Bilboko konpainiak garatutako dronak 40 kiloko karga garraiatu dezake
Egoitza Parisen duen UVS International elkartean era desberdinetako aparatuen urruneko gidaritzarekin lotutako enpresak biltzen dira. Elkarte horrek dagoeneko detektatu ditu dronekin garatu daitezkeen 430 erabilpen desberdin: bideo grabaketak, zehaztasuneko nekazaritza, ingurumenaren babesa, segurtasuna, azpiegituren ikuskapena edo logistikako lanak. Azken hiru horiek (segurtasuna, eraikinen ikuskapena eta logistika) hertsiki lotuta daude 4.0 Industria kontzeptuarekin.
Dronen sektoreak badu gainditu gabeko ikasgai bat: araudia. 2017ko abenduaren 30ean dronen erabilpenari buruzko Errege Dekretu berri bat onartu zen, zeinak baimena ematen baitzuen horrelako aparatuak hegaldatzeko ordura arte debekatuta zeuden hainbat gunetan, baina, halere, hegaldi eskaerak tramitatzeko eta onartzeko prozesuak motelegiak dira oraindik, eta hori eragozpen bat da enpresa espezializatuentzat zerbitzuak emateko orduan. Dronak enpresa da muga legal horien ondorioak jasan dituen konpainietako bat. Duela 3 urte sortu zen Bilbon, eta apustu irmoa egin du dronak teknologia bideratzaile gisa erabiltzeko industrian eta energian. Enpresako zuzendari nagusi Fabia Silvarekin hitz egin dugu.
Nolako aplikazioak izan ditzakete dronek industrian?
Industriako gauza asko ordezkatu daitezke dronekin. Adibidez, posible da arriskua desagerraraztea makina astunekin egiten diren zeregin askotan edo gizakiek egiten dituzten eta osasunarentzat arriskutsu izan daitezkeen jardunetan, esaterako, eraikinak ikuskatzeko azpiegituretara igotzea eskatzen duten lanetan. Ikuskapen horiek azkarrago egiten dira dronekin, eta gainera posible dugu ikustea zer gertatzen den iristeko zailak diren espazioetan. Bestalde, ingurune industrialetan posible da lehen ahalegin handiz egiten ziren hainbat zeregin automatizatzea eta horrela produkzio katearen emaitza hobetzea. Adibidez, objektuak edo piezak tokiz aldatzeko edo lokalizatzeko erabil daitezke. Gure kasuan, Brasilen badugu logistikarekin lotutako proiektu bat. Karga-portu batean oso biltegi-espazio txikia zuten zamalanetarako eta ezin zituzten garabiak erabili irisgarritasun arazoengatik. Aztertzen ari gara zeregin horiek dronekin egin ote daitezkeen. Gure ustez logistikan dago sektorearen etorkizuna.
Badirudi logistika dronentzako negozio-nitxo bihurtu dela. Zer iruditzen zaizkizu Amazon bezalako enpresen proposamenak?, hau da, dronak erabiltzea paketeak etxera eramateko?
Gaur egun, konplikatu samarra da. Dronek ezin dute x denboran ibili, aparatuak kontrolatzeko irrati-frekuentzia mugengatik eta baterien iraupenagatik. Bi inkognita horiek argitzen direnean, posible izango da. Etorkizuneko smart city-en arkitektoak dagoeneko hasi dira esaten etxeen teilatuak erabil daitezkeela dronak lurreratzeko heliportu gisa. Denbora kontua baino ez da, laster hasiko gara hiriak horretarako prestatzen. Baina urte batzuk pasako dira oraindik, gaur egun ia ezinezkoa baita araudiagatik, irrati-frekuentziengatik eta bateriengatik.
Nolako harrera egiten dizuete bezero industrialek zuen zerbitzuak eskaintzen dizkiezuenean?
Bezero batengana goazenean, bi erronka gainditu behar izaten ditugu. Lehenengoa da bezeroak ez dituela ezagutzen dronaren gaitasunak edo ez dakiela oso ongi zer den dron bat. Heziketa-lana egin behar dugu, uler dezaten nolako zerbitzua erosiko duten. Bigarrena da azaltzea drona hegaldatzea gure zerbitzuen %10a baino ez dela. Hori egin baino lehen, dokumentazioa bildu beharra dago, dokumentu horiek kudeatu eta baimenak eskatu. Gero probako hegaldia egin behar da, irudiak editatu, post-produkzio lana egin eta txosten bat entregatu. Beraz, hegaldia gure lanaren %10a baino ez da, eta jende askok ez daki hori.
Zeintzuk dira dronen aplikazioan interesatutako sektoreak?
Material arriskutsuak erabiltzen dituzten industriak dira interesatuenak, esaterako, birfindegiak eta industria eolikoa. Dronek era guztietako ikuskapenak egin ditzakete, langileen segurtasuna arriskuan jarri gabe. Horrela, enpresek asko aurrezten dute kostuetan eta lanaren arriskua askoz txikiagoa da. Bada gure zerbitzuak eskatzen dituen beste sektore bat, azpiegitura eta eraikinen ikuskapenarena alegia. Dronei esker, langileek ez dute eraikinetara igo beharrik, horrek berekin dakarren arriskua desagerraraziz. Hirugarrenentzako zerbitzuak emateaz gain, Dronak enpresan badugu AESAren baimena dronen pilotajeari buruzko prestakuntza emateko, eta lan bertikalak egiten dituzten enpresetako langile asko izan ditugu ikasleen artean.
Zein da dronen etorkizuna?
Gure kasuan, eta logistika sektoreari begira, DNK X8 izeneko dron propio bat fabrikatu dugu, 40 kilorainoko kargak garraiatzeko. Segurtasun-sistema hirukoitz eta errepikakorra du, eta zortzi motor indartsu. Munduan ez dago horrelako dron bat duen enpresa askorik. Hasieran geuretzat bakarrik sortu genuen, baina ikusi dugu eskaera handia dagoela, eta baliteke gure ikuspegi komertziala aldatzea.
Bestalde, uste dugu dronen etorkizuna bere erabilpen-esparruetan dagoela. Adituak gara urrunetik gidatzen diren ibilgailuetan. Funtsean, dron bat gidatutako robot bat da, eta hegan egiteaz gain, gai da uretan eta lurrean mugitzeko. Teknologiari dagokionez, bateria eta irrati-frekuentzia gaitasunak handitu egingo dira eta dronak gero eta autonomoagoak izango dira. Adimen artifiziala, ikusmen artifiziala eta machine learning teknologiak aplikatuz, etorkizuneko dronak gai izango dira bere operatibari buruz gehiago ikasteko eta beren prestazioak hobetzeko. Ikusmen artifizialak aukera emango die beren ingurunea ezagutzeko eta istripuak saihesteko. Hori bai, araudia ere aldatu eta egokitu beharko dugu, teknologia hauei ahalik eta probetxu gehien ateratzeko.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?