Filtra tu búsqueda



Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 30 iraila, 2019 Ekintzailetza Eraldaketa digitala Industria adimenduna Smart Industry Programa Start up UP Euskadi

Immersiak datuen bistaratze aurreratua duten biki digitalen lan egiten du

Konpainia donostiarrak fabrikazio-prozesuen erreplika digitalarekin uztartzen ditu bistaratze interaktiboa duten makinak, errealitate birtuala eta areagotua tarteko

Konpainia donostiarrak fabrikazio-prozesuen erreplika digitalarekin uztartzen ditu bistaratze interaktiboa duten makinak, errealitate birtuala eta areagotua tarteko

‘Digital twin’ edo biki digitala zenbait asmotarako erabil daitezkeen aktibo fisiko, prozesu, espazio, sistema eta gailuen erreplika digitala da. Erreplika birtualak egiazko sistema fisikoaren informazio osoa du, ezaugarri teknikoetan eta funtzionamenduari buruzko datuetan oinarrituta. Biki digitalak dira 4.0 Industriaren azken joeretako bat, fabrikazio-prozesuak edo makinen funtzionamendua simulatzea ahalbidetzen duten neurrian. Immersia ‘startup’ donostiarrak, honelako teknologiak garatzearen aldeko apustuari eutsiz, errealitate birtualaren eta errealitate areagotuaren bitartez informazio bistaratzeko aukera gaineratu du, datuekiko interakzioa eta ulermena hobetzeko. Solasean izan gara Seda Tosun Immersiako CEOarekin.

 

Zer egiten duzue zehazki Immersian?

Datuen bistaratze aurreratua duten biki digital interaktiboak egiten ditugu. 4.0 Industriaren arloan lan egiten duen enpresa teknologikoa gara eta negozioen ekoizpena eta errendimendua optimizatzeko tresna aurreratuak garatzen ditugu. Zenbait prozesutan aplikatzen da helburu desberdinak lortzeko. Adibidez, MES areagotu bat bezala, kalitate bisual altuko SCADA hobetu baten antzera. edo simulazio-tresna bat balitz bezala.

 

Datuak modu intuitiboagoan bistaratzeko aukera ematen duten ‘digital twin’ interaktiboak sortzen ditugu. Interfaze naturalen erabilerari eta gailu-anitzeko soluzio bati esker, erakundeari buruzko datuen potentzialtasun latente osoa profitatzen duten tresnak eta ‘dashboardak’ sortzen ditugu. Balio-ekarpena dagoen kasuetan, errealitate birtuala, errealitate areagotua eta mistoa gaineratzen ditugu, soluzioaren beste osagai bat balira bezala. Bistaratze aurreratuko geruzari adimen artifizialeko teknologia eransten diogu datuak aztertu eta iragarpenak lantzeko nahiz ekoizpen-lantegi eta prozesuen funtzionamendua simulatzeko. Simulazio birtualaren bitartez, sarrerako parametroak alda daitezke biki digitalean, baldintza berrien arabera nola portatuko litzatekeen egiaztatzeko, eta honek unerik egokienetan erabaki zuzenak hartzen laguntzen du.

 

Zein da Immersiaren jatorria?

Bazkideak eta biok Donostian elkar ezagutu genuen, Eywa Space inkubagailuak antolatutako ekitaldi batean, izan ere Venture Builder hori errealitate areagoatuan eta errealitate birtualean espezializatuta dago. Ekitaldiak iraun zuen asteburu hartan ideia bat garatu eta proiektua bultzatzen jarraitzeko aukeratu gintuzten. Ideia nagusia zen errealitate birtuala datu-bilketari lotuta erabiltzea, ez biki digitalei lotuta. Iazko urte hasieran elkarrekin lan egiteari ekin eta Immersia abiarazi genuen.

 

Zein sektoretarako lan egiten duzue?

Hasieran, Industria eta Smart Cities sektoreekin lan egin dugu… datuak zeharkakoak dira sektore guztientzat eta leku guztietan daude. Industriak erantzun-denbora mugatuak dituzten datu-kopuru garrantzitsuak maneiatzen ditu. Ahalegin handiak egiten ari gara sektore honetan, baita zahartzearen, osasunaren, ‘retail’-aren eta Smart Cities deritzenen sektoreetan ere. Izan ere, datuak han-hemenka barreiatuta daude.

 

Biki digitalaren kontzeptua nahiko berritzailea da. Enpresek badakite zer den eta nolako onurak dituen?

