Koiki, gizartea hobetzen duten eta hirietako kutsadura murrizten duten bidalketak
Bazterkeria arriskuan dauden pertsonak enplegatzen dituen mezularitza-sare hau presente dago 13 probintziatan
Koiki zerbitzuaren bidez bidalitako pakete bakoitzarekin 0’43 kg CO2 aurrezten dira eta, gainera, kolektibo kalteberen (hala nola, ezgaitasunak dituzten pertsonenak edo lan-merkatura sartzeko zailtasunak dituztenak) gizarteratzea sustatzen da. Enpresa hau azken miliako garraio hornitzaile bat da, eta banatzaileek beti oinez, bizikletan edo auto elektrikoetan egiten dute euren lana, horrek murriztu egin duelarik hiriguneetako kutsadura. Itxialdian zehar ere lanean jarraitu dute, bezero partikularren eskaera gero eta handiagoari erantzuteko.
“Mikrohub-en sare jasangarri bat gara, amaierako erabiltzailearen zerbitzura dagoena” dio Aitor Ojangurenek, Koiki enpresaren fundatzaileak, “nola mikrohub horiek hurbil dauden, hartzaileak berak erabaki dezake noiz joan behar dugun paketea entregatzera edo jasotzera”. Negozio-eredu honen bidez tokian tokiko zentroak sortzen dira, kolektibo kalteberekin lan egiten duten inguruko erakunde sozialekin lankidetzan. “Eurekin batzen gara eta bideragarritasun-plan bat egiten dugu” azaldu du Ojangurenek, “ erakundeentzat negozio-ildo bat da diru-sarrera berriak sortzeko, eta pertsona hauentzat modu bat enplegagarritasuna hobetzeko”. 2015ean sortu zenetik, 40 mikrohub sortu dira 13 probintziatan.
Enpresa hau oinarrizko zerbitzuetako bat da eta lanean jarraitu dute berrogeialdiko asteetan ere. Nahiz eta enpresentzako bidalketak izugarri jaitsi diren denbora honetan, bezero partikularrentzako pakete kopurua ia % 100 handitu da, fundatzailearen arabera. “Lehen egunetan, banatzaileetako asko gelditu egin ziren beldurtuta zeudelako, baina pixkanaka jarduera berreskuratzen joan gara eta geroztik etengabe hazi da, betiere segurtasun- eta higiene-neurriak betez”.
Koiki mikrohub-sareak lanaldi partzialeko 100 pertsona enplegatzen ditu, eta 2019an 300.000 pakete inguru entregatu zituzten, horrek esan nahi du 15 tona CO2 gutxiago isuri zirela. Gainera, lan-prestakuntza eman die egoera kalteberan dauden 500dik gora pertsonari, euren enplegagarritasuna hobetuz.
Etorkizuneko planei dagokienez, enpresaren helburu nagusia da lanpostuak sortzen jarraitzea, eta bere presentzia handitzea 50.000tik gora biztanle dituzten Estatuko 150 herriraino iritsi arte. “Egun hauetan zerbait ikusi badugu da hiriak aldatu egin behar duela” esan du Aitor Ojangurenek, “espazio gehiago eman behar zaio garraio jasangarriari, eta banaketako ibilgailuak murriztu behar dira”. Ideia horrekin, Koiki enpresak presentzia izan nahi du hiriguneetan, isuri gutxiko eremuen aldeko apustua eginaz bere negozio-eredu sozialarekin.
Lotutako albisteak

Diker, osasungintzaren sektorerako injekzio bidezko plastikoetan Euskadi mailako erreferente bihurtu nahi duen ETEa
Oiartzungo enpresa, gaur egun, batez ere automobilgintzaren eta elektronikaren sektorearentzat ari da lanean

Euskadi agenda 2030 sariak 60 erakunde aintzatetsi ditu, garapen jasangarriaren helburuekin duten konpromisoagatik
SPRIk eta Euskadiko Parke Teknologikoak konpromiso-diploma lortu dute

Einnek, bost urte etengabe eboluzionatzen sektore elektriko-elektronikoan
Pandemia betean jaio zen enpresak eraldaketa digitalaren aldeko apustua egin du hasieratik, sektorean bereizteko; bideojoko bat ere sortzen ari da, ingeniaritzako eta muntaiako barne-prestakuntza teknikoa iraultzeko.

Enpresa industrialen eta industria adimendunean espezialistak diren enpresa digitalen arteko elkarlana erraztuko du SPRI Taldeak
Enpresen Networkinga 2025 - Smart Industry kongresuaren 8. edizioa egingo dute martxoaren 26an, Bilbon, eraldaketa digitalari laguntzeko

Logistikari buruz Euskadin egiten den kongresuaren hirugarren edizioa egingo dute BECen
Azoka da iparraldeko eremuan packagingaren, logistikaren eta garraioaren sektoreak biltzen dituen azoka bakarra