Leyre Madariaga, Indusmedian.
Albisteak 23 Azaroa, 2021

Indusmedia kongresuak erakutsi du enpresek marketin digitaleko adituen laguntza behar dutela

Eraldaketa Digitaleko zuzendari Leyre Madariagak esan duenez, aro digitala “aukera paregabea da gure lehiakortasuna sendotzeko”

 

Astearte honetan -azaroak 23- egin da Hernaniko Orona IDeO eraikinean Indusmedia 2021 kongresua, industri arloko enpresei zuzendutako marketin digitalaren urteroko hitzordua, non argi geratu baita enpresek marketin digitaleko konpainia adituen laguntza  behar dutela beren negozioak hobetzeko. Eusko Jaurlaritzak –SPRI Taldearen, enpresen garapenerako agentziaren bitartez- eta Mondragon Unibertsitateak antolatutako sinposiumean hainbat kasu arrakastatsu aurkeztu dira, esaterako eguneroko posta elektronikoak erabiltzearena.

 

Kongresu honen helburu nagusia da ideien, ezagutzaren eta inguru hurbileko kasu arrakastatsuen trukea sustatzea, marketin digitalak industria-ehunari eskaintzen dizkion aukeren berri emateko. Iazko ekitaldi telematikoaren ondoren, aurtengoa presentziala izango da berriro ere.

 

Eraldaketa Digitaleko eta Ekintzailetzako zuzendari Leyre Madariagak inauguratu du Indusmedia, zeinak esan baitu ekitaldiaren helburua dela “marketin digitala ebanjelizatzea enpresa industrialetan”. Gaineratu du mundu digitala eta komertziala “elkarrengandik oso urrun” egon direla historikoki, “baina orain elkarren eskutik” doazela. “Bezeroaren esperientzia hobea da automatizazioari esker”.

 

Madariagak esan duenez, aro digitala “aukera paregabea da gure lehiakortasuna sendotzeko”. Trantsizio teknologiko-digitalak hainbat berrikuntza ekarri ditu prozesuetara, eta aukera-espazioak sortzen ditu berrikuntzarentzat”.

 

Miquel Gomez digitalizazioko adituak azaldu du nola erabili behar duten enpresek Linkedin sare soziala. “Baliagarri da bezeroak aurkitzeko eta haiek gu aurkitu gaitzaten, komunikabide bezala posizionatzeko eta lehen elkarrizketa izateko bezero berriekin”.

 

Imanol Teránek, estrategia digitaleko aholkulari eta web garatzaileak, hizpide hartu du zereginen automatizazioa. Esan du hainbat tresna daudela edukiak argitaratzeko, esaterako Zapier, WordPress, Twitter, Linkedin edo Notion.

 

Email marketing

Ulma Architectural Solutions enpresako Sara Soriak bere lantokian aplikatu duten email marketing estrategia azaldu du, hau da, egunero email bat bidaltzea konpainia bateko harpidetza-zerrendari.  “Beste edozein formatu baino lau aldiz eraginkorragoa da, eta bere aplikazioa iraunkorra da sare sozialen efimerotasunarekin alderatuta. Sare sozialetan zerbait argitaratzen duzunean, ez daukazu kontrolik; aldiz, email marketing sistemarekin bai.

 

Soriak estrategia honen arrakastaren adibide bat azaldu du: bezeroek euren emailei emandako erantzun kopurua sei aldiz handiagoa izan da aurten.

 

Alejandro Sánchezek, Stratenergy enpresako zuzendari kudeatzaileak, baieztatu du kanal digitala “hasieratik izan dela lagungarria”. Bere konpainiak enpresen eraginkortasun energetikoa hobetzea du helburu, eta Sánchezen esanetan, estrategia komertzial digitala “estrategia tradizionalaren osagarri bat izan da”.

 

Orobat esan du komenigarria dela marketineko espezialistengana jotzea, “mundu hau etengabe aldatzen ari delako”. Stratenergy enpresa harremanetan jarri zen Weroi aholkularitzarekin, “eta gomendatu ziguten lehen gauza izan zen aldatu genezala gure web orria”. Emaitzei dagokienez, urtebete pasatuxeren buruan 200.000 bistaratze izan dituzte euren atarian, eta “91 lead kualifikatu ere bai; hori sekulako arrakasta da guretzat”. Baina oroz gain nabarmendu ditu lortu dituzten “marka, konfiantza eta posizionamendua”.

 

Sara Montero marketineko arduraduna da Tecnipesa enpresan, zeinak logistikarako konponbideak eskaintzen baititu, adibidez barra-kodeak. Monterok azaldu du enpresak bere estrategia birplanteatu zuela 2018an. “Harremanetan jarri ginen Adimedia enpresarekin (lehenago ere egin izan dugu lan elkarrekin) eta SEO berrorientazio bat egin genuen. Gure webaren diseinua eta edukia aldatu genituen. Produktuak saltzetik konponbideak eskaintzera igaro ginen”.

 

Bere hitzetan, lehen hiru hilabeteak “oso txarrak izan ziren, ia ez genuen bisitarik jasotzen webean”.  Sare sozialetara eta YouTube-ra jo zuten, kasu arrakastatsuak erakutsi zituzten, “eta bezeroek edukietan agertu nahi ez bazuten, konponbideak eta emaitzak aurkezten genituen”. Aipatu du “webeko kalitatezko trafikoa bikoiztea” lortu dutela, eta aurten “1.589 lead lortu ditugu, hau da, gure konponbideekiko interesa izan lezaketen balizko bezeroak”.

 

Patricio Fernández publizitateko erredaktoreak hizpide hartu ditu salmentak lortzen dituzten kasu arrakastatsuak. “Helburuak planifikatuta izan behar ditugu ezertan hasi baino lehen, eta jarraibide argi eta sinpleak eman behar zaizkie bezeroei”.

 

Lotutako albisteak

Elvira,  berrikuntza  eta  tradizioa  osagai  nagusi  dituen  istorio  gastronomikoa

Elvira, berrikuntza eta tradizioa osagai nagusi dituen istorio gastronomikoa

Harategi-urdaitegi txiki bat izatetik, gaur egun hamar establezimendu inguru ditu etxean egingo liratekeen moduan prestatutako produktuak saltzeko, online dendan ere saltzen direnak.

Egin  ezazu  prestakuntza-plana  zure  enpresan  Gaitasun  Digitalen  programarekin

Egin ezazu prestakuntza-plana zure enpresan Gaitasun Digitalen programarekin

«Gaitasun Digital Profesionalak» programaren edizio berriak 2 milioi euroraino igo du bere aurrekontua, euskal enpresen lehiakortasuna sustatzen jarraitzeko helburuarekin, langileen prestakuntza indartuz.

%  64  egin  dute  gora  Eusko  Jaurlaritzak  SPRIren  bitartez  antolatutako  IKT  arloko  prestakuntzara  joandakoek

% 64 egin dute gora Eusko Jaurlaritzak SPRIren bitartez antolatutako IKT arloko prestakuntzara joandakoek

Enpresa Digitala ekimena 3 lurraldeetako bost gune fisikotan eskaintzen da eta ireki den azkena Ezkerraldekoa izan da, Abantoko campusean

Irudi  B2B:  7  urte  marketin  digital  industriala  aztertzen  bere  blogaren  bidez

Irudi B2B: 7 urte marketin digital industriala aztertzen bere blogaren bidez

Bere blogaren helburua: ezagutza erabilgarria partekatzea, industriak kanal digitalaren potentziala ahalik eta gehien aprobetxa dezan.

Industria  Digitaleko  laguntzek  zure  negozioaren  eraldaketa  digitala  lortzeko  bidea  irekiko  dizute

Industria Digitaleko laguntzek zure negozioaren eraldaketa digitala lortzeko bidea irekiko dizute

Industria Digitala 2025 laguntza-programaren aurtengo edizioa martxoaren 18tik irekita, 7.5 milioi €-ko aurrekontuarekin. Euren negozioa digitalki eraldatu nahi duten enpresek urriaren 31era arte aurkez ditzakete euren eskaerak.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.