Frontend teknologien munduko azken joerak Kaixoworld! topaketan
Jardunaldia martxoaren 27an egingo da Arrasaten
Kaixoworld! jardunaldia Frontend teknologiei buruzko foro bat da, aukera ematen duena ezagutzak partekatzeko, joera digital berriak deskubritzeko eta, batez ere, profesionalen arteko lankidetza-sareak sortzeko. Ekitaldia dohainik da, eta proiektuen garapenean lan egiten duten diziplina guztiei zuzenduta dago: hasi frontend garapen profiletatik eta maketaziotik eta, besteak beste, UI diseinatzaileetara, eta UX copy eta espezialistetara.
Kaixoworld! jardunaldian eskainiko diren lau hitzaldietan hizpide hartuko dira machine learning, irisgarritasunerako diseinua, proiektu digital baten garapen prozesua eta zibersegurtasunaren garrantzia. Asmoa da etengabeko prestakuntza sustatzea etengabe aldatzen ari den sektore batean, horretarako espreski antolatuz arlo desberdinetako profesionalen arteko hitzaldi informalak.
Datatons enpresako Inés Huertasek emango dio hasiera topaketari, Las posibilidades del machine learning en productos digitales hitzaldiarekin. Teknologia horiek baliagarri dira prozesuak hobetzeko eta zerbitzu berriak sortzeko. Datuen arloko zientzialari horrek azalduko du zein aukera eta aplikazio dauden ingurune industrialetan nahiz sozialetan. Produktu digitaletan espezializatutako Eusebio Reyero diseinatzailea izango da jardunaldiko hurrengo hizlaria, zeinak hizpide izango baitu ideia batetik amaierako zerbitzura edo produktura igarotzeko prozesua. Horretarako, Reyerok bertaratutako guztiekin partekatuko du hainbat startup eta enpresarekin proiektuak garatzean bildutako esperientzia.
Kaixoworld! topaketan izango da orobat Andoni Serrano, zeinak teknologien irisgarritasunari buruzko hitzaldi bat eskainiko baitu. Oro har, diseinua erabiltzaile profil generiko batera bideratzen da, baina horrek kanpoan uzten ditu premia espezifikoak dituzten pertsona asko. Halere, Serranok azalduko du hardwarea eta softwarea baliagarri izan daitezkeela teknologia pertsona guztiengana hurbiltzeko. Bukatzeko, Jesús Lizarragak, Mondragon Unibertsitateko Telematika arloko koordinatzaileak eskainiko du azken hitzaldia. Jesus Lizarraga irakasle eta ikerlaria gaur egungo eraso mota garrantzitsuenez mintzatuko da, eta halaber hizpide hartuko ditu eraso horiek saihesteko edo inpaktua minimizatzeko estrategia onenak.
Arrasateko Garaia Berrikuntza Gunean egingo da jardunaldia, datorren martxoaren 27an, SPRI Taldeak Garaia Enpresa Digitalaren bitartez antolatuta.
Lotutako albisteak

Elvira, berrikuntza eta tradizioa osagai nagusi dituen istorio gastronomikoa
Harategi-urdaitegi txiki bat izatetik, gaur egun hamar establezimendu inguru ditu etxean egingo liratekeen moduan prestatutako produktuak saltzeko, online dendan ere saltzen direnak.

Egin ezazu prestakuntza-plana zure enpresan Gaitasun Digitalen programarekin
«Gaitasun Digital Profesionalak» programaren edizio berriak 2 milioi euroraino igo du bere aurrekontua, euskal enpresen lehiakortasuna sustatzen jarraitzeko helburuarekin, langileen prestakuntza indartuz.

Connect Group, zentro teknologikoa Donostian duen multinazionala
Donostiako lantegiak SPRI Taldearen BDIH Konexio programaren laguntza jaso du, eta urtean bi milioi txartel elektroniko diseinatu eta fabrikatzen ditu

Eusko Jaurlaritzak Bikaintek programa zabaldu du enpresetan ikerlariak kontratatzea sustatzeko
2025erako planak 5,7 milioi euroko aurrekontua du eta urtean 60.000 euro bitarteko dirulaguntzak eskaintzen ditu kontratazio bakoitzarentzat

% 64 egin dute gora Eusko Jaurlaritzak SPRIren bitartez antolatutako IKT arloko prestakuntzara joandakoek
Enpresa Digitala ekimena 3 lurraldeetako bost gune fisikotan eskaintzen da eta ireki den azkena Ezkerraldekoa izan da, Abantoko campusean