Eusko Jaurlaritzak gonbit egin die enpresa handiei BIND 4.0 programa arrakastatsuan parte har dezaten
Bilbon egindako jardunaldi batean ezagutarazi dira startup-ak nazioartean azeleratzeko ekimen publiko-pribatu honen ezaugarriak eta abantailak
“Guk sei hilabeteko nobiotzak sortzen ditugu, eta esperientziak diosku harreman horiek ezkontzan bukatzen direla normalean”, azpimarratu du Aitor Urzelaik, Ekintzailetza Saileko zuzendariak
Asteazken honetan Eusko Jaurlaritzak gonbit egin die Euskadiko enpresa trakziogileei (250 langile baino gehiago dituztenei) parte har dezaten BIND 4.0 programa arrakastatsuan, hots, startup-ak nazioartean azeleratzeko ekimen publiko-pribatuan. SPRI Taldeak Bilbon duen egoitzan eginiko jardunaldian, Aitor Urzelaik, Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazio Gizarte Saileko zuzendariak, xeheki azaldu ditu programaren ezaugarriak konpainia handietako zuzendaritza-karguen aurrean.
Urzelaik azaldu du BIND izena “hitz-joko bat dela, termino bakarrean uztartzen dituena Basque Industry estrategiaren izena –helburutzat daukana euskal industria digitalizatzea– eta ingelesezko to bind aditza, konektatzea alegia, enpresa trakziogileak eta startup-ak konektatzen baititu”. Gogorarazi du dagoeneko 40 enpresa trakziogilek hartzen dutela parte ekimen honetan, zeina duela hiru urte sortu baitzen bi arrazoi nagusirengatik. “Startup asko ditugu inkubazio-prozesuan eta ikusi genuen gero eta enpresa gehiago zeudela interesatuta startup-ekin. Bestalde, Eusko Jaurlaritzatik babesten genituen startup-ek esaten ziguten laguntzak ondo zeudela, baina gehiago interesatzen zitzaiela ateak irekitzea lehenengo bezeroekin”.
BIND 4.0 ekimenaren helburua da –gaineratu du– enpresa handien eraldaketa digitala bultzatzea startup-ekin garatutako lankidetzaren bitartez, ekintzaile horiek azeleratuz eta nazioarteko talentua erakarriz.
Ekintzailetzako zuzendariak programaren ezaugarriak argitu ditu eta esan du 6 hilabete irauten duela, urtarriletik ekainera. “Lan-espazioak eskaintzen ditugu dohainik eta baita ere zerbitzu teknologikoak –dohainik nahiz ordainduta–, startup-ei aholkuak ematen dizkieten tutoreen zerbitzuak (Amazon eta Microsoft bezalako enpresak eta bertakoak ere bai), prestakuntza-pilulak, networking saioak atzerriko startup-entzat batik bat, laguntza ekonomikoak…”.
Ekimenaren abantaila handiak azpimarratu ditu. “Ona da enpresa handientzat, aukera ematen dizuelako berritzeko eta hobetzeko, eta ona da, batez ere, startup-entzat. Eta gainerako azelerazio-programek ez dute eskaintzen hori”.
40 enpresak eta 44 proiektuak
Urzelaik gogorarazi du lehen edizioan 15 enpresa handik hartu zutela parte eta 16 proiektu jarri zirela martxan. Hirugarren edizio honetan 40 enpresa kolaboratzaile daude eta 44 proiektu sortu dira. Laugarren ediziorako jadanik zabalik dago epea enpresa trakziogileek izena eman dezaten www.bind.com webgunean, martxoaren 31ra arte.
Hautaketa-prozesua uztailean hasiko da hautagaitzak jasotzeko deialdiarekin, zeina irailaren 6an amaituko baita. Hortxe hasiko da enpresak hautatzeko fasea, Eusko Jaurlaritzak egingo duen lehen galbahearekin, eta urrian astebeteko lan-saio trinko bat egingo da finalistak aukeratzeko, proiektuak zehaztuta egon daitezen Gabonetarako.
“Guk sei hilabeteko nobiotzak sortzen ditugu, eta esperientziak diosku harreman horiek ezkontzan bukatzen direla normalean. Hirukoteak ere sortzen dira, bi enpresa trakziogilek bat egiten dutenean startup bakar bat kontratatzeko”.
Aitor Urzelaik esan du enpresa handiek hainbat baldintza bete behar dituztela programan sartzeko: “guztiz seguru egon behar dute startup-ekin lan egin nahi dutela” eta erabateko dedikazioa eskaini behar diete antolatzen diren jarduerei, aurkezpenetatik hasi eta aukeraketetara nahiz bilera informatiboetara.
“Diru pixka bat inbertitu behar da, gutxieneko kontratu bat egin behar zaio startup bati eta 25.000€ jarri behar dira. Kontratuak 50.000€ ingurukoak izaten dira, batez beste. Gehi denbora eta konpromiso apur bat”.
Jardunaldian izan dira Sener eta Batz enpresa trakziogileak, bi urte daramatzatenak BIND 4.0 programan. Azpimarratu dute ekimen honek aukera ematen diela lehen iritsi ezin zituzten startup-ekin lan egiteko eta 4.0 teknologiak ezagutzeko, bai eta harremanak sortzeko beste konpainia handi batzuekin ere.
Lotutako albisteak

Wake Up! Resumen de noticias emprendedoras en la Red
Euskadiko talentu ekintzaile guztia. Wake up! -ek komunikabide eta sareko blog desberdinek argitaratutako albisteen hautaketa txiki bat egunero partekatzen du Linkedinen: ideiak, proiektuak, negozioak, startupak, enpresak etab.

Martxoaren 13an: ‘Venture on the Road’ ekimenak proiektu teknologiko berritzaileak sustatuko ditu Bilbon
Potentziala duen IKT proiektu bat duzu eta sektoreko jendearekin konektatu nahi duzu? Ez galdu aukera hau.

Einnek, bost urte etengabe eboluzionatzen sektore elektriko-elektronikoan
Pandemia betean jaio zen enpresak eraldaketa digitalaren aldeko apustua egin du hasieratik, sektorean bereizteko; bideojoko bat ere sortzen ari da, ingeniaritzako eta muntaiako barne-prestakuntza teknikoa iraultzeko.

Enpresa industrialen eta industria adimendunean espezialistak diren enpresa digitalen arteko elkarlana erraztuko du SPRI Taldeak
Enpresen Networkinga 2025 - Smart Industry kongresuaren 8. edizioa egingo dute martxoaren 26an, Bilbon, eraldaketa digitalari laguntzeko

Mikel Jauregi: “Eusko Jaurlaritzari dagokiola Euskadiko enpresei segurtasuna eta ziurtasuna eskaintzea”
Sailburuak "enplegua eta aberastasuna sortzeko Euskadiko enpresek egiten duten lana" balioan jarri du, enpresari eta ekintzaileen figurari prestigioa emateko beharra aldarrikatuz