“IoT (Gauzen Interneta) ez da iraultza teknologiko bat, baizik eta negozioaren iraultza ahalbidetuko duen teknologia bat”
Microsoft enpresako Global Senior Solution Architect Stephen Kaufmanek hitzaldi batean azaldu du nola garatu den Gauzen Interneta (IoT) proiektu industrialetan, eta gogoeta egin du teknologia horrek berekin dakarren iraultzari eta negozio-aukera berriei buruz. Teknologiak dira merkatua zabaltzeko oinarria.
SPRI Taldeak gonbidaturik Bind 4.0 startup-azeleragailuaren bitartez, Stephen Kaufman-ek jardunaldira bertaratutako guztiei azaldu die nola ikusten duen gailu konektatuen bidez gertatzen ari den prozesu hori. Gailu konektatuak 2010ean hasi ziren ugaritzen, eta aurreikuspenen arabera, 2022an hamalau mila milioi unitateraino iritsiko dira.
Kaufman-ek azaldu duenez, negozioaren iraultza hori hiru ardatzetan ari da garatzen. Lehenak zerikusia du enpresarekin eta antolakuntzarekin: antolakundeak filosofia digitala barneratu behar du, eta filosofia horrek sail guztiak inplikatu eta konprometitu behar ditu. Bigarrena da “negozioa berriro imajinatzea”, hau da, lan egiteko modua aldatzea, ase ezin izan ditugun bezeroaren beharrizanak detektatzea eta testuinguru berri honetan erantzun bat ematea beharrizan horiei. Eta hirugarrena “konektagarritasuna” da. Den-denok gaude konektatuta, eta beraz, berriro definitu beharko dira prozesuak.
IoT gailuek ematen dizkiguten datuak, datu horien fluxua eta prozesuaren hasieratik amaierara izan behar duten tratamendua ez dira linealak, baizik eta etengabeko ikaskuntzan oinarritutako bukle bat. Prozesuko urrats bakoitzean negozio-aukera berriak sortzen dira, orain arte ezagutu ere egiten ez genituenak. Kaufman-ek aurreratu duenez, IoTk %28 hobetuko du enpresen eraginkortasuna.
Eraldaketa hori eman dadin, mentalitate-aldaketa bat behar da eta aldaketa horrek eragina izango du pertsonengan, produktuetan eta zerbitzuetan. Eta baliteke enpresa txikiak besteak baino azkarragoak izatea IoT merkatura iristeko eta bertan posizionatzeko lasterketa horretan. Gailu konektatuen eta beren prozesuen testuinguru berrian, askotan hutsetik hasi beharra dago, eta enpresa handien egitura hain da handia, ezen asko kostatzen baitzaie mugitzea, bai kulturalki eta bai gastuari dagokionean.
Hizlariak azpimarratu du emaitza onenak lortzeko funtsezkoa dela prozesuaren arkitektura: ondo zehaztea datu-sarrerako gailu sortaren ezaugarriak, ondo erabakitzea nola iritsi datuetara, eta tratamendu bat aukeratzea ikaskuntza optimizatuko duena eta konponbide prediktiboak bere baitan izango dituena. Hori guztia egin behar da erabaki onenak hartzeko.
Hitzaldia bukatzeko, mezu bat helarazi die bertaratuei: “call for action”. Hau da, ekintzara igaro beharra dago. Datuek eta datuen tratamenduak emango digute etorkizuneko konponbideak sortzeko behar dugun ikasteko gaitasuna.
Stephen Kaufman Bind 4.0 startup azeleragailuko nazioarteko tutoreetako bat da eta Microsoft enpresaren izenean parte hartzen du. Euskadira eginiko bisitaren helburuetako bat izan da bilera bat egitea Bind 4.0 programaren aurtengo edizioko parte-hartzaileekin, hala trakzio-enpresekin nola startupekin, eta atzo bertan egin zen bilera hori.
Lotutako albisteak

Elvira, berrikuntza eta tradizioa osagai nagusi dituen istorio gastronomikoa
Harategi-urdaitegi txiki bat izatetik, gaur egun hamar establezimendu inguru ditu etxean egingo liratekeen moduan prestatutako produktuak saltzeko, online dendan ere saltzen direnak.

Egin ezazu prestakuntza-plana zure enpresan Gaitasun Digitalen programarekin
«Gaitasun Digital Profesionalak» programaren edizio berriak 2 milioi euroraino igo du bere aurrekontua, euskal enpresen lehiakortasuna sustatzen jarraitzeko helburuarekin, langileen prestakuntza indartuz.

NudgeXperience Bilbon: CX eta Portaera Zientzien ekitaldia
Zuzendariei eta gerenteei, Cx-eko arduradunei eta berrikuntza eta marketineko profesionalei zuzendua

Wake Up! Albiste ekintzaile batzuk sarean 250324
Euskadiko talentu ekintzaile guztia. Wake up! -ek komunikabide eta sareko blog desberdinek argitaratutako albisteen hautaketa txiki bat egunero partekatzen du Linkedinen: ideiak, proiektuak, negozioak, startupak, enpresak etab.

Zabalik dago MAKE IN! Ekintzailetza Industriala programaren 4. ediziorako izen-emate epea
Apirilaren 25a izango da programan izena emateko azken eguna