasa eta proiekzio ekonomiko handiak izan ditu azken hamarkadan.

Azkoitiko Ugarte Industrialdeak baldintza paregabeak eskaintzen ditu (espazioak, pabilioiak, bulego modularrak eta zerbitzu komunak) askotariko jarduera ekonomikoak garatzeko, bai industrialak, bai teknologikoak, eta baita ere tertziarioak eta zerbitzuetakoak. Espazio horiek abangoardiako diseinua eta ingurumen- eta jasangarritasun-osagai handia duen eraikin batean integratzen dira, enpresa-tradizio handiko ingurune batean.

Sprilur-ek (SPRI Taldea eta Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila), Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Urola Erdia eskualdeko udalek partaidetutako Urolako Industrialdea, S.A.k helburutzat du 100.000 m²-tik gorako azalerako espazio bat berreskuratzea Ugarte Industrialdean, erantzuna emateko euren jarduera ekonomikoak Urola eskualdean garatu nahi dituzten enpresen azalera-eskaera anitz eta zabalari.

Industrialde jasangarri baten eredu garbia dugu Ugarte, ingurumenaren kalitate parametroak errespetatuz eta abangoardiako arkitekturari jarraiki eraikia, eta enpresa ekimen eta jarduera gorakor berrietara egokitua. Ingurumen eta energia arloetako erakundeen parte-hartzea eta eragile publikoekiko lankidetza funtsezkoak izan dira industrialdeari energia berriztagarri fotovoltaikoaren sorkuntzan oinarritutako azpiegiturak emateko. Sprilur Taldeak garapen jasangarriaren alde egin duen apustu estrategikoa konstante bat izan da azken urteotan enpresa-guneen kudeaketan eta sustapenean.

Gainera, Urolako Industrialdeak finantzaketa-baldintza abantailatsuak eskaintzen ditu lokalak edo pabilioi modularrak behar dituzten enpresentzat. 2020aren amaieran abiarazitako StepUp Azkoitia ekimenak laguntza ematen die ez bakarrik ekimen ekintzaileei, baina baita ere enpresa sendoetatik ateratzen diren proiektu edo negozio-ildo berriei. Euskaltel Fundazioa dugu Ugarten enpresa-proiekzioarekin instalatu den proiektu estrategiko teknologikoetako bat.

Lotutako albisteak

17 urria, 2024 Azpiegiturak
P4Q: “Garrantzitsua da lan-giroa parekidea dela senti dadin”
Irakurri gehiago
16 urria, 2024 Azpiegiturak
YOiD: “NANa eskuan eta sinatzeko boligrafoa duen erabiltzaile baten baliokide digitala gara”
Irakurri gehiago
Jorge García Betanzos, CEO de RUNNEA 11 iraila, 2024 Azpiegiturak
Runneak bere 10. urteurrena ospatuko du eta Awin Power 100ean aitortua izan da
Irakurri gehiago
23 abuztua, 2024 Azpiegiturak
Manex 4.0-HRE Automationek “Espezializazio estrategikoa” saria jaso du 2024 Toribio Echevarria sarietan
Irakurri gehiago
23 maiatza, 2024 Azpiegiturak
Euskadik etorkizuneko ibilgailua bultzatu du bere lehen Fabrikazio Aurreratuko Zentroarekin
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak