Filtra tu búsqueda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 2 ekaina, 2021 Ekintzailetza Eraldaketa digitala Industria adimenduna Smart Industry Programa Start up UP Euskadi

Imatek: konponbiderik ez duten arazoentzako konponbidea

Euskal ETEa espezializatuta dago IoT (Internet of Things) ekipoen bidez datu zehatzak lortzen, enpresek, pertsonek eta erakundeek erabaki egoki eta adimentsuak har ditzaten
Itziar Santxez.

 

Bizkaiko Zientzia eta Teknologi Parkeak ostatatzen du Imatek Advanced Technologies, Euskadin Gauzen Interneten (IoT) arloan erreferentziazkoa den ETEetako bat. ETE hori obsesionatuta dago -hitzaren zentzurik onenean- hiritarrak, ingurumena eta industria babesteko konponbide adimendunak lortzera bideratutako datuekin, gero konponbide horiekin erabaki egokiak hartzeko. Funtsean, helburua da konponbide bat eskaintzea konponbiderik ez duten arazoei. 2016an sortutako enpresa honek hamar langile ditu eta zabalkunde fase betean dago; bazkideak ditu ia Estatu osoan eta atzerrira begira jarri da, batik bat Estatu Batuetara, Kolonbiara, Mexikora, Brasilera, Mauritaniara eta Indiara, enpresako arduradun nagusi Itziar Santxezek SPRI Taldearentzat esan duen bezala.

 

Fisikari bat datu artean…

Edozein datu da magnitude fisiko bat, propietate fisikoak dituena, eta propietate horiek ulertu eta zorroztasun zientifikoz tratatu behar dira, gero informazio hori -demagun, adibidez, ingurumeneko airearen kalitatea- erauzi, interpretatu eta lainora zehaztasunez eramateko gai izango den IoT ekipo bat sortzeko. Ezagutza izatea ezinbestekoa da prozesu hori ongi eta zorroztasun zientifikoz egin ahal izateko.

 

Zergatik uste duzu irudimena ezagutza baino garrantzitsuagoa dela?                                                                                                                                

Esaldi hori ez da nirea. Albert Einsteinek esan zuen, eta erreferentzia bezala erabiltzen dut, erabat ados nagoelako. Zalantzarik gabe, garrantzitsua da ezagutza izatea, baina gure ezagutza mugatua da; ezagutzen dugunak (hitzaren errepikapena zilegi bada) edo aztertu eta ikasi ondoren ezagutu dezakegunak mugatzen du. Halere, ezezaguna den oro hipotesi bat baino ez da, frogatu egin behar da eta horretarako, hipotesiaren konponbidea bilatu behar da. Eta horretarakoxe daukagu irudimena, oso garrantzitsua baita patentedun produktu berriak merkaturatzeko, premia batentzat konponbiderik ez duzunean. Horretantxe gara adituak, konponbideak bilatzen ditugu konponbiderik ez duten arazo edo premientzat, eta konponbideak bilatzeko, aske uzten dugu irudimena eta ezagutza.

 

Hauxe esaten zuen Steve Jobsek: “mundua aldatu dezaketela pentsatzeko bezain erotuta dauden pertsonak dira mundua aldatzen dutenak”. Zu ere kolektibo horretakoa al zara?

Gustuko dut Jobsek erakusten zuen grina eta erabakitasuna existitzen ez ziren gauza berri eta desberdinak sortzeko, nahiz eta inork ez sinetsi horretan edo ez ikusi horretarako beharrik merkatuan. Berak argi zeukan bidea, eta horren alde egin zuen. Bisionario izugarria izan zen, eta eredu bat da mundua aldatzeko, eta munduarekin batera baita ere lan egiteko moduak eta hiritarren eguneroko bizitza errazteko moduak. Baina hori guztia ezinezkoa da pasiorik gabe. Enpresari batek pasioz egin behar du bere lana, bestela porrot egingo du eta. Imatek-ek ezin du mundua aldatu, baina gure hondar aletxoa jarriko dugu mundua zentzuz aldatu dadin orain eskura daukagun teknologia aurreratu guztiarekin.

 

Enpresari bezala zer eskaini nahi diozu gizarteari?

Pertsona eta hirien bizi-kalitatea eta ongizatea hobetu nahi dut gure ekarpenekin, hiritarrak, ingurumena eta industria babestuko dituzten konponbide adimentsuak martxan jarriz, segurtasun gehiago eta lehiakortasun handiagoa emateko.

 

Zer egiten duzue zehazki Imatek-en?

Euskal enpresa bat gara, proiektu berritzaileak garatzen dituena industriak, udalak eta gizartea munduarekin konektatzeko, eta horrela, aurrezten eta erabaki adimentsuak hartzen lagunduko dien informazio baliagarria emateko. Esperientzia handia dugu, eta esango nuke adituak garela Smart Cities eta Smart Industry lanetarako zehaztasun handiko IoT-ren (Internet of Things) diseinuan eta garapenean. Edozein magnitude fisiko (tenperatura, presioa) neurtzen dugu, datua irakurri eta interpretatzeko sortzen ditugun ekipo adimendunen bitartez. Gainera, ENACek egiaztatutako Entsegu Akustikoen Laborategi bat gara (akreditazio-zenbakia: 1327/LE2461); jardueren zarata neurtzen dugu (tabernak, hotelak, jatetxeak, dendak…) eta jarduera-lizentziak eman ahal izateko azterketa akustikoak egiten ditugu. Bestalde, zarata-mapak ere egiten ditugu industria eta udalentzat, eta ezagutza horri esker beste IoT konponbide berritzaile bat merkaturatu dugu. Noise Mobility Map du izena, patentatuta dago eta baliagarria da industrien nahiz udalerrien zarata-mapak egiteko, klik bakarrean eta denbora errealean. Konponbide horrek sekulako aurrezkia sortzen du instalatuta dagoen industria eta udaletan. Gainera, udalerriko mugikortasuna konbinatzen du zarataren datuekin, hiri-mugikortasun jasangarria lortzeko.

 

Ziurgabetasun eta ezegonkortasun une hauetan, zabalkunde fase betean zaudete, baina norantz zoazte, zein norabidetan?

Espainian eta nazioartean finkatzeko prozesuan murgilduta gaude. Gaur egun bazkideak ditugu Galizia, Sevilla, Granada, Almeria, Cádiz, Portugal, Bizkaia, Gipuzkoa eta Gasteizen, eta hemendik gutxira Madrileko bazkide berriak sartuko dira gure sarean. Nazioartean, berriz, merkatua irekitzen ari gara Kolonbia, Mexiko, Brasil eta Mauritanian.

 

Zergatik diozu zehaztasuna dela zuen arrakastaren giltza?

Gure lehen IoT ekipoen sorkuntzan zehaztasuna bilatu nahi izateak eman zigulako arrakasta. Quality Innovation Award Euskadi 2017 sariketa inflexio-puntu bat izan zen, zalantzarik gabe. Gero hurrengo bi edizioak ere irabazi genituen, eta finalista izan ginen nazioarteko sarietan. 2019an EPoSS Award saria (Sistema Adimendun Integratuen Europako Plataforma) irabazi ondoren, 2020an finalista izan ginen Euskalit-en, Kudeaketa Aurreratuko Klubeko Jardunbide Egokiak kategorian, krisi global bati erantzuteko egokitzapen azkarraren eta negozio-eredu berrien eredu bezala. Sari horiek eman dizkigute konponbide berritzaile erabat desberdinengatik. Berritzea ez da noizbehinkako aurkikuntza bat, baizik eta gure etengabeko jarreraren emaitza.

 

Nolakoa da Imatek-ek bikaintasuna lortzeko garatzen duen prozesua?

Konponbide integral baten sorkuntzak behar duen ziklo osoa garatzen dugu: datua jasotzen duen IoT ekipoaren garapena (hardwarea+elektronika), programazioa, datuaren igorketa lainora, eta datu hori ustiatzeko eta bistaratzeko web plataformaren garapena, araudia betetzen dela ziurtatzen duten txostenak barne. 1.000 sentsore desberdin baino gehiago eskaintzen ditugu, konponbide desberdinekin eta erabiltzaileak konfiguratu dezakeen plataforma ireki batekin, zeinak erabateko independentzia ematen baitio erabiltzaileari nahi duena egiteko: sinoptikoak, grafikoak, 2D eta 3D mapak, Dashboard-ak, txostenak, alarmak eta jakinarazpenak. Oinarritzat hartzen ditugu, besteak beste, algoritmo prediktiboak, datuen analitika, eta ekintza adimendunen prozesamendua eta kudeaketa denbora errealean, batik bat industriei eta udalei zuzenduta.

 

Datua da urre berria…

Daturik gabe ez dago informaziorik, eta informazio gabe ezin da hartu erabakirik. Horregatik, erabaki egoki eta adimentsuak hartu ahal izateko, ezinbestekoa da datu zehatzak izatea. Guretzat horregatik da hain garrantzitsua zehaztasunez lan egiten duten IoT ekipoak sortzea, hiriek eta industriek erabaki kritikoak hartu behar izaten dituztelako askotan. Adibidez, Bilbon badauzkagu zarata edo airearen kalitatea neurtzeko ekipoak, zehazki, auto, autobus eta abarren gas kutsatzaileen ondoriozko partikula esekiak eta hautsa neurtzen dituztenak.

 

Nola tratatu zaituzte pandemiak?

Pentsa zitekeena baino hobeto. Iaz, esaterako, hondartzetako edukiera kontrolatzeko sistema bat garatu genuen, 62 hondartza baino gehiagotan instalatu genuena. Sistema horri esker, herritarrek etxetik irten baino lehen jakin zezaketen hondartzan sartu ahal izango ziren ala ez, horrela kutsadurak saihesteko. Eta hasieran birusaren zabalkundea saihesteko konponbide bat zena, konponbide aurreratuago bat bihurtu zen (Smart Beach), zeinari esker erabiltzaileek klik bakarrean erabaki baitzezaketen zein hondartzatara joan, hainbat informazio kontuan hartuta: okupazioa, tenperatura, haizea, hezetasuna, eguzkiaren erradiazioa, aparkaleku libreak, e.a

 

Zuek bezala nazioarteko bokazioa duen enpresa batentzat zeintzuk dira uko egin ezinezko giltzarriak?

Zeri uko ez egin esan beharrean, nahiago dut gure balore indartsuenak aipatzea: jasangarritasuna, gogoa, abangoardia, berrikuntza eta zehaztasuna.

 

Aurreratu diezagukezu etorkizunerako duzuen proiekturen bat?

Lanean ari gara avatarrekin. Hau da, sentsoreak inplementatzen ditugu pertsona batengan, jakiteko zein mugimendu egiten dituen eta zein den bere osasun egoera. Avatar guztiz digitala da, neurtzen ditugun balore guztiak (arterietako tentsioa, tenperatura, bihotzaren erritmoa) gordetzen dituena, eta ibilbide luzea izan dezake osasun arloan. Bestalde, 17 GJHak (Garapen Jasangarriko Helburuak) lortzen laguntzeko konponbide berri bat garatzen ari gara, Munduko Itunari eta 2030 Agendari egiten dizkiogun ekarpenak aldatuko dituena. Beti goaz urrats bat aurretik.

Lotutako albisteak

Modfie 26 Azaroa, 2024 Ekintzailetza
Modfie: aktoreen, modeloen eta figuranteen ‘marketplace-a’
Irakurri gehiago
GLO910 13 Azaroa, 2024 Ekintzailetza
Elkarrizketa ‘glo910’-eko Ixone Elosegui eta Miren García-Chazarrari
Irakurri gehiago
José Luis López de Ciordia. Urberri 16 urria, 2024 Ekintzailetza
Zure negozioaren webguneak Interneten arrakasta izateko behar duen guztia eskaintzen dizu UrBerrik
Irakurri gehiago
Jorge García Betanzos, CEO de RUNNEA 11 iraila, 2024 Azpiegiturak
Runneak bere 10. urteurrena ospatuko du eta Awin Power 100ean aitortua izan da
Irakurri gehiago
25 ekaina, 2024 Ekintzailetza
Vrainhax: “Min iraunkorra duten pazienteak tratatzen ditugu, haien bizi-kalitatea errealitate birtualaren bidez hobetzeko”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak