Ludus VR enpresak industriara eraman du birtualizazioa
Errealitate birtuala, handitua eta mistoa aplikatzen ditu entrenamendu-lanetarako, mantenimendu prediktiborako eta produkzioa optimizatzeko
Errealitate birtualak, handituak eta mistoak gero eta protagonismo handiagoa dute ingurune industrialetan. Adituek aurreikusten dute horrelako teknologiak garatzen dituzten enpresek hazkunde-zifra handiak izango dituztela. Munduko enpresa garrantzitsuenetako batzuk (esaterako, Google, Microsoft, Facebook –Oculus enpresaren bitartez-, Samsung edo HTC) dagoeneko hasiak dira bisore eta gailu haptikoak (ukimenaren bidez erabiltzen direnak) ekoizten, horrelako teknologien murgiltze-esperientziez gozatzeko.
2016an Ludus VR euskal konpainiak joera horrekin bat egin zuen, eta orduan hasi zen ekoizten errealitate birtual, handitu eta mistoko produktuak, industriara eta larrialdietara espezifikoki bideratuak. Bere lehenengo garapenetako bat izan zen orgatila jasotzaileak erabiltzeko errealitate birtualeko simulagailu bat. Horri esker, langileek beren gaitasunak entrenatu ditzakete istripua izateko edo ibilgailua iraultzeko arriskurik gabe. Oso sinplea da, nahikoa baita errealitate birtualeko bisore bat jartzea, orgatilaren aginte mahai berbera duen kabina batean esertzea eta egoera desberdinak simulatzea. Hegazkinetako pilotu askok erabili izan dutenaren antzeko simulagailu bat da, baina gaur egun teknologia garatuago dago, eta kostuak askoz txikiagoak dira.
Enpresaren azken proiektuak Fall Protection VR du izena eta altuera handiko erorketen simulagailu bat da, eraikuntza sektorean edo lantegi industrialetan erabiltzeko. “Osalanek finantzatutako ekimen bat da, zeinaren bidez langileek birtualki ikasten baitute zein protokolo aplikatu altueran lanean ari direnean. Asaken prestakuntza-zentroak eman digu horretarako ezagutza espezifikoa, eta gidari-lana egin digu, simulagailuetan jarraitu beharreko protokoloak azalduz eta segurtasun prozesu guztiak baliozkotuz” dio Jon Iñaki Martínezek, Ludus VR enpresako zuzendari nagusiak eta teknologia zuzendariak.
Baina langileen prestakuntzaz eta entrenamenduaz harago, horrelako teknologiak dagoeneko hasi dira muturra sartzen beste esparru batzuetan, esaterako, denbora errealeko datuen bistaratzean edota makina desberdinen urruneko kontrolean. Jon Iñaki Martínezen arabera, “gero eta informazio- eta datu-sistema gehiago integratzen dira lantegietan; datu horiek bistaratzea izango da hurrengo urratsa. Oraindik ez dago argi errealitate birtualeko edo handituko teknologiak erabiliko ote diren horretarako. Uste dut biak bateragarriak direla, eta ahalegina egingo dela hardwarea (bisoreak edo betaurrekoak) bateratzeko, posible izan dadin datuak bi moduetan bistaratzea. Dagoeneko hainbat enpresa etorri zaizkigu denbora errealeko bistaratze sistemak eskatzera, eta badirudi hori dela joera nagusia”.
Konpainia bizkaitarrak baditu errealitate birtuala, handitua eta mistoa konbinatzen dituzten beste proiektu batzuk Sidenor eta Gas Natural enpresentzat eta automozioaren sektoreko hainbat konpainiarentzat. Ludus VR-k 24 langile ditu, eta duela gutxi bulego komertzial bat ireki du Madrilen.
Lotutako albisteak

Elvira, berrikuntza eta tradizioa osagai nagusi dituen istorio gastronomikoa
Harategi-urdaitegi txiki bat izatetik, gaur egun hamar establezimendu inguru ditu etxean egingo liratekeen moduan prestatutako produktuak saltzeko, online dendan ere saltzen direnak.

Egin ezazu prestakuntza-plana zure enpresan Gaitasun Digitalen programarekin
«Gaitasun Digital Profesionalak» programaren edizio berriak 2 milioi euroraino igo du bere aurrekontua, euskal enpresen lehiakortasuna sustatzen jarraitzeko helburuarekin, langileen prestakuntza indartuz.

% 64 egin dute gora Eusko Jaurlaritzak SPRIren bitartez antolatutako IKT arloko prestakuntzara joandakoek
Enpresa Digitala ekimena 3 lurraldeetako bost gune fisikotan eskaintzen da eta ireki den azkena Ezkerraldekoa izan da, Abantoko campusean

Irudi B2B: 7 urte marketin digital industriala aztertzen bere blogaren bidez
Bere blogaren helburua: ezagutza erabilgarria partekatzea, industriak kanal digitalaren potentziala ahalik eta gehien aprobetxa dezan.

Industria Digitaleko laguntzek zure negozioaren eraldaketa digitala lortzeko bidea irekiko dizute
Industria Digitala 2025 laguntza-programaren aurtengo edizioa martxoaren 18tik irekita, 7.5 milioi €-ko aurrekontuarekin. Euren negozioa digitalki eraldatu nahi duten enpresek urriaren 31era arte aurkez ditzakete euren eskaerak.