Filtra tu búsqueda



Samylabs.
Berrikuntza Eraldaketa digitala
Elkarrizketak 25 iraila, 2018

Metalean inprimatzeko Estatuko lehenengo 3D SLM inprimagailua garatu du SamyLabs enpresak

Enpresa bizkaitarrak asmoa du datorren urtean teknologia propiodun makina bat merkaturatzeko prezio lehiakorrean

 

Enpresa bizkaitarrak asmoa du datorren urtean teknologia propiodun makina bat merkaturatzeko prezio lehiakorrean

 

SamyLabs enpresaren atzean hiru ekintzaile daude, zeintzuek beren ezagutzak (diseinua, mihiztadura, mekanika, automatizazioa, elektronika eta programazioa) elkartu baitituzte mota guztietako asmakizun mekanikoak garatzeko, hutsetik hasita eta osagai berrerabilgarriak baliatuz: laser markagailuak, robotak, elizetarako lanpadario elektronikoak eta material plastikoan inprimatzeko 3D gailu bat. Beren ametsa betetzeko zorian dauden Amador García Usábelek, Jose Félix Torre Santosek eta Jon Martínez Garcíak oso barneratuta dute Maker kultura eta DIY (Do It Yourself ingelesezko siglak) filosofia.

 

Duela bi urte metalean inprimatzeko Trumpf enpresaren 3D inprimagailua deskubritu zuten ADDIT3D azokara eginiko bisita batean. Makina haren osagaiak eta teknologia aztertu ostean, pentsatu zuten metalean inprimatzeko 3D makina bat fabrikatu zezaketela SLM teknologia erabiliz. Bi prototipo eta makina erdi-funtzional bat garatu ondoren, Ekintzaile programaren laguntza (SPRI Taldea eta Eusko Jaurlaritza) eta Bizkaiko Foru Aldundiaren 1. Arloko diru-laguntza jaso ondoren, eta Europar Batasunaren OpenMaker programan parte hartu eta ONA Electroerosión enpresarekin lankidetzan aritu ondoren, orain badute makina komertzial bat: Alba 500. Jon Martínezek hartu du hitza SamyLabs enpresako hiru bazkideen izenean.

 

Zein abantaila eskaintzen ditu SLM teknologiak metalean inprimatzeko orduan?

SLM teknologiak (Selective Laser Melting edo Laser bidezko Fusio Selektiboa) aukera ematen du tamaina txikiko pieza konplexuak sortzeko, laser bidez fusionatutako metal-hautsa gehituz. Abantaila handiena da teknologia honekin posible dela beste mekanizatu-prozesu batzuekin sortu ezin daitezkeen piezak sortzea, esaterako, pieza hutsak, barruko egitura duten elementuak (arinagoak eta gogorragoak) eta barruko hodiak dituztenak. Gainera, amaierako pieza funtzionala fabrikatzen du. Beste abantaila bat da material asko erabil daitezkeela inprimatzeko, hala nola, aluminioa, altzairua, titanioa edo kobaltoa.

 

Zein sektoreri interesatzen zaio gehien teknologia hori?

Indarrez sartu da aho-hortzetako medikuntzaren eta protesien sektoreetan. Horrelako inprimagailu batek hortzetako 50 inplante ekoitz ditzake tirada bakar batean eta ordu gutxi batzuetan, denbora asko aurrezten delarik. Industria sektorean ere erabiltzen da, moldeak edo moldeetako txertatuak fabrikatzeko edo stock-ean ez dauden ordezko piezak egiteko. Erabilpen handia du baita ere automozio sektorean eta aeronautikarenean. Oso enpresa gutxik garatzen dute teknologia hori. Hain zuzen, Europan hamar baino gutxiago dira 3D SLM inprimagailuak merkaturatzen dituzten konpainiak, eta Estatuan geu gara bakarrak.

 

Zein unetan dago SamyLabs proiektua?

Une honetan badugu prototipo komertzial bat, Alba 500 izenekoa, ONA Electroerosión enpresarekin lankidetzan garatua. Makina fabrikatzen lagundu digute, eta guk jarri ditugu elektronika, laserra, kontrola eta ijezketa-softwarea. Bestalde, lau bezero trakziogile bilatu ditugu eta makina eskaini diegu kostu-prezioan, trukean aukera eman diezaguten probak egiteko, teknologia orrazteko eta egiaztagiriak lortzeko. Garrantzitsua da makina ahalik eta gehien hobetzea merkatura atera baino lehen, eta bezeroek horretan laguntzen digute. Prozesu horren erdian gaude orain, eta Europa mailako egiaztagiriak lortzen ari gara. Gure asmoa da datorren urtean merkaturatzea.

 

Zerk bereizten du zuen 3D inprimagailua merkatuan dauden beste batzuengandik?

Gure helburua da Asiako merkatuak eskaintzen dituen inprimagailuak eskaintzea, antzeko prestazioekin eta Asiako merkatuko prezioetan. Produktu bat Asian erostearen arazoa da laguntza behar duzunean ez dela erraza laguntza hori lortzea eta ezin duzula eskuratu ezinbestekoa den know-how-a. Guk Europan fabrikatuko dugunez, gai izango gara bezeroarentzat hain beharrezkoa den laguntza emateko. Gure Alba inprimagailuak badu beste abantaila bat lehiakideen aldean: ijezketa-software propioa dugu, urteotan guk geuk garatua, zeinak aukera ematen baitio bezeroari inprimaketa prozesuko parametro desberdinak aldatzeko. Beste markek ez dute horrelakorik eskaintzen. Bezeroak hainbat parametro aldatu ditzake: geruzaren lodiera, geruza metatzeko denbora, potentzia, laserraren abiadura, moduak, pasadak, offset-a… Gure softwarearekin posible da inprimatzeko behar den denbora eta inprimatutakoaren kalitatea kontrolatzea.

 

Nolako harrera egin dio merkatuak SamyLabs-en proiektuari?

Bikaina. Dena oso azkar doa. Ideia duela bi urte sortu zen, 2016ko ADDIT3D azokan. Urtebeteren buruan Alba 250 aurkeztu genuen azoka hartan bertan. Interesatu asko hurbildu zitzaizkigun, besteak beste, inbertitzaile pribatuak, enpresak eta inbertsio funtsak, baina erabaki genuen geure kabuz jarraitzea, ez genuelako bazkide baten menpe egon nahi. Geure dirua inbertitu dugu, eta hau guztia ez zen posible izango ez bagenitu jaso Ekintzaile programaren laguntza (SPRI Taldea eta Eusko Jaurlaritza) eta Bizkaiko Foru Aldundiaren 1. Arloko diru-laguntza, ez bagenu parte hartu Europar Batasunaren OpenMaker programan Tecnaliaren eskutik, eta ez bagenu lankidetzarik abiatu ONA Electroerosión enpresarekin. ADDIT3D azokaren azken edizioan Alba 500 aurkeztu genuen, eta ikusi dugu jendeak oraindik baduela interesa. Ondo bidean, datorren urtean aurkeztuko dugu metalean inprimatzeko Espainiako lehenengo 3D SLM makina, prezio eta guzti.

Lotutako albisteak

Naberan  Sareak:  “Hazinnovak  enpresan  pertsonen  arteko  harremanak  hobetzen  lagundu  digu”
30/01/2025 Berrikuntza

Naberan Sareak: “Hazinnovak enpresan pertsonen arteko harremanak hobetzen lagundu digu”

Gipuzkoako enpresak itsasorako arraste-sareak fabrikatzen ditu berrikuntza-elementu ugarirekin, artisau-lana eta teknologia aurreratua konbinatuz.

Arrosi:  “Surfeko  oholen  fabrikazioa  da  paper  kizkurtuaren  aplikazio  exotikoenetako  bat”
21/01/2025 Berrikuntza

Arrosi: “Surfeko oholen fabrikazioa da paper kizkurtuaren aplikazio exotikoenetako bat”

Elduainen dagoen enpresa honek lau hamarkada daramatza papergintzaren erreferentzia izaten

Zerbimek:  “Serie  laburren,  pieza  unitarioen  eta  prototipoen  mekanizazioan  espezializatzen  gara,  eta  hori  ez  da  ohikoa  sektorean”
20/01/2025 Berrikuntza

Zerbimek: “Serie laburren, pieza unitarioen eta prototipoen mekanizazioan espezializatzen gara, eta hori ez da ohikoa sektorean”

CNC mekanizazioan espezializatutako enpresak 'Prestakuntza Dualeko Gipuzkoako Enpresarik Onenaren' saria jaso du bere talentu gaztearen aldeko apustuagatik.

Marijo  Pagalday  (Mondragon  Korporazioa):  “Gure  helburua  balio  kate  osoa  hartzen  duen  360º  digitalizazioa  eskaintzea  da”

Marijo Pagalday (Mondragon Korporazioa): “Gure helburua balio kate osoa hartzen duen 360º digitalizazioa eskaintzea da”

Mondragon Korporazioko Ingeniaritza eta Zerbitzuen saila 9 kooperatiba autonomok osatzen dute, eta elkarrekin koordinatuta daude. Kooperatiba horiek 3.000 lanpostu inguru sortzen dituzte zuzenean, eta 300 milioi euroko fakturazioa dute.

Zeatz:  “Urte  hauetan  lortutako  esperientziak  garrantzi  handiko  proiektuei  aurre  egiteko  aukera  ematen  digu”
19/12/2024 Berrikuntza

Zeatz: “Urte hauetan lortutako esperientziak garrantzi handiko proiektuei aurre egiteko aukera ematen digu”

Neurrira diseinatutako zatitzaileen fabrikazioan espezializatutako Gipuzkoako konpainiak berrikuntzaren eta zentro teknologikoekin lankidetzan aritzearen alde egiten du, irtenbide pertsonalizatuak garatzeko.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.