Industria Digitala programak 279 digitalizazio-proiektu lagundu ditu 2,36 milioi eurorekin
Telelana ezartzeko proiektuak eta 4.0 industriako teknologia bideratzaileekin zerikusia dutenak nabarmendu dira SPRIren programa honetako onuradunen artean
SPRIren Industria Digitala programaren helburua da manufaktura-industriako euskal ETEen eraldaketa digitala ahalbidetzea, eta helburu horrekin, 279 proiektu lagundu ditu 2020ko edizioan. 2,36 milioi euroko aurrekontua duelarik, euskal enpresen 7,1 milioi euroko ekimenak gauzatzen lagundu du. Industria Digitala programara aurkeztutako proiektu gehienek helburutzat dute: telelana ezartzea, kudeaketa aurreratuko sistemak txertatzea ETEetan eta 4.0 industriako teknologia bideratzaileetan oinarritutako ekimenak garatzea, gero eta gehiago direlarik azken horretara bideratuta dauden proiektuak.
SPRIk batez beste 8.000 euroko laguntzak eman ditu onartutako proiektu bakoitzeko, enpresek zenbateko horrekin ordain ditzaten hardwarea edota softwarea erosteko gastuak, eta baita ere kanpo-aholkularitzako edo kanpo-ingeniaritzako gastuak. Guztira 465 proiektu jaso eta aztertu dira, eta horietatik 279 onartu dira; 26.680 langile enplegatzen dituzten enpresek aurkeztu dituzte proiektu horiek.
Onartutako proiektuetatik % 39 kudeaketa aurreratuko sistemekin lotutako ekimenak dira, batik bat ERPekin. Proiektuen % 32 telelana ezartzeko ekimenak dira, SPRIk programa egokitu baitzuen Covid-ak eragindako eszenatokiaren erdian, enpresak sendotzeko eta laguntzeko, eta jarduera mantentzera bideratutako telelaneranzko trantsizioa errazteko. Gainerako proiektuek zerikusia dute 4.0 industriako aplikazioen garapenarekin, hala nola, automatizazioa, Big Data, adimen artifiziala, ikusmen artifiziala, machine learning, errealitate birtuala edota errealitate areagotua.
Industria Digitala SPRIk Euskadiko Agenda Digitalaren esparruan kudeatzen duen neurrietako bat da, eta helburutzat du euskal enpresei digitalizatzen laguntzea, lehiakor izan daitezen eta puntako enpresa bihurtu daitezen 4.0 Europan. Programa honen helburua da Elektronika, Informazio eta Komunikazio Teknologiak (EIKTak) txertatzen laguntzea industria arloko enpresetan eta produktu-prozesu industrialarekin lotutako zerbitzu teknikoetako eta diseinu eta logistikako enpresetan, xedetzat hartuz euren lehiakortasuna hobetzea.
Lotutako albisteak

Einnek, bost urte etengabe eboluzionatzen sektore elektriko-elektronikoan
Pandemia betean jaio zen enpresak eraldaketa digitalaren aldeko apustua egin du hasieratik, sektorean bereizteko; bideojoko bat ere sortzen ari da, ingeniaritzako eta muntaiako barne-prestakuntza teknikoa iraultzeko.

Enpresa industrialen eta industria adimendunean espezialistak diren enpresa digitalen arteko elkarlana erraztuko du SPRI Taldeak
Enpresen Networkinga 2025 - Smart Industry kongresuaren 8. edizioa egingo dute martxoaren 26an, Bilbon, eraldaketa digitalari laguntzeko

Logistikari buruz Euskadin egiten den kongresuaren hirugarren edizioa egingo dute BECen
Azoka da iparraldeko eremuan packagingaren, logistikaren eta garraioaren sektoreak biltzen dituen azoka bakarra

Segundu bakoitzak kontatzen du. Ziurtatu zure erreskatea ResQaRrekin
Erreskate-orria formatu digitalean: larrialdi ekipoak, erreskatea modu seguruan egin ahal izateko, behar diren ibilgailuko elementuei buruzko infomazio zehatza eta azkarra.

Flexix, 75 urteko historia berrikuntza aldarrikatzen
Enpresa bizkaitarrak ez ditu alde batera uzten joera eta teknologia berriak, balioa handitzeko, egokitzeko, prozesuak hobetzeko eta energia berdea bezalako sektoreetara dibertsifikatzeko.