Filtra tu búsqueda



Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 23 maiatza, 2023 Ekintzailetza Eraldaketa digitala Up Euskadi Adimen artifizial aplikatua programa Start up

3 milioiko laguntzak euskal enpresetan adimen artifizialeko proiektuak garatzeko

Programa honek laguntzak ematen dizkie enpresei Adimen Artifiziala aplikatzeko Deep Learning, robotika edo enpresen automatizazioa bezalako arloetan, aukera izan dezaten euren lehiakortasuna bultzatzeko eta merkatuan duten posizionamendua hobetzeko. Eskaerak egiteko epea zabalik egongo da 2023ko maiatzaren 23tik urriaren 5era.

Dagoeneko eskatu daitezke Adimen Artifizial Aplikaturako laguntzak, Eusko Jaurlaritzak urtero SPRI Taldearen bidez eskaintzen dituenak. Programa honen bidez posible duzu itzuli beharrik gabeko dirulaguntza bat jasotzea zure adimen artifizialeko proiektuaren gastu eta inbertsioen % 50 ordaintzeko.

 

Adimen artifiziala, enpresen eraldaketa digitalaren giltza

Eskaerak egiteko epea zabalik egongo da 2023ko maiatzaren 23tik urriaren 5era.

Adimen Artifiziala (AA) oinarrizko diziplina bilakatu da, eta eragin sakona du gizarte eta ekonomia berrietarantz hasi dugun trantsizio azkar honetan. Iraultza teknologiko horrek aurrera egingo badu, euskal enpresek estrategikoki integratu behar dute AA euren ikerketa, garapen teknologiko eta berrikuntza prozesuetan, irabazi ekonomiko eta sozialak sortzeko gure herriarentzat.

Euskal enpresek erronka handiak dituzte, eta horretarako datuen eta adimen artifizialaren erabilera eskalatu beharko dute beren balio-kate osoan. Erronka garrantzitsuenetako batzuk dira lehiakortasuna bultzatzea, prozesu industrialak automatizatu eta optimizatuz, jasangarritasuna hobetzea, energia eraginkortasuna hobetuz, eta ikuspegi berriak txertatzea osasun tratamenduetan eta zaintza lanetan.

Testuinguru horretan, euskal enpresek aprobetxatu egin behar dituzte adimen artifizialak eskaintzen dizkien aukerak. AAn oinarritutako konponbideak estrategikoki inplementatuz, gai izango dira euren eraginkortasun operatiboa hobetzeko, erabakiak hartzeko prozesuak optimizatzeko eta hazkunderako aukera berriak zabaltzeko. Gainera, inpaktu positiboa izango dute gizartean, bizi-kalitatea hobetuz, jasangarritasuna sustatuz eta euren hondar aletxoa jarriz Euskadiren aurrerapen teknologikoan.

Eusko Jaurlaritzaren eta SPRI Taldearen iritziz, premia estrategiko bat da Adimen Artifizialeko teknikak txertatzea enpresa-sarean. Helburu horrexekin plazaratu da Adimen Artifizial Aplikaturako Laguntza Programaren edizio berri hau. Ekimen honen helburua da enpresek Adimen Artifizialean oinarritutako konponbideak txerta ditzatela, finantza laguntzak eskainiz horrelako teknologiak inplementatu eta euren operazio zein emaitzetan onura ukigarriak eskuratu nahi dituzten enpresei. Aukera hau aprobetxatu nahi baduzu, dagoeneko aurkeztu dezakezu zure eskaera.

Laguntza honekin finantzatu ditzakezun 5 AA teknologia

Adimen artifizialeko proiektuetarako laguntza honen bidez, bultzada bat eman diezaiokezu zure negozioari AA teknologia aurreratuak aplikatuz, zeintzuei esker gai izango baitzara zure produkzioko gaitasunak hobetzeko, prozesuak optimizatzeko eta erabaki informatuagoak hartzeko.

  1. Ikaskuntza automatikoa (Machine Learning): Teknologia honen bidez zure enpresaren datuetan ezkutatuta dauden patroi eta joerak identifikatuko dituzu, eta gai izango zara etorkizuneko eskaera aurreikusteko, produkzioko botila-lepoak identifikatzeko edo etor daitezkeen arazoei aurrea hartzeko.
  2. Ikusmen artifiziala: Ikusmen-sistemak erabili ahal izango dituzu produktuak edo osagaia automatikoki ikuskatzeko eta akatsak edo anomaliak denbora errealean detektatzeko. Horrek lagunduko dizu zure produktuaren kalitatea hobetzen, produkzioko kostuak murrizten eta akats garestiak saihesten. Baita ere erabil dezakezu zure produkzio-lerroko produktuen fluxua arakatu eta optimizatzeko.
  3. Prozesuen automatizazioa: Posible duzu AA erabiltzea produkzioko prozesu batzuk automatizatzeko. Adibidez, robot edo beso robotikoek zeregin errepikakor edo arriskutsuak egin ditzakete, eraginkortasuna hobetuz eta giza akatsen arriskua murriztuz. AA konputagailu bidezko ikusizko sistemekin konbinatzean, posible da orobat prozesu kritikoak automatizatzea, esaterako, kalitatearen kontrola.
  4. Mantenimendu prediktiboa: Posible duzu AA erabiltzea makineria eta ekipoen mantenimenduan, bai akatsak prebenitzeko, eta baita ere planifikatu gabeko jarduerarik gabeko denbora-tarteak murrizteko. Adibidez, sentsoreak eta datuen denbora errealeko analisia baliatu ditzakezu zure ekipoen errendimendua monitorizatzeko eta higaduraren seinale goiztiarrak edo matxurak detektatzeko.
  5. Programazioaren eta logistikaren optimizazioa: AAko algoritmo aurreratuak lagungarri dira produkzioaren programazioa optimizatzeko, gai baitira zehazteko zein den momentu onena zenbait zeregin egiteko edo produkzioa egokitzeko uneko eskaeraren arabera. Gainera, gauza dira logistika optimizatzeko, produktuen garraiorako ibilbide eraginkorrenak finkatuz edo inbentarioa kudeatuz.

 

Euskal enpresek dagoeneko erabiltzen dute AA

AAk potentzial handia dauka sektore askotan

Azken urteotan, euskal enpresa gero eta gehiagok aitortu dute Adimen Artifizialaren (AA) potentziala, eta asko inbertitu dute teknologia honetan gure laguntza programari esker. Enpresa horiek emaitza bikainak lortu dituzte euren prozesu nahiz operazioetan AA aplikatu ondoren. Ikuspegi berritzaile horri esker, euskal enpresa asko lider bilakatu dira euren sektoreetan, eta lehiakorrago egin dira bai Estatuan eta bai nazioartean.

Laburbilduz, AAk potentzial handia dauka sektore askotan, eta teknologia hori aplikatzeak abantaila esanguratsuak sor ditzake eraginkortasunean, zehaztasunean, pertsonalizazioan, datuetan oinarritutako erabakiak hartzeko orduan, etab.

Adimen Artifizial aplikatuko proiektuetarako laguntzak

Hauxe da unea adimen artifizialaren indar eraldatzailea aprobetxatzeko zure proiektuetan! Eskatu adimen artifizialeko proiektuak garatzeko eskaintzen dugun laguntza; proiektuaren gastu eta inbertsioen % 50erainoko dirulaguntza emango dizugu 100.000 €-ko mugarekin.

Laguntza horri esker, ekintzaile, autonomo edo enpresek finantza babesa izango dute adimen artifiziala aplikatzeko behar diren hardware eta software espezializatuak erosteko. Gainera, dirulaguntzaren barruan sartzen dira beharrezko aholkularitza eta ingeniaritza zerbitzuak, proiektuak arrakasta izan dezan.

Aukera paregabea da zure ideia berritzaileak bultzatu eta hurrengo mailara eramateko. Ez itxaron gehiago, eskatu gure laguntza urriaren 5a baino lehen!

Lotutako albisteak

POLYKEY 17 abendua, 2024 Ekintzailetza
Polykey-k soluzio polimerikoak eskaintzen ditu etorkizun jasangarriago baterako
Irakurri gehiago
Wake Up Euskadi 13 abendua, 2024 Ekintzailetza
Wake Up! Albiste ekintzaile batzuk sarean
Irakurri gehiago
11 abendua, 2024 Ekintzailetza
Aglaya Virtualek mundu birtualak demokratizatzen ditu mota guztietako konpainia eta enpresentzat
Irakurri gehiago
Bilbao Slush 11 abendua, 2024 Ekintzailetza
Bilbao Slush’D 2025: Deskubritu, konektatu eta hazi
Irakurri gehiago
10 abendua, 2024 Ekintzailetza
Ironsys, segurtasun aurreratua eta automatizazio industriala eskaintzen dituen ingeniaritza
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak