Ana Padró, Ana Fernández de Arbina, Laura Unzueta, eta Josetxu Silgo, Metxako langileak.
Ekintzailetza Eraldaketa digitala
Albisteak 11 otsaila, 2019

Metxa, Internet bidezko azeleragailu berritzailea euskal startupentzat

Gasteizen kokatuta dagoen konpainia gazte honek 30 proiektu ekintzaileren funtzionamendua hobetu du

Gasteizen kokatuta dagoen konpainia gazte honek 30 proiektu ekintzaileren funtzionamendua hobetu du

Ekimen honen berezitasuna da ekintzailetzarako inbertsioak lortzen dituela 10 asteko programa trinko baten bidez

 

Laguntza ematea ekintzaile izateko. Horra Metxaren helburua. 2015ean sortutako enpresa gazte hori Gasteizen kokatuta dago eta 30 startupen funtzionamendua hobetzea lortu du. Hauek dira bere arrakasta bermatzen duten datuak: babestu dituen proiektu berrien %90 martxan daude oraindik eta %74k inbertitzaileen finantzaketa lortu dute. Portzentaje esanguratsuak ekintzailetzaren mundu konplikatu honetan, non Eusko Jaurlaritza ere inplikatu baitzen duela hainbat urte Up! Euskadi programaren bitartez.

 

Metxa bi hankaren gainean sostengatzen da, Josetxu Silgo zuzendari nagusiak eta Laura Unzueta bazkideak azaldu dutenez. “Batetik, inbertsio funtsak kudeatzen ditugu, non 800.000 euro inbertitu baitira. Bestetik, hasierako urteetan dauden ekintzaileen proiektuak azkartzen ditugu: ekintzaile bakoitzak erronka bat planteatzen digu eta guk entrenamendu moduko bat diseinatzen diogu, 10 astekoa eta online egin daitekeena”. Hurrengo urratsa da proiektuari sei hilabeteko jarraipena egitea.

 

Metxa da online lan egiten duen Espainiako azeleragailu bakarra. Gainera, beste haztegi publiko batzuek baino programa trinkoagoa eskaintzen du. “Eta inbertsioa eskaintzen dugu, horixe baita ekintzaileek bilatzen dutena. Haztegiek hasierako faseetan dauden startupak aukeratzen dituzte; guk, berriz, merkatutik hurbilago dauden proiektuetan lan egiten dugu” diote Silgok eta Unzuetak.

 

Azken hiru urteotan Metxak zortzi proiektu berritzailetan inbertitu du -ia denak Euskadikoak-, besteak beste, hauetan: Osoigo (politikariak hiritarrekin konektatzeko plataforma), Hunters of Magic (bideo-jokoak) edo Dog Vivant (zakur-jabeak hotelekin harremanetan jartzeko market place bat). Proiektu bakoitzeko inbertsioa 75.000 eurokoa izaten da batez beste eta Metxa Inversiones sozietatearen bitartez egiten da, zeinak bere baitara biltzen baititu enpresaren fundatzaileak eta dozena bat inbertitzaile. Horietako bat da Eusko Jaurlaritza, 2018an sartu zena Arrisku Kapitaleko sozietatearen bitartez eta 100.000 euroko ekarpena egin duena.  “Ekintzailearentzat errazagoa da hori, bazkide bakarra duelako eta ez hamar bazkide desberdin”.

 

Enpresek hainbat baldintza bete behar dituzte inbertsio horiek jasotzeko: proiektu eskalagarriak eta berritzaileak izatea, ekintzaile bat enplegatuta egon dadila lanaldi osoan, “eta dagoeneko lehen bezeroak izatea, baina ez dauka errentagarri izan beharrik sartzeko unean”.

 

“Intentsitatea sortzen duelako ekintzailearengan”

Metxaren negozioa da startupei zerbitzuak eskaintzea “eta egiten ditugun inbertsioen itzulerak ere bai, baina hori epe luzeko negozioa izango litzateke, sei edo zazpi urte barru goizenera ere”.  Aholkularitza eskatzen dieten startupek helburutzat dute merkatura iristea, salmentak handitzea edo inbertsioak erakartzea. “Euren alderdi makalena indartzeko lan egiten dugu. Gerta liteke merkaturako gaizki diseinatuta dagoen produktu bat izatea”.

 

Sinetsirik daude beren 10 asteko azelerazio-sistema trinkoa egokia dela, “intentsitatea sortzen duelako ekintzailearengan eta helburua ez delako lausotzen.  Behartuta daude egunero lan egitera”.

 

Enpresa teknologikoetan zentratuago dauden beste proiektu batzuek ez bezala, Metxak mota guztietako startupak onartzen ditu bere programan. “Adibidez, arropa edo zapata markak dituzten ekintzaileekin lan egiten dugu. Baina egia da osagai teknologiko bat dutenak edo Internetekin lotuta daudenak azkarrago hazten direla”.

 

Azeleragailu honetan dago, esaterako, sinadura digitalen munduko Fingerink enpresa: “Guregana jo zuten inbertsioa erakarri nahi zutelako euren proiekturako eta jadanik lortu dituzte lehen bezeroak”; edo bulegoetarako janari zerbitzua eskaintzen duen Papous enpresa: “kasu honetan fakturazioa handitzea zen beren helburua. Hamar astean hirukoiztu egin zituzten beren diru-sarrerak”; edo Mondragon Unibertsitateko neska talde batek sustatutako Feel my way proiektua, gazteentzako bidaiak eskaintzen dituena Europan eta AEBetan barrena, non toki bat ezagutze hutsa baino esperientzia zabalagoa eskaintzen baitute: mota guztietako dinamikak proposatzen dituzte integrazioa eta superazio pertsonala sustatzeko ingurune berrietan. “Horrelako proiektuak aukeratzen ditugu ikusten badugu ekintzaileak baduela sormena, eta borrokatzeko eta taldean lan egiteko gogoa”.

 

Azeleragailuaren beste bereizgarri bat da bere zerbitzua online eskaintzen duela; “hemen ez da oso ohikoa baina eredu hori ongi errotuta dago Estatu Batuetan” diote, eta aukera ematen die Euskaditik kanpoko proiektuekin ere lan egiteko. “Proiektuak dauzkagu Alacanten, A Coruñan, Salamancan eta Shangain ere bai, eta Mexikon eta Kolonbian ere izango ditugu hemendik aurrera”.

 

Silgo eta Unzuetak aitortu dute euren negozioa, plantillan bost lagun baino ez dituena, ziurgabetasunaren eremuan mugitzen dela. “Baina inbertsoreak izateak segurtasuna ematen digu, nahiz eta arrisku handiko inbertsioak izan”. Beren etorkizuneko helburua da startupetako inbertsio-zorro dibertsifikatua izatea, inbertsio berriak lortzea eta inbertsiorako bitarteko izaten jarraitzea. Horrez gain, startupen ekosistema on bat sortu nahi dute Euskadin, “oraingoz oso gaztea baita. Administrazioak ongi ari dira lanean, hor dugu adibidez BIND programa, baina kultura hori inbertitzaile pribatuengana eraman behar da”. Uste dute Euskadin ekintzailetza-mentalitate orokorragoa behar dela, eta hautsi egin behar dela “ekintzaile bihurtuko naiz ezin badut besteren kontura lan egin” ereduarekin.

 

Metxak hiruzpalau programa trinko egiten ditu urtean eta martxoan irekiko du hurrengoa. Aurten asmoa da 30 startup azkartzea eta dozena bat proiektu berritzailetan inbertitzea.

Lotutako albisteak

Eusko  Jaurlaritzak  startup  disruptiboen  talentua  eskuratzeko  aukera  emango  die  EAEko  ETEei
27/04/2025 Ekintzailetza

Eusko Jaurlaritzak startup disruptiboen talentua eskuratzeko aukera emango die EAEko ETEei

SPRIk BIND SMEren 5. edizioa ireki du, EAEko ETEek startup berritzaileekin elkarlanean jardun eta haien lehiakortasuna hobetzeko. Deialdia uztailaren 4ra arte egongo da zabalik. Hautatutako ETEek teknologia disruptiboetara eta talentu berritzailera sarbidea izango dute, IA, jasangarritasuna edo Smart Factory bezalako arloetan soluzioak garatzeko.

EatAmigo,  ostalaritzako  eskaerak  automatizatzeko  AA  erabiltzen  duen  tresna

EatAmigo, ostalaritzako eskaerak automatizatzeko AA erabiltzen duen tresna

Gipuzkoako enpresak jatetxeekin, ostalaritza kateekin eta elikagai banaketa enpresekin egiten du lan estatu mailan, eta duela gutxi Mexikon lortu du lehen bezeroa.

ESGI  188  (European  Study  Group  with  Industry)  Bilbon  izango  da  2025eko  maiatzaren  26tik  30era
24/04/2025 Berrikuntza

ESGI 188 (European Study Group with Industry) Bilbon izango da 2025eko maiatzaren 26tik 30era

Enpresek problema matematikoak aurkezten dituzte azterketa-taldeak konpon ditzan, askotan modelizazio edo optimizazio moduan.

BeDIGITALek  zazpigarren  edizioa  ospatuko  du  BECen,  enpresa  eta  erakunde  liderren  partaidetzarekin

BeDIGITALek zazpigarren edizioa ospatuko du BECen, enpresa eta erakunde liderren partaidetzarekin

Ekainaren 3tik 5era izango da, +INDUSTRYren