SPRI Taldeak antolatutako jardunaldi batean, Víctor Puig adituak ziurtatu du “web orriek salmentarako” balio behar dutela eredu industrial batean.
Esan du sare sozialetan “beti dela hobe irismena neurtzea jarraitzaile kopurua baino”.
Nola lor daiteke negozioa egitea enpresa baten edukiak Interneten zabalduta? SPRI Taldeak Enpresa Digitalaren bitartez antolatutako jardunaldi batean, Zinko enpresako Víctor Puig adituak hainbat jarraibide eman ditu sarearen erabilera optimizatzeko, eta esan du ahots eta ikuspegi desberdinak erabili behar direla aukeratutako bezero motaren arabera.
“Eredu industrial batean web orriek salmentarako balio behar dute”, azpimarratu du Puigek. Orobat esan du ez dela erabili behar testu luzerik, eta “probak egin behar direla proiektuan inplikatuta ez dagoen norbaitekin”. Gomendatu du blogak erabiltzea “webean sartzen ez diren gauzetarako”, eta albiste atal bat sortzea, “teknikoki blog bat bezalakoa, baina formalagoa”.
Adituak azaldu du nola erabili behar diren sare sozialak, zeintzuetan “galderak oso eraginkorrak diren jendea zure edukietara sarrarazteko. Eta hitz jokoek oso ongi funtzionatzen dute bertxioak lortzeko. Horrek ikusgarritasun handia ematen du. Ez da gauza bera argitaratu behar sare sozial desberdinetan”.
Edukiekin negozioa optimizatzeko, Puig-ek gomendatu du argitalpenen egutegi bat diseinatzea jarraibide sinple batzuekin: Facebook-en ez argitaratu egunean bi eduki baino gehiago, ez Instagram-en bi argazki baino gehiago jarraian, eta egunean lau txio egin gehienez. Ildo editorialari dagokionez, albisteen erdiek enpresaren sektoreari buruzkoak izan beharko lukete, %25 ikuspegi teknologikokoak, %15 konpainiari buruzkoak, eta %10 produktuari buruzkoak.
Gomendatu du probak egitea sarean edukiak argitaratzeko ordutegi egokiena zein den jakiteko. “Argitaratu gauzak ordu desberdinetan, eta edukia antzekoa bada, orduan ikusiko da kasuistikarik baden”.
Puig-ek esan du informazioa argitaratu baino lehen komeni dela baloratzea, esaterako bere ikuspegia, zein sare sozialetan zabalduko den, eta sare bakoitzerako egokitua dagoen. “Eta elkarreragitera bultzatu dezala”. Esan du ez dela beharrezkoa eduki propioak egitea, berdin erabil daitezkeela enpresaren produktuari buruz beste hedabide batzuk argitaratzen dituzten edukiak.
Material grafikoarekin batera metadatuak sartu behar dira. “Metadaturik gabe, alferrik da 100 argazki igotzea. Aski da bost minutu eskaintzea lan horri”. Interneteko edukien arrakasta neurtzea funtsezkoa da. Puigek definitu egin du sare sozial bakoitzak enpresaren negozioan daukan inpaktua. “Twitter baliagarria da informazio korporatiboa emateko eta produktua profesionalengana helarazteko; Instagram ona da preskribatzaileekin harremanetan jartzeko; eta Facebook gehiago erabiltzen da amaierako bezeroarekin harremanetan jartzeko, eta, bigarren maila batean, preskribatzaileekin”.
Puigen arabera, Interneten zailtasuna da “dena neurtu daitekeela”, eta gomendatu du sare sozial bakoitzera egokitzea eskuratzen diren datuak. Erantsi du “beti dela hobe irismena neurtzea jarraitzaileak baino”, eta, gero eta gehiago, irismena “inbertsio bidez bakarrik lortuko dela”. Adituaren arabera, hobea da joera ezen ez balioa. “Progresio positiboa da garrantzitsuena. Sare sozialetako proiektuak epe ertain eta luzekoak izaten dira beti, lehen urtetik aurrera”.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?