Nereba Belzunegi, KENTUko kudeatzailea, enpresaren egoitzan.
Ekintzailetza Eraldaketa digitala
Elkarrizketak 18 Azaroa, 2020

KENTU: “Funtsezkoa da produkzio-ekipoen eraginkortasuna neurtzea”

Enpresa gipuzkoarrak IoT konponbideak eskaintzen ditu produkzio-prozesuetako datuak atzemateko eta makinak monitorizatzeko
-

 

Datuen analitikako prozesuak hainbat elementutan oinarritzen dira, eta horietako bat da Gauzen Internet Industriala (IIoT).  Funtsezkoa da gailu eta sentsoreei esker eskura izatea informazioa, prozesuak eta makinen funtzionamendua hobetzeko. Arlo horretan espezializatu da KENTU, sei hilabete eskaseko ibilbidea duen konpainia gipuzkoarra. Enpresako kudeatzaile Nereba Belzunegirekin hitz egin dugu.

 

Zer egiten duzue KENTUn?

Gauzen Internet Industrialaren (IIoT) arloko konponbideak eskaintzen ditugu prozesuak eta osagaiak sentsorizatzeko, monitorizatzeko eta aztertzeko. Lehenik eta behin, saiatzen gara bezeroari entzuten jakiteko zeintzuk diren bere premia teknologikoak, eta gero neurrira eginiko konponbide bat eskaintzen diogu beretzat ezezagunak diren baina, normalean, kritikoak izaten diren datuak bildu ditzan. Laguntza ematen diogu datu horiek biltzeko, lainora edo bestelako edozein plataformatara igotzeko nahiz datuen analisia egiteko, eta hobekuntzak proposatzen dizkiogu produkzioa eraginkorrago egiteko, kalitatearen kontrola hobetzeko edo alarmak jasotzeko.

 

Emango diguzu adibideren bat azaltzeko nola aplikatzen dituzuen Gauzen Interneten arloko konponbideak industrian?

Adibide bat da elikadura sektorekoa. Gure bezero batzuek kamara frigorifikoak sentsorizatu dituzte. Orain arte gailuak erabiltzen zituzten tenperaturari buruzko datuak jasotzeko eta informazioa ordenagailu batean deskargatu behar izaten zuten aztertu ahal izateko. Guk prozesu hori automatizatu diegu. Datuak zuzenean bidaltzen dira ordenagailura eta tenperaturarekin arazoren bat badago, sistemak abisuak bidaltzen ditu posta elektronikoz edo SMS bidez, arazoa konpontzeko. Zerbaitek huts egiten badu, abisu bat bidaltzen da; hala, konpondu egin daiteke gehiago hondatu baino lehen.

 

Elikaduraren industriarekin jarraituz, enpresa askok upel handietan gordetzen dituzte zukuak edo olioak eta jakin behar izaten dute zenbateko stock­-a duten, erabakitzeko gehiago ekoitzi behar duten ala ez. Kasu honetan egiten duguna da sentsore berezi bat instalatu upel handi horietan, barruko produktuaren bolumena detektatzeko; horrela, enpresak kontrolatuta eduki dezake stock-a, informazio hori bere ERPra baitoa zuzenean.

 

Badauzkagu makinetako matxurak detektatzera zuzendutako konponbideak ere. Akatsen bat badago, langileari mezu bat agertuko zaio tablet batean, arazo horren balizko kausen zerrenda batekin. Horrela, langileak automatikoki jakin dezake zein den gertatu den matxura.

 

Energia aurrezteko ere erabiltzen dugu datuen monitorizazioa. Materialak berotzeko galdaren kontsumoa sentsorizatu dugu bezero batentzat. Galdara hori urtean behin garbitzen zuten eta ohartu ziren garbitu berritan hurrengo hilabeteetan baino % 30 gutxiago kontsumitzen zuela. Harrezkero urtean birritan garbitzen dute kontsumo hori aurrezteko. Horrek erakusten du datuak eskuartean izan arte -baita sinpleenak ere- ezin dugula jakin zer gertatzen den gure produkzioan.

 

Enpresek ulertzen dituzte horrelako konponbideek eskaintzen dizkieten abantailak?

