Arabako enpresa hau topografia industrialeko, piezen kontrol dimentsionaleko eta simulazio birtualeko zerbitzuetan espezializatuta dago
Datu geo-kokatuek industria sektorean duten garrantziari buruz mintzatu gara Geograma enpresako Sergio Jorrín Abellán (Negozio Garapeneko zuzendaria) eta Juan Miguel Álvarezekin (Topografia Arloko Negozio Garapeneko zuzendaria). Konpainia horrek Gasteizen du bere egoitza nagusia, eta 600dik gora proiektu garatu ditu bere 21 urteko ibilbidean.
Zer egiten duzue Geograman?
Adimen geografikoko adituak gara. Enpresei laguntzen diegu jakiten non gertatzen diren gauzak, balioa sortuz informazio geografikotik abiatuta, hau da, geo-datuak ezagutza bihurtuz. Geo-kokapenak erraztasunak ematen ditu erabakiak hartzeko eta negozio-prozesuak optimizatzeko. Behin datu horiek eskuratu ondoren, piezen edo makinen biki digital bat eraiki dezakegu, zeina informazioz hornitzen baita Gauzen Internet (IoT), adimen artifiziala edo 5G bezalako teknologien zabalkundeari esker. Teknologia horiek aukera ematen digute enpresa bateko aktibo, pertsona eta makina guztiak sentsore geo-kokatu bihurtzeko eta informazio hori ustiatzeko ez bakarrik outdoor ingurune batean, baizik eta baita ere indoor mapping mailan, eta horrela, aukera dugu jakiteko zer gertatzen den espazio jakin batean. Geo-kokapena eraldaketa digitalaren palanka izango da industrian.
Nolako zerbitzuak eskaintzen dituzue 4.0 Industriaren arloan?
Geogramak eskaintzen dituen topografia industrialeko zerbitzuekin posible da espazio industrialak neurtzea, galdaketako piezen eta metalezko egituren dimentsioak kontrolatzea eta simulazio birtualak egitea, bai interferentziak aztertzeko, eta bai zatika fabrikatutako egituren muntaia-probak egiteko. 3D laser-eskaner teknologia erabiltzen dugu, puntu-lainoen tratamendurako tresna espezifikoekin. Horrela, posible dugu lantegi industrialak eta beren ekipo eta makina guztiak modelatzea simulazioak egiteko. Horretarako, aliantza bat daukagu Leica Geosystems enpresarekin; izan ere, topografia industrialeko zerbitzuak ematen dizkiogu enpresa horri.
Emango diguzue garatu duzuen proiekturen baten adibideren bat?
Dimentsioen kontrolari dagokionez, demagun adibidez enpresa batek errota eoliko baten abatza galdatu behar duela. Galdatutako pieza horrek neurri zehatz batzuk izan behar ditu. Galdaketa ez da perfektua eta, beraz, oso garrantzitsua da galdatutako pieza horren eta molde teorikoaren arteko aldeak zehaztea lodierak eta bestelako aldaketa batzuk egiaztatzeko. Hala, posible da piezaren mekanizatu-estrategia definitzea neurri egoki eta onargarriak izan ditzan eta bere funtzioa bete dezan errota eolikoan. Hain zuzen, hori da dimentsioen kontrola eta aldeen mapa bat egitea.
Espazio industrialei dagokienez, helburua da norbere lantegiaren xehetasun guztiak ezagutzea. Zure lantegiko aktiboak berrantolatu nahi badituzu, ongi ezagutu behar dituzu lantegiaren, azpiegituren, aktiboen eta makinen dimentsioak, mugitzeko eta behar bezala egokitzeko zure premietara eta daukazun espaziora. Puntu honetan, Azkoitiko Talleres Patri enpresa aipatu nahi genuke, aukera eman digulako bere lantegiaren neurketak egiteko: espazio osoa neurtu eta modelatu dugu eta espazioaren zein ekipamenduaren 3D ereduak sortu ditugu. Prozesu hori oso lagungarri izan zaigu mota honetako zerbitzuak fokalizatzeko.
Zer eskaintzen diote horrelako topografia zerbitzuek industria sektoreari?
Arlo desberdinetan laguntzen dugu. Batetik, lantegiko edo fabrikako espazioaren aprobetxamendua optimizatzen dugu, beti ere kontuan izanik egungo instalazioak eta etorkizunean proiektatuko direnak. Halaber, instalazioak okupatzen dituzten aktiboen kudeaketa hobetzen laguntzen dugu, fabrikatutako pieza eta egituren eta eredu teorikoen arteko aldeak kuantifikatuz. Bestalde, zatika fabrikatutako egituren muntaia simulatzen dugu. Orobat lagundu dezakegu azpiegitura edo muntaia-ildo handiagoak simulatuz, interferentziak aztertuz, eta fabrikatutako pieza eta egiturak, espazioak nahiz instalazioak modelatuz.
Logistikaren arloan, baita ere garatu duzue “azken miliako” garraiorako konponbide bat.
TESEO du izena eta helburutzat dauka hiriguneetako banaketa-ibilbideak optimizatzea. “Azken milia” delakoan kilometro gutxi egiten dira, baina zailtasun handiak daude: gehiegizko trafikoa, espazio gutxi zamalanetarako … eta kontuan hartu behar da Internet bidezko eskaera eta partikularrentzako pakete bidalketa handitzen ari direla.
TESEOri esker adimen artifizialeko teknikak, hots, machine learning algoritmoak aplikatu ditzakegu gure banatzaileengandik ikasteko, banaketa-eremuak eraginkortasunez banatzeko eta entrega-prozesuak hobetzeko.
COVID-19ak sortutako arazoen testuinguruan, nolako inpaktua izan dezakete zuen zerbitzuek gaitza desagerrarazteko hartu diren neurrien eragina minimizatzeko?
Ekarpen handia egiten ari gara koronabirusak eragin duen egoera honetan, gure produktuek aukera ematen baitie lantegietako ingeniariei espazio industrialaren banaketa hobetzeko eta egokitzeko lantegira joan beharrik gabe, hau da, telelanaren bitartez. Geogramak espazio industriala digitalizatzen du fabrika osoa eskaneatuz 3D laserrarekin, makina eta instalazio guztiak barne. Neurketa-prozesu hori egun bakarrean egiten du, kontakturik gabe eta produkzioa gelditu beharrik gabe. Zehaztasun milimetrikoz neurtutako puntu-laino batekin, espazioaren eta instalazioen 3D eredu bat egiten dugu. Eta 3D eredu horrekin, lantegiko ingeniariek espazio industriala berrantolatzeko edo muntaia-ildoak egokitzeko simulazioak egin ditzakete, horrela koronabirusaren ondoriozko distantzia soziala errespetatzeko, eta hori guztia lantegian konta ezin ahala neurketa egiten aritu beharrik gabe.
Halaber, gure hondar-aletxoa jarri nahi izan dugu “Calcula tu kilómetro” (https://apps.geoservicios.com/calculatukilometro/) webgunea abiaraziz. Esteka horretan kalkulatu daiteke noraino iristen den kilometro bateko erradioa edozein tokitatik, hau da, jakin dezagun nondik nora joan gaitezkeen paseatzera. Udalerrien mugak ere gehitu ditugu, jakiteko noraino iristen den gure herria.
Azkenik, gogora ekarri nahi nuke mapek bizitzak salbatzen dituztela, eta hori gauza jakina da. 1854an, John Snow-k mapa batean kokatu zituen Londresen gertatzen ziren kolera kasuak, eta gai izan zen gaixotasunaren jatorria zehazteko. Adimen geografikoa ere funtsezkoa izango da COVID-19aren aurkako borrokan.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?