Konpainien barruan informazioa eraginkortasunez kudeatzea eta banatzea, bai eta eragin handia izan dezaketen alderdiak garaiz identifikatzea ere, funtsezkoa da haien lehiakortasunerako. Hala ere, prozesu horiek askotan tresna espezializatuak behar izaten dituzte, informazio estrategikoa lortzen laguntzeko ez ezik, ekintzak eta ideiak sustatzen laguntzeko ere. Horixe da InTool-en funtzioa, erakundeei beren helburuak lortzen laguntzen dien tresna, denbora eta baliabideak aurreztuz.
InTool izan zen Leartibai Fundazioak ingurunea zaintzeko prozesua hobetzeko zuen beharraren erantzuna. “2008an, dinamika bat jarri zen martxan, eskualdeko enpresek gara zitzaketen negozio-aukera berriak identifikatzeko eta, horrela, haien dibertsifikazio-prozesuak sustatzeko”, gogorarazi du Leire Arrizabalaga Zerbitzuen Berrikuntzako arduradunak. “Horren ondorioz, lantaldeak hainbat arlotako informazio-iturri asko maneiatu zituen, egitura eta eduki desberdineko informazioan murgildu, sailkatu, katalogatu… dena eskuz egin zuen. Infoxikazioa zer den zuzenean ezagutzen dugu, eta informazio interesgarria izaten dugu, baina zailtasunak izaten ditugu informazio hori besteekin partekatzeko, gordetzeko eta erakundearen prozesuetan sartzeko”.
Testuinguru horretan, plataforma propio bat garatu zen, informazioa modu eraginkorrean jasotzeko, etiketatzeko, baloratzeko eta partekatzeko beharrari erantzuteko, prozesu osoan denbora aurrezteko, eta, horrela, elkarlaneko adimena sortzeko. “Gaur egun tresna sendoa eta gure bezeroek probatu eta onartutako metodologia bihurtu dena definitu genuen”, aipatu du Arrizabalagak. Hala, “InTool erreferente bat da Estatu mailako zaintza eta inteligentzia prozesuetan, eta, gainera, Innobasquek bultzatutako zaintza, adimen eta prospektibako adituen sarean parte hartzen du”.
Garatutako metodologiarekin batera, erakundearen berrikuntza sistematizatzea lortzen duen softwarea da, barneko eta kanpoko informazio garrantzitsuaren kudeaketa automatizatuaren bidez, eta haren balioa nabarmentzeko dinamikak zehazten ditu. Horrela, produktu eta zerbitzu berriak, negozio-eredu eta -aukerak diseina ditzake, eta, oro har, erabakiak modu egokian hartzea ahalbidetuko duen sistema berri bat.
InTool-en balio-proposamenaren ardatza “enpresei informazio estrategikoa monitorizatzen laguntzea da. Etengabeko eta kalitateko fluxua eraginkortasunez erabiltzen du, eta informazio hori lankidetzan erabiltzen dela ziurtatzen du, erakundearen barruan balioa sortzeko. Kontua ez da, besterik gabe, software-lizentzia bat eskaintzea zerbitzu gisa, baizik eta gure bezeroei laguntzea beren behar espezifikoetara egokitutako zaintza- eta adimen-sistema bat ezartzeko prozesu osoan”. Ikuspegi pertsonalizatu eta lagungarri horrek aukera ematen du bezeroei laguntzeko, informazioa erabaki estrategiko bihurtzen lagunduz, teknologia, prestakuntza eta etengabeko euskarria konbinatzen dituen konponbide integral batekin.
“Informazio garrantzitsua lortzea errazteaz gain, erakundeen barruan ideiak eta lankidetza-proiektuak sortzean informazio horren erabilera eraginkorra ere sustatzen dugu, horrela berrikuntza eta enpresa-hazkundea indartuz”, dio Arrizabalagak. “Gainera, gure ustez, benetako lehia-abantaila ez da informazio egokia lortzea bakarrik, baizik eta erakundearen barruan informazio hori eraginkortasunez erabiltzen jakitea”.
Urte hauetan, InTool hazi egin da, bai bezeroen zorroan, bai kalitatean eta plantillan. “Bezero-sorta zabala dugu: industria-enpresak, zerbitzu-enpresak, enpresa-elkarteak, kluster-elkarteak eta erakunde publikoak. EAEko bezeroak izatetik Estatu mailako bezeroak izatera igaro gara”. Gainera, 2024an bertan hazkundearen aldeko apustua egin du, plantilla handitu du eta, adimen artifizialaren (AAren) integrazioari eta digitalizazioari esker, “gure zerbitzuetan jauzi kualitatiboa eman dugu eta gure irismena hedatzeko produktu berriak sortzen ari gara”.
Iaz, InTool-ek Adimen Artifizial Aplikaturako laguntzak jaso zituen. Urtero eskaintzen ditu laguntza horiek Eusko Jaurlaritzak, SPRI Taldearen bitartez. Arrizabalagaren ustez, AAk bere zaintza-plataforma eraldatu du: “Informazioa modu eraginkorragoan atzemateko, sailkatzeko eta aztertzeko aukera ematen du. Orain, plataformak albiste garrantzitsuenak iradokitzen ditu, erakundearen helburuak kontuan hartuta, laburpenak sortzen ditu eta funtsezko gaiak nabarmentzen ditu. Horrek zerbitzuaren pertsonalizazioa hobetu du, zaintzaren zehaztasuna handitu du, eta azterketa-denbora murriztu du”.
Arrizabalagaren ustez, IA ezartzea jauzi kualitatiboa da: “Laguntza hori funtsezkoa izan da prozesu horretan. Orain, konponbide azkarragoak eta eraginkorragoak eskaintzeko gai gara, negozio lehiakorragoa eta gure bezeroen beharretara egokitzeko modukoa bihurtuz “. InTool-ek badaki arlo horrek industrian duen garrantzia, eta bertara hurbiltzeko zaintza eta inteligentziari buruzko jardunaldi bat antolatu du urriaren 24an.
SPRI Taldearen helburuetako bat euskal enpresen eraldaketa digitala da. Besteak beste, Smart Industry, BDIH Konexio, Zibersegurtasun Industriala, Enpresa Digitala edo Inplantalariak laguntza-programen bidez bultzatzen du.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?