Gipuzkoa Encounter topaketaren zaleek 15 segundotan bete dituzte plaza guztiak
- Hamabi urtez Tolosan burutu den ekimenaren ospea handituz doa eta izen- ematea gero eta denbora laburragoan egiten da urtetik urtera. Informatika-bilkura arrakastatsuan parte hartzeko 400 eserlekuak segundo gutxitan erreserbatu dituzte zaleek
- Aurtengo hitzorduak zibersegurtasuna izango du ardatz nagusi, arrisku informatikoak nola ekidin ikasteko doako hitzaldi eta tailerrak eskainiko baitira parte-hartzaile zein bisitarientzat
- Informatika-gaien eta teknologia berrien zaleen Gipuzkoako topaketa martxoaren 9 eta 11 bitartean egingo da, eta 600 parte-hartzaile elkartuko dira. Arte digitaleko, software libreko eta hardwareko txapelketak egingo dira, baita bideo-jokoak, hitzaldiak eta tailerrak ere, beste jardueren artean
- Euskaltel Konekta fundazioak antolatu du ekimena, Euskaltelen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Tolosako Udalaren laguntzarekin
12 urte beteko ditu aurten Gipuzkoa Encounter topaketak, inoiz baino egitarau erakargarriagoarekin, eta zaleek 15 segundo eskasetan erreserbatu dituzte parte-hartzaileentzako ordenagailu-postu guztiak, iaz bezala. Informatika-gaien eta teknologia berrien ehunka afizionatu elkarren artean lehiatu dute segundo gutxiren buruan 400 eserlekuetako bat eskuratzeko. Lortu ez dutenek sarean konektatu eta jarduera guztietan parte hartzeko aukera emango dien eguneko sarrera erosi ahal izango dute, edo Opengune eremu irekira bertaratu, bestela.
Izan ere, eserlekua erreserbatu dutenekin eta eguneko pasea eskuratzen dutenekin 600 parte-hartzaile jasoko dituen partyaren eremuaz gain, Opengunea irekia egongo da, aurten ere, bertaratu nahi duten guztientzat. Hor doako hitzaldiak egongo dira gai anitzen inguruan, arte digitaletik hasita droneen eraikuntzaraino. Aurten zibersegurtasunari buruzko hizketaldiak nagusi izango dira, enpresa txiki zein partikularrei zuzendutako informazioarekin.
Tailer eta hitzaldiez gain, martxoaren 9tik 11ra Tolosako Usabal kiroldegira gerturatzen direnek errealitate birtualaz zein droneen hegaldiaz gozatu ahal izango dute, baita azken teknologia-berrikuntzez ere. Opengunearen arrakasta nabaria izan da aurreko urteetan, joko, stand eta prestakuntza-tailerren gunean giro bikaina sortzen baitute ehunka bisitariek.
10 gigako konexio-abiadura
Euskaltelek Tolosako Usabal kiroldegian ezarriko duen sare informatikoak parte-hartzaileei segundoko 10 gigako konexio-abiadura emango die eta, horri esker, nabarmen gaindituko da etxeetako konexioen potentzia. Horrela, Estatuko informatika-topaketa azkarrenetarikoen artean kokatzen da Gipuzkoa Encounter.
Euskaltel Konekta fundazioak parte-hartzaileentzat antolaturiko ekintzen artean, arte digital, programazio, bideo-joko, software libre eta hardware txapelketak egingo dira, baita bertaratuen sormena pizteko eta elkar ezagutzeko aisialdi jarduerak ere. Elkarbizitza estu hori gauez ere gertatuko da, ehunka parte-hartzaileek kiroldegitik hiru minutura dagoen Laskorain ikastolan ezarritako literetan lo egingo baitute.
Euskaltel Konektak antolatutako partyaren laguntzaile dira Euskaltel, Tolosako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Ingurumeneko eta Lurralde Orekako departamentua, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura saila, SPRIren bitartez.
Lotutako albisteak

Elvira, berrikuntza eta tradizioa osagai nagusi dituen istorio gastronomikoa
Harategi-urdaitegi txiki bat izatetik, gaur egun hamar establezimendu inguru ditu etxean egingo liratekeen moduan prestatutako produktuak saltzeko, online dendan ere saltzen direnak.

Egin ezazu prestakuntza-plana zure enpresan Gaitasun Digitalen programarekin
«Gaitasun Digital Profesionalak» programaren edizio berriak 2 milioi euroraino igo du bere aurrekontua, euskal enpresen lehiakortasuna sustatzen jarraitzeko helburuarekin, langileen prestakuntza indartuz.

Connect Group, zentro teknologikoa Donostian duen multinazionala
Donostiako lantegiak SPRI Taldearen BDIH Konexio programaren laguntza jaso du, eta urtean bi milioi txartel elektroniko diseinatu eta fabrikatzen ditu

Eusko Jaurlaritzak Bikaintek programa zabaldu du enpresetan ikerlariak kontratatzea sustatzeko
2025erako planak 5,7 milioi euroko aurrekontua du eta urtean 60.000 euro bitarteko dirulaguntzak eskaintzen ditu kontratazio bakoitzarentzat

% 64 egin dute gora Eusko Jaurlaritzak SPRIren bitartez antolatutako IKT arloko prestakuntzara joandakoek
Enpresa Digitala ekimena 3 lurraldeetako bost gune fisikotan eskaintzen da eta ireki den azkena Ezkerraldekoa izan da, Abantoko campusean