Filtra tu búsqueda



Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 9 Marzo, 2022 Ekintzailetza Eraldaketa digitala Up Euskadi BDIH konexio programa Start up UP Euskadi

Linq startup-ak 1,2 milioi euroko finantzaketa-erronda bat itxi du

Enpresa donostiar hau pieza industrialen ikuskapen ez suntsitzailean espezializatuta dago eta BDIH Konexio programako laguntza bat jaso du
Ibon Iribarren, Linq enpresako zuzendari nagusia.

Linq startup-a aurrera egiten ari da etengabe azken lau urte hauetan. Donostian kokatua, pieza industrialak suntsitu gabe ikuskatzeko sistema berritzaile bat garatu du eta hilabete honetan itxiko du bere lehen kanpo-inbertsio erronda (1,2 milioi). Linq-ek SPRI Taldearen laguntza jaso du BDIH Konexio programaren bitartez, zeinarekin Basque Digital Innovation Hub-ek ETEen eskura jartzen duen fabrikazio aurreratuko aktibo eta zerbitzu sare konektatu bat prestakuntzarako, ikerketarako, testak egiteko eta baliozkotze prozesuetarako.

Linq 2018ko urrian sortu zuten lau ekintzailek eta Donostiako Ceit teknologi zentroak, “zeinak diagnostikatu baitzuen teknologia asko garatzen duela, baina bultzada bat eman nahi diola teknologia hori industriara transferitzeko prozesuari. Guk uste dugu horixe dela gure indargunea, hots, teknologia eramatea bezeroei, eta ikusi genuen bazegoela gaia enpresa bat muntatzeko teknika elektromagnetikoetan oinarritutako ikuskapen ez suntsitzailearekin”, azaldu du Ibon Iribarrenek, Linq enpresako zuzendari nagusiak.

Horrela sortu zuten enpresa, non “Ceit-ek I+G ekarpen handia egin zuen, eta guk produktuak merkaturatu eta industrializatzeko gaitasuna jarri genuen. Ohartu ginen teknologia horrek sekulako aplikazio-potentziala zuela ikuskapen industrialaren arloan”.

Ikuskapen ez suntsitzaileaz gain, beste negozio bat ere garatu dute: barne-logistika adimenduna. “Industrian badago makina-parke handi bat, nahiz ez beti makina berriak, datu mordo bat produzitzen dutenak baina ez direnak kudeatzen denbora errealean. Horregatik, lantegi asko luzaro egoten dira geldirik barne-logistika arazoengatik: adibidez, tresnak kontsumitzen dituen lantegi makinadun batek gelditu egin behar du tresna horiek higatu egin direlako eta tresna berria iritsi zain daudelako”.

Linq enpresak robot mugikorrak erabiltzen ditu tresna horiek garraiatzeko; “horrela, ez da langilerik behar piezaz betetako gurdiak garraiatzeko, eta tresnak behar den tokira iristen dira makinak gelditu baino lehen. Gai gara datuak denbora errealean irakurtzeko eta robotei helarazteko. Horrek besteengandik ezberdin egiten gaitu”.

Munduan beste bi enpresa bakarrik

Baina enpresa honen negozio-aukera handienak ikuskapen ez suntsitzailean daude, “munduan beste bi enpresa bakarrik daudelako gurekin lehiatzen direnak. Merkatu hasiberria da”. Piezaren ezaugarri desberdinak egiaztatzen dituzte: propietate mekanikoak, gogortasuna, geruza edo materialaren mikroegitura uniformea den ala ez… “sentsore bat erabiltzen dugu horretarako, pieza zertxobait imantatzen duena, eta piezak bueltan igortzen dion seinale magnetikoa jasotzen duena. Horrela detektatzen da piezak arazorik daukan ala ez. Gure asmoa ez da hainbeste akatsak bilatzea nola begi hutsez ikusi ezin diren propietate mekanikoak detektatzea”.

Iribarrenek azpimarratu du piezak hausteko sistema tradizionalak hiru arazo dituela: “sortzen duzun txatarrak kostu bat du (bezero batek esan zigun urtean 250.000 dolar gastatzen zituela), hainbat ordutako lana da, eta ez du bermatzen piezen fidagarritasuna”.

Hiru urte eta erdiko ibilbidea egin ondoren, enpresak eboluzionatu egin du eta makinak saltzen jarraituko badute ere, “gure balio erantsi handiena sentsoreetan eta adimenean dago. Horretan zentratu nahi dugu. Uste dugu hortxe dagoela potentzial handiena”, baina egungo bi negozio-ildoak mantenduko dituzte.

Gaur egun enpresak hamabi langile ditu, eta bere urteko fakturazioa milioi bat eurokoa da batez beste. Hil honetan itxi berri duten kanpo-finantzaketa errondari esker, hasierako 450.000 euroko inbertsioari 1,2 milioi euro gehituko zaizkio. I+G-ko inbertsioa funtsezkoa da enpresarentzat, eta iaz 800.000 eurorainokoa izan zen (negozio-zifra baino handiagoa).

BDIH Konexio programaren bidez jasotako laguntzarekin nagusiki automozio sektorera zuzendutako engranaje eta ardatz koskadunak ikuskatzeko proiektu bat garatu dute. “Dagoeneko baliozkotze-fasean gaude hainbat bezerorekin, euren artean Ford eta ZFrekin AEBetan, eta Jtekt japoniarrarekin Frantzian”.

Etorkizuneko erronkak dira bere inbertsioak eta baliozkotzeak azkartzea, eta ikuskapen ez suntsitzaileen teknologia garatzea. “Eta jarduera komertziala azkartzea. Gure plana da aurten 800.000 euro fakturatzea eta 2023an bi milioi euroraino iristea”. Iribarrenek dio etorkizunean inbertsio-zabalkunde berriak egingo dituztela, “edo bestela astiroago haziko gara, baina marjina zabalagoekin. Eta sentsoreetan zentratuko gara, makina osoan barik”.

Lotutako albisteak

Wake Up Euskadi 27 abendua, 2024 Ekintzailetza
Wake Up! Albiste ekintzaile batzuk sarean
Irakurri gehiago
Dryfing Naia Espinosa 27 abendua, 2024 Ekintzailetza
Arabako startup-a Dryfing, Expansión Start UP Sariak Ingurumen kategorian lehen saria
Irakurri gehiago
26 abendua, 2024 Ekintzailetza
Marzianosek gozoki osasungarriez gozatzeko aukera ematen du, zaporeari uko egin gabe
Irakurri gehiago
Wake Up Euskadi 20 abendua, 2024 Ekintzailetza
Wake Up! Albiste ekintzaile batzuk sarean
Irakurri gehiago
19 abendua, 2024 Ekintzailetza
BIC Bizkaiak 10. urteurrena ospatzen du 65 enpresa garatu, 500 lanpostu sortu eta 175 milioi euroko fakturazioarekin
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak