Eusko Jaurlaritzak 4,6 milioi euro bideratu ditu industrialde, enpresa-parke eta jarduera ekonomikoko guneetako Renove Planera
Helburua da industrialde eta jarduera ekonomikoko guneetako azpiegiturak eta lehiakortasuna hobetzeko laguntzak finantzatzea, horien kudeaketa integraletik
Eraginkortasun energetikoko eta energia berriztagarrietako, berrurbanizazioko, birsorkuntzako, errehabilitazioko eta gune publiko eta pribatuak hobetzeko jarduketak eta inbertsioak bultzatuko dira
Plana udalei eta beste toki-administrazio batzuei, jabe-erkidegoei, enpresaburuen elkarteei, banakako edo elkarlaneko enpresei zuzentzen zaie
Eusko Jaurlaritzak Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren agindua onetsi du; horren bidez, “EAEko jarduera ekonomikoko guneetako, enpresa-parkeetako eta industrialdeetako Renove Plana” izeneko programa arautzen da. 4,6 milioi euro bideratuko dira, industrialde eta jarduera ekonomikoko guneetako azpiegiturak eta lehiakortasuna hobetzeko laguntzak finantzatzera, horien kudeaketa integraletik.
Eusko Jaurlaritzak, Renove Plan honen bidez, EAEko jarduera ekonomikoko guneetako, enpresa-parkeetako eta industrialdeetako efizientzia energetikoko eta energia berriztagarrietako jarduketa eta inbertsioak bultzatu nahi ditu, eta berrurbanizazioko, birsorkuntzako, errehabilitazioko eta urbanizazio publiko eta pribatuko guneen hobekuntzako proiektu eta jarduketak exekutatu. Hala adierazi du gaur Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak Zuatzu enpresa parkean eginiko aurkezpenean. Sailburuarekin batera izan dira Javier Zarraonandia Industria sailburuordea, Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusia eta Alex Arriola SPRIko zuzendari nagusi eta Sprilurreko presidentea.
Euskadik jarduera ekonomikorako lurzoruaren eskaintza oso heterogeneoa du; hainbat egoera ditu, bai zehaztapenari dagokionez, bai ezaugarriei dagokienez. Azken urteotako egoera ekonomikoa dela eta, nabe eta orube hutsak daude. Horrek narriadura-itxura ematen du eta, ondorioz, alde batetik, bertan dauden enpresen lehiakortasuna zailtzen da eta, bestetik, bertan hutsik dauden espazioetan jarduera berriak jartzea ere zailtzen da.
Egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak, enpresa-eremuan sustatutako plan estrategikoen esparruan, eta industria-garapeneko estrategia integrala garatzeko, inbertsio publikoko ildo hau sortu du, jarduketa jakin, zehatz eta finalista batzuetarako, industrialde, enpresa-parke eta jarduera ekonomikoko guneetan diruz lagundu daitezkeen jarduketak egiten dituzten udalei eta beste toki-administrazio batzuei, jabe-erkidegoei, enpresaburuen elkarteei, banakako edo elkarlaneko enpresei zuzentzen zaizkien jarduera ekonomikoko espazio horietan.
Helburua anitza da. Alde batetik, espazioen ezaugarriak hobetu nahi dira eta horiek erakargarriago egin; gainera, exekutatutako obren bidez, krisi ekonomikoak gehien zigortu duen sektoreetako baten tokiko enpresa txiki eta mikroenpresen egitura berraktibatu nahi da eta, horretarako, industria-lurzorura eraman hiri-egituretara zabaltzen ari diren errehabilitazioko politika aktiboak. Eta, azkenik, enpresa-elkartea eta administrazioaren eta enpresen arteko elkarlana sustatu nahi da, jarduera ekonomikoko arloen kudeaketan eta hobekuntzan.
Programa honen helburuari eskainitako baliabide ekonomikoak –4,6 milioi euro–, hurrenez hurren, eta diruz lagundu daitekeen jardueraren arabera, horretarako Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) gaitutako kredituetatik –1,5 milioi– eta Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SA-k (SPRI) gaitutakotik –3,1 milioi– etorriko dira. Sprilurren lana izango da eskaintzen diren baliabide hauek guztiak kudeatzea.
Laguntzen deialdi publikoa egingo dute, urtero, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) eta Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SA-k (SPRI).
Deialdi horietan, bakoitzak bere eremuan, diruz lagundu daitezkeen jarduerak, gastuak eta laguntzen zenbatekoak, aurkeztu beharreko dokumentazioa, eskabideak aurkezteko epea, lekua eta modua, likidazio-prozedura, ordainketa eta justifikazioa zehaztuko dira. Betiere, deialdiei dagokien ekitaldian gehienez emango den laguntzen zenbatekoa ezarri beharko da, bai eta hari lotutako gainerako gertakariak ere.
Lotutako albisteak

Elvira, berrikuntza eta tradizioa osagai nagusi dituen istorio gastronomikoa
Harategi-urdaitegi txiki bat izatetik, gaur egun hamar establezimendu inguru ditu etxean egingo liratekeen moduan prestatutako produktuak saltzeko, online dendan ere saltzen direnak.

Lorra, lau hamarkada inguru Bizkaiko nekazaritzako elikagaien kooperatibismoaren funtsezko zutabe gisa
Gaur egun, erakundearen lehentasuna zahartutako sektore honetako erretiroak ordezkatzea da, belaunaldi-erreleboaren bidez.

Egin ezazu prestakuntza-plana zure enpresan Gaitasun Digitalen programarekin
«Gaitasun Digital Profesionalak» programaren edizio berriak 2 milioi euroraino igo du bere aurrekontua, euskal enpresen lehiakortasuna sustatzen jarraitzeko helburuarekin, langileen prestakuntza indartuz.

NudgeXperience Bilbon: CX eta Portaera Zientzien ekitaldia
Zuzendariei eta gerenteei, Cx-eko arduradunei eta berrikuntza eta marketineko profesionalei zuzendua

Innobideak Prestakuntza prestatu zure lantaldea balioan lehiatzeko eta ez prezioan
Euskadiko ETEen % 60k berrikuntzaren alde egiten du, baina gehienek kostua murrizteko edo kalitatea hobetzeko egiten dute eta ez dute benetako abantaila lehiakorra sortzen merkatuan. Alabaina, berrikuntza ez da etorkizunean mantentzeko tresna soila, etorkizunean liderra izateko estrategia baizik. Horretarako, gakoa teknologia ez ezik, pertsonak, estrategia eta egokitzeko gaitasuna ere badira.