“Gure asmoa da Euskadi eredu ekonomiko berrien erreferente izan dadila”
Iván del Caz de Diego, NESI Euskadi sareko idazkaritza teknikoko kidea
NESI (New Economy & Social Innovation) nazioarteko sare bat da, pertsonengan eta planetan zentratutako eredu ekonomiko berriak sustatzen dituena. Alternatiba horietako batzuk dira ekonomia zirkularra, ekonomia soziala eta solidarioa eta ekonomia kolaboratiboa. Euskadin NESI sarearen gune lokal bat sortu da Bikonsulting kooperatibaren ekimenez, elkarrekin biltzeko eredu berri horietan interesatutako antolakunde, enpresa eta erakunde guztiak.
Zer da NESI?
NESI sare bat da, Global Hub for the Common Good irabazi asmorik gabeko fundazioaren barruan dagoena. 2017an sortu zen, New Economy & Social Innovation foroa egin zenean Malagan. Ekitaldi hartan 43 herrialdetako 700dik gora pertsona batu ziren, eta orduantxe elkartu ziren lehenengoz mota desberdinetako eredu alternatiboak (ekonomia zirkularra, ongia komunaren ekonomia, ekonomia kolaboratiboa, finantza etikoak…), helburutzat hartuz topaguneak bilatzea eta elkarrekin lan egitea. Topaketa hartan idatzi zen Malagako Gutuna, eredu ekonomikoaren aldaketa sustatzeko helburuak jasotzen dituena.
Nola bultzatzen duzue eredu aldaketa hori NESI saretik?
Nazioartean NESI sarearen asmoa da ahaleginak batzea eta denen artean maila lokaleko nahiz globaleko proiektuak sortzea, pertsonengan eta planetan zentratutako eredu ekonomiko bat sustatzeko. NESIren zutabe nagusiak dira lankidetza, ezagutzaren eta beste toki batzuetan ongi funtzionatzen duten jardunbide egokien trukea eta proaktibotasuna, eta hori guztia ekimen zehatzetara eramaten du. Praktikan, horrek esan nahi du ekonomia berrien inguruko proiektuak garatzen dituela enpresekin, erakundeekin, tokiko garapen agentziekin… Era berean, eredu ekonomiko berriei buruzko prestakuntza sustatzen du unibertsitateetan, ikerketa garatzen du eta jardunbide egokiak zabaltzen ditu.
Helburu oso desberdinak dituzten eredu ekonomiko asko barne hartzen dituzue; badute ezaugarri komunik?
Eredu asko daude: ongia komunaren ekonomia, ekonomia soziala eta solidarioa, ekonomia zirkularra, funtzionaltasunaren ekonomia, ekonomia urdina, ekonomia feminista… Bakoitzak bere lehentasunak ditu, baina denek dute helburutzat bidea egitea pertsonengan eta planetaren zaintzan zentratutako ekonomia bat lortzeko. Une honetan, sekulako eredu anabasa dago, eta beharrezkoa da denen ahaleginak batzea. Adibidez, ekonomia zirkularra gehiago zentratzen da ingurumenarekiko erantzukizunean, eta ekonomia soziala, berriz, justizian eta gizakiaren duintasunean… Zergatik ez dute bat egiten elkarrekin lan egiteko, erreferentziatzat hartuz Garapen Sostengarrirako Helburuak?
Benetan uste duzue posible dela horrelako eredu ekonomikoak zabaltzea egungo merkatuko eredua ordezkatzeko?
Ia inork ez du zalantzan jartzen egungo eredua dagoeneko iritsi dela bere gailurrera. Ezin du bere burua sostengatu, okerreko irizpideetan oinarritzen delako: etengabeko hazkundea du ardatz baliabide finituak dituen planeta batean, eta moneta du irizpide nagusi, nahiz eta hori ez den onuragarria pertsonentzat. Beraz, eredu berri bat behar dugu garatzen jarraitzeko. BPGak ezin ditu neurtu herrialde bateko desberdintasun, demokrazia eta askatasun mailak. Kontuan hartu beharreko adierazle asko daude eta Europar Batasuna dagoeneko hasia da ekonomia alternatibo horien aldeko apustua egiten. Gertatzen ari den errealitate bat da, eta halaxe erakusten du joan den apirilaren 13an CESEren euskal ordezkaritzan aurkeztu zen Eredu Ekonomiko Sostengarri Berriei buruzko Europako Irizpenak.
Zer egiten duzue NESI Euskadin?
NESI Euskadi Euskadiko hainbat antolakunde, kolektibo eta pertsonaz osatutako sare bat da, eta sareko kideek ongia komunera bideratua dagoen eredu ekonomiko sostengarriago, bidezkoago eta berritzaileago bateranzko trantsizioan parte hartu nahi dute. Maila lokaleko proiektuak ko-sortu nahi ditugu proposamen zehatzekin, eta ahalegina egin Euskadi eredu ekonomiko berrien erreferente izan dadin. Gainera, NESI Euskadi urtean behin bilduko da beste herrialde batzuetako guneekin, hemen erreplikatu daitezkeen jardunbide egokiak ezagutzeko.
Zer eskaintzen die NESI Euskadik eredu horietan murgildu nahi duten antolakundeei?
Foro irekia gara, edozein enpresak, antolakundek edo pertsonak du tokia gure sarean. Aukera ematen diegu trantsizioan parte hartzeko eta enpresa-jarduna beste modu batean garatzeko, alegia, sostengarritasuna bilatuz arlo sozialean, ingurumen arloan eta arlo ekonomikoan, eta, antolakunde motaren arabera, baita ere kultur arloan. Enpresak lan egiteko modu berrietara irekitzen dira, eredu horiek aukera berriak dakartzatelako: negozio-ildo berriak, fabrikatzeko beste modu batzuk, langileekiko lan-harremanak, tokiko beste agente batzuekiko lankidetzak, e.a. Begirada klasikoarekin ikusi ezin diren garapen-aukerak dira, enpresa beste modu batean posizionatzeko bidea zabaltzen dutenak.
Lotutako albisteak

Surphasek merkatuan parekorik ez duen teknologia garatzen du eta gatzgabetzeko planten eraginkortasuna handitzea lortzen du
Donostiako ETEak, Europako Batzordearen 2,5 milioiko dirulaguntza lortuta, iragazkien egoera aurreikusten du denbora errealean; hala, geldialdi teknikoen % 60 murrizten du

Kimaiwi: “Gure proposamen teknologikoa balioztatzean eta nazioarteko turismo-industriaren aurrean proiektatzean zentratu gara”
Startup arabarrak online irtenbideak garatzen ditu turismo-sektorearentzat, eta hazkunde eta babes handia izan du bere bederatzi hilabeteko bizitzan.

IDDTEK: “Industriaren eta talentuaren arteko lotura gara”
Orain 20 urte Irene Rodríguez donostiarrak sortu zuen ETEa ingeniaritza arloko outsourcingean erreferentea da eta sektore estrategikoetan lan egiten duen talde sendoa eta proiektuak ditu abian.

NAW: “Gure abantaila lehiakorra 10 urte bitarteko kirol-oinetako minimalista eskaintzea da”
Silvia Echeverríak, NAWren sortzaileak, oinetako minimalistak postura-osasunean eta garapen biomekanikoan haurtzarotik helduarora arte nola eragin dezakeen azaltzen du.

Ezarri Mosaicos: “Enpresa baten egunerokoa lehiatzea, ikertzea eta bezeroei erantzunak ematea da”
Gipuzkoako enpresaren beirazko diseinuak 100 herrialdetan baino gehiagotan daude, eta nazioarteko transakzioak haren negozio-zifraren % 70 dira