Guk animatzen ditugu enpresa txikiak konponbideak ezartzera, euretako asko sinetsirik baitaude 4.0 Industria enpresa handien esku baino ez dagoela. Malgutasunez jokatzen dugu, hau da, proiektuak abiarazten ditugunean aukera ematen diogu enpresari informazioa bilduko duen sentsore bakar bat instalatzeko. Hala, kostua txikia da hasieran, eta gero bezeroak sentsore gehiago jarri nahi baditu, proiektuen tamaina handitu dezake pixkanaka. Konponbide eskalagarriak dira. Kontua da hasieran bezeroaren prozesurako garrantzitsua den aldagai bat neurtzea, gero gehiago jar baitaitezke bere premien arabera. Datu mordo bat kargatzea baino nahiago dugu behar diren datuak aukeratzea eta zein hobekuntza dakartzaten ikustea.

 

OEE (Overall Equipment Effectiveness edo Ekipoen Erabateko Eraginkortasuna) da azpimarratzen duzuen elementuetako bat. Zergatik?

Gure ustez funtsezkoa da produkzioko ekipoen eraginkortasuna neurtzea. Ez du ezertarako balio makinaren erabateko disponibilitatea izateak, baldin produktuak ez baditu ehuneko ehunean betetzen ezarritako kalitate eskakizunak. Baina, era berean, ez du ezertarako balio kalitatezko produktu bat izateak makina ordu erdiro gelditzen bada. Kontuan hartu behar dira OEEren hiru aldagaiak: disponibilitatea duen makina bat izatea, ahalik eta luzeen erabili ahal izatea eta lana behar bezala egitea produktua egokia izan dadin. Hori betez gero, posible da denborak, kalitatea eta disponibilitatea hobetzea.

 

KENTU aurtengo martxoan jarri da martxan, koronabirusaren pandemiaren erdian. Zer suposatu du zuentzat COVID-19ak?

Batetik, gure bezeroen jarduera gelditu egin da. Enpresa asko daude ziurgabetasunean murgilduta, ez dakite zer gertatuko den datozen hilabeteetan eta inbertsioak gelditu dituzte. Baina, bestalde, argi gelditu da bulegotik eta lantegitik kanpo lan egin beharko dugula eta oso garrantzitsua izango dela gure makinen funtzionamenduari edo produkzioaren egoerari buruzko datuak eskuratu ahal izatea etxetik nahiz munduko beste edozein txokotatik, Interneterako sarbidea besterik ez dugularik izango datu horiek eskuratzeko. Batetik, aurrera egin dugu telelanaren inguruko pentsaeran, eta, bestetik, garai hobeak iritsi zain egon beharko dugu, denok bat egin dezagun 4.0 Industriaren olatuarekin.

 

Zein unetan dago KENTU orain?

KENTU PROCESS produktuarekin hasi genuen gure jarduera, hots, prozesuak neurtzeko balio duten konponbideekin. Orain, berriz, KENTU PRODUCT lantzen ari gara produktuak sentsorizatzeko. Adibidez, enpresa batek makinak ekoizten baditu eta makina hori sentsorizatzen badugu, posible dugu ematen zaion erabilpenari buruzko datuak bildu eta jasotzea, eta horrela, makina bera hobetzea. Mantenimendurako ere balio du. Datuetan ikusten badut makinari bibrazio bat sortu zaiola edo motorra ez dabilela ondo, zenbat eta lehenago eskuratu informazio hori, orduan eta azkarrago erantzun ahal izango dugu. Zerbitizaziorantz eta mantenimendu prediktiborantz goaz.

 

Hazitek-ek eta CDTIk diruz lagundutako I+G-ko proiektuak ere egin ditugu makina-erremintaren sektorerako. Tornuetako mantenimendu prediktiboa egiten dugu zehazki. Bibrazioak aztertzen ditugu tresna zenbateraino narriatuko den aurreikusteko.

Lotutako albisteak

Lasercoat  startupak  korrosioaren  aurkako  laser-teknologia  sortu  du  itsasoko  garraioarentzat
11/12/2025 Ekintzailetza

Lasercoat startupak korrosioaren aurkako laser-teknologia sortu du itsasoko garraioarentzat

Top 101 Spain Up Nation Errekonozimenduen II. edizioko finalisten artean egon diren Euskadiko sei startupetako bat da enpresa

Roiward:  “Txandakatzea  da  ETE  baten  kostu  ezkutu  handienetako  bat”

Roiward: “Txandakatzea da ETE baten kostu ezkutu handienetako bat”

Roiward Bilbon jaio zen, eta enplegatuen ongizatea enpresentzako aktibo bihurtzeko erronka hartu zuen bere gain. Horretarako, fintech, HRTech eta lan-ongizatea geruza teknologiko bakar batean konektatzen dituen eredu bat proposatu du.

Formesa,  digitralizazioaren  aldeko  apustua  egin  duen  forjaketako  eta  mekanizazioko  enpresa

Formesa, digitralizazioaren aldeko apustua egin duen forjaketako eta mekanizazioko enpresa

Mungiako enpresak SPRI Taldearen laguntza jaso du Industria digitala programaren baitan, eta negozioaren % 1,5 I+G arlora bideratzen du

Duara:  “Besteentzat  hondakina  dena,  guretzat  lehengaia  da”
04/12/2025 Ekintzailetza

Duara: “Besteentzat hondakina dena, guretzat lehengaia da”

Bilboko berrikuntza-agentziak moda iraunkorreko zuzeneko lehiaketak antolatzen ditu, lankidetza-eredu zirkular eta ekosistemarekiko errespetuzko baten aldeko apustua indartzeko.

Betsaide,  adimen  artifizialaren  bitartez  digitalizazioa  sustatzen  duen  Bizkaiko  galdaketa-enpresa

Betsaide, adimen artifizialaren bitartez digitalizazioa sustatzen duen Bizkaiko galdaketa-enpresa

Elorrioko enpresak eskari komertzialen automatizazio-sistema adimenduna garatzeko erabili du SPRI Taldearen dirulaguntza.

Kroketak.eus,  bi  ekintzaile  arabarren  omenaldia  euskal  gastronomiari
03/12/2025 Ekintzailetza

Kroketak.eus, bi ekintzaile arabarren omenaldia euskal gastronomiari

Juan eta Patxiren ibilbideak 2017an gurutzatu ziren eta proiektu komun bat sortu zen emaitza bezala: kroketak, prestatutako gisatuak eta postreak egiten dituen enpresa bat, tokiko ekoizleen sare batean oinarrituta.

Bilenko  startupak  konektagarritasuna  eskaintzen  du  landa-eremuetan  eta  industria-eremuetan

Bilenko startupak konektagarritasuna eskaintzen du landa-eremuetan eta industria-eremuetan

Bizkaiko enpresak proiektuak garatu ditu dagoeneko Euskadin, Nafarroan, Kantabrian eta Kanarietan.

RK  Solutions  handizkako  informatikako  denda  da  eta  ETE-entzako  software  soluzioak  hornitzen  ditu

RK Solutions handizkako informatikako denda da eta ETE-entzako software soluzioak hornitzen ditu

Gernikako enpresa lau langiletik 80ra igaro da lau urtetan eta zortzi aldiz gehiago fakturatzen du orain, urtea bost milioi eurora iritsi arte.

Nexi  Health,  adimen  artifizialari  esker  osasun  mentalaren  eraldaketa
27/11/2025 Ekintzailetza

Nexi Health, adimen artifizialari esker osasun mentalaren eraldaketa

Gipuzkoako startupak teknologia digitalak garatzen ditu, osasun arloko profesionalei kontsultan %25rainoko denbora aurrezteko eta kasu larriak goiz detektatzeko aukera ematen dietenak.

Ariketa  fisikoa,  zientzia  eta  laguntza:  SISU  Bienestar  enpresaren  formula  minbiziari  aurre  egiteko
19/11/2025 Ekintzailetza

Ariketa fisikoa, zientzia eta laguntza: SISU Bienestar enpresaren formula minbiziari aurre egiteko

Bizkaiko enpresa honek unibertsitateko ikerketa eta entrenamendu pertsonalizatua uztartzen ditu, minbiziak iraun bitartean eta ondoren bizi-kalitatea hobetzeko.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.