Haizetek sendotzen ari da iragazte-sistema industrialen espezialista bezala
David Pérez de Burgosen istorioa inoren konturako beste hainbat profesionalen bezalakoa da, bat gehiago zorionez. Ia bi hamarkadaz aritu ondoren energiaren sektorean besteren kontura lanean, erabaki zuen hesia gainditu, bere kabuz lanean hasi eta konpainia bat sortzea. Proiektu hura 2019an abiatu zen eta Haizetek du izena. Energia-aholkularitza bat da, momentuz lau kidez osatua dagoena. Jundizko Enpresa Zentroan (Gasteiz) du egoitza eta bereziki espezializatu da edozein konpainia industrialentzat kritikoa den elementu batean, hau da, iragazte-sistemetan.
Zergatik egin zenuen jauzi hutsera eta erabaki zenuen enpresa bat sortzea?
Nire lankideek eta nik bagenuelako kezka bat; jakin nahi genuen zer gertatuko zatekeen erabakiko bagenu geure kabuz ekitea, eta gauzak guk nahi bezala egitea, beti enpresari men egin beharrik gabe…
Eta egon al zen halako klik bat, abiatzeko garaia zela erakutsi zizuena?
Bai, inflexio-puntu bat izan zen eta horrek erakutsi zigun iritsi zela garaia. Ohartzen zara profesionalki errotuta zaudela, nahiko egoera erosoan, baina urrats bat gehiago eman nahi duzula arrastoa uzteko eta gauzak beste era batera egiteko, zure erara alegia. Enpresa oso handietan normalean ezinezkoa da inertzietatik ihes egitea, eta horregatik, beste zerbait probatu nahi genuen.
Eta zein izan zen Haizetek sortzeko helburu nagusia?
Gure asmoa zen enpresen premia bat asetzea, hau da, iragazte-sistemaren kate-begi guztien azterketan espezializatutako zerbitzu tekniko bat eskaintzea, horretarako oinarritzat hartuz neurketako, monitorizazioko, mantenimenduko (prediktiboa, zehaztasunezkoa, zuzenketakoa) eta 4.0 Industriako teknika berritzaileenak.
Nola doazkizue gauzak?
Nahiko ondo, pandemia gorabehera une gozoan gaudela esan liteke. Enpresak ongi funtzionatzen du eta hazten ari da, batez ere mantenimenduaren arloan, eta horixe da gure nortasun ikur garrantzitsuenetako bat.
Beste zein arlotan eskaintzen diozue balioa sektore industrialari?
Azken urteetan sektorean metatu dugun esperientziari esker gai gara energiaren arloko auditoretzak eta ikuskapenak eskaintzeko eta garatzeko. Baina, zerbitzu espezializatu gehiago ere eskaintzen ditugu, hala nola mota desberdinetako mantenimendua (prediktiboa eta proaktiboa, prebentziozkoa, zuzenketakoa eta zehaztasunezkoa), indukziozko motor elektrikoen diagnostiko espezializatua eta beste hainbat.
Nola moldatzen da ETE sortu berri bat sektore hain heldu batean?
Gurea bezalako nitxoko jardueretan, negozioa bideragarria izan dadin produktuak espezializatua izan behar du eta txoko egoki bat bilatu behar zaio merkatuan. Gure kasuan, enpresak lotura estua du energiarekin eta ingurumenarekin, eta gero eta gehiago dira arlo horretan inbertitzen duten konpainiak.
Zure ustez industria-sarea kontzientziatuta dago? Ohartzen dira horrelako iragazte-sistemak inplementatu behar direla kanporatzen denak ahalik eta kalte gutxien eragin dezan ingurumenean?
Argi dago dena hobetu daitekeela, eta asko gainera, baina Arabako eta Euskadiko enpresa-sarearen abiapuntua positiboa da beste probintzia batzuekin alderatuta; hori ona da, Europak garrantzi handia ematen diolako ingurumen arloko politika eta araudi oso zorrotzak ezartzeari, eta goiz edo berandu enpresek derrigor bete beharko dituzte arau eta politika horiek.
Haizetek Covid-19aren pandemia lehertu aurreko hilabeteetan sortu zen. Hala ere, igurikapenak betetzen ari dira?
Betetzen ari dira, bai… Badirudi sektore industriala suspertzen ari dela pixkanaka, eta pandemiaren ondorioz inbertsioak murriztu diren arren, enpresetako mantenimendu-lanek erritmo berari eutsi diote. Arlo horretan prebentzio lan asko egin dugu, eta oraindik asko ari gara egiten.
Baduzu gomendiorik enpresa bat sortu nahi duen baina pausoa ematera ausartzen ez den norbaitentzat?
Nire esperientziatik abiatuta, esango nioke ondo landu dezala proiektua erabakia hartu baino lehen, partekatu dezala lagun eta aholkulariekin eta jar ditzala zenbakiak mahai gainean. Benetako zenbaki eta zifrak, hots, gordinak. Hortik aurrera, sena eta kemena behar da azken unera arte hortxe egongo diren beldur eta zalantza guztiak gainditzeko. “Banu”, “balego” eta “balitz” guztiak atzean uzteko. Benetan konbentzituta bazaude, ausartu eta arriskatu zaitez.
Lotutako albisteak

Isabel Urbano: “Novia Salcedo Fundazioarekin praktiketan dauden gazteen %60k kontratu bat lortzen dute”
Novia Salcedo Fundazioak 45 urte inguru eman ditu ikasketa-ingurunetik lan-mundurako trantsizioa errazten, prestakuntza praktiko ez-laboraleko programen bidez.

AIDTEC Solutions :“Ekintzaileak zaindu egin behar ditugu”
Nekazaritza jasangarriagoa lortzeko soluzioetan espezializatutako startuparen sortzaileetako bat da Izaskun Oribe

Marijo Pagalday (Mondragon Korporazioa): “Gure helburua balio kate osoa hartzen duen 360º digitalizazioa eskaintzea da”
Mondragon Korporazioko Ingeniaritza eta Zerbitzuen saila 9 kooperatiba autonomok osatzen dute, eta elkarrekin koordinatuta daude. Kooperatiba horiek 3.000 lanpostu inguru sortzen dituzte zuzenean, eta 300 milioi euroko fakturazioa dute.

Alex Rayón (Brain & Code): “Teknologia mugikorrekiko eta Adimen Artifizialarekiko elkarbizitza naturalizatu behar dugu”
Hezkuntza teknologiko irisgarria bultzatzen duen enpresako CEOak Digital Open Knowledge DOK jardunaldian parte hartu du. Bertan, eraldaketa digitala eta adimen artifiziala aldaketa-azeleragailu gisari buruz hitz egin du.

Elkarrizketa ‘glo910’-eko Ixone Elosegui eta Miren García-Chazarrari
"glo, logoan ikusten den bezala, 910 bezala ere irakur daiteke, 10 emakumetik 9k zelulitisa duelako, eta hortik dator markaren izena eta gure lehen gailua, glo910"