Bai, egia da, oso berritzailea da, baina indar handia hartzen ari da. Enpresek adibide aplikatu bat ikusten dutenean, potentzialtasun osoaz ohartu eta hainbat erabilera-kasu ezagutzen dituzte beren kasa. Negozioak gero eta gehiago datuetan oinarritzen dira, eta horregatik, enpresek bildutako datu kopuru erraldoiak maneiuatu eta interpretatzerakoan, zenbaki eta grafiko ugari ateratzen dira, eta kosta egiten da informazio hori guztia ulertzea. Gure asmoa zen datu horiek modu errazagoan bistaratu eta interpretatzeko moduren bat sortzea, eta biki digitalak dira soluzioa. Gainera, errealitate birtualak eta errealitate areagotuak modu interaktiboagoan eta ikuspegi panoramikoarekin ikusteko aukera ematen dute.

 

Biki digitalen proiektu bat egiterakoan, hainbat teknologia edo prozesu elkartzen dira; hala nola, IoT gailuen edo sentsoreen bidez egindako datu-bilketa, datu horien azterketa, eta errealitate birtual zein areagoturako 3D inguruneetan bistaratzea. Alderdi horiez guztiez arduratzen zarete?

Orain, bost pertsonak osatzen dugu lantaldea, eta gure jardunak adimen artifiziala, ‘machine learning’, Big Data eta ‘analytics’ ditu ardatz. Horri esker, negozioak hobetzen lagun dezaketen erantzunak lortzeko simulazioak egin ditzakegu. Guk enpresetara joan eta, lehenik eta behin, zertan hobetu nahi duten galdetzen diegu. Argi daukatenean, nolako sentsoreak edo gailuak instalatu behar diren aztertzen dugu, bezeroen beharrei lotutako datuak biltzeko. Zenbait enpresak IoT sistemak abian dituzte informazioa biltzeko, baina kasu batzuetan, biltzen duten informazioa ez da batere garrantzitsua. Ondo pentsatu behar da zein den helburua, zer hobetu behar den, mantentze-lanetako zikloak edo lantegi mailakoak ikuskatu behar ote diren, eta den-dena argi dagoenean, beharrezko sentsoreak instalatzeko garaia da. Gu ez gara arduratzen IoT sistema horiek instalatzeaz, baina baditugu horretarako enpresa laguntzaileak. Era berean, laguntzaileekin batera lan egiten dugu 3D ereduen sorrerarekin lotutako zereginetan.

 

Zure ustez, nolako joerak sortuko dira biki digitalen esparruan?

Biki digitalen bidez, xehetasun handiak dituzten simulazioak sor daitezke prozesu industrialak, produktuak, fabrikazio-sistemak, hirien funtzionamendua nahiz energia-kontsumoa simulatzeko. Errealitateko munduan dagoenaren irudikapen birtualak dira, negozioaren errendimendua hobetzea helburu dutenak. Biki digitalak prozesuei aplikatutako egoeretarako diseinatzen dira, baita mantentze-lanetarako, fabrikaziorako zein bistaratze-lanetarako. Gure produktua automatizatzeko moduan diseinatu dugu, erabiltzaile bakoitzak nahierara erabili eta ongien datozkion bistaratzeak sortzeko, gehien gustatzen zaion konfigurazioa emateko, edo bezeroei balio erantsi gisa eskaintzeko aukera izan dezan. Gure estrategia hainbat sektoreri dagozkien hainbat proiektu bezeroekin batera sortzea da, eta proiektu horietatik ikastea merkaturatzeko moduko produktu ona lortzeko. 2020aren hirugarren hiruhilekorako, horrelako produkturen bat martxan izatea espero dugu. Gero, lanean jarraitu beharko dugu eguneratzeko eta hobetzeko. Merkatura atera bezain laster, prozesua bizkortzeko inbertsio-errondaren bat irekitzeko aukera dago mahai gainean.

Lotutako albisteak

GLO910 13 Azaroa, 2024 Ekintzailetza
Elkarrizketa ‘glo910’-eko Ixone Elosegui eta Miren García-Chazarrari
Irakurri gehiago
José Luis López de Ciordia. Urberri 16 urria, 2024 Ekintzailetza
Zure negozioaren webguneak Interneten arrakasta izateko behar duen guztia eskaintzen dizu UrBerrik
Irakurri gehiago
Jorge García Betanzos, CEO de RUNNEA 11 iraila, 2024 Ekintzailetza
Runneak bere 10. urteurrena ospatuko du eta Awin Power 100ean aitortua izan da
Irakurri gehiago
25 ekaina, 2024 Ekintzailetza
Vrainhax: “Min iraunkorra duten pazienteak tratatzen ditugu, haien bizi-kalitatea errealitate birtualaren bidez hobetzeko”
Irakurri gehiago
17 ekaina, 2024 Ekintzailetza
Paturpat: “Produktu naturala egiten dugu, patatarekin errezetak egitean denbora eta kostuak murriztea lortzen duena”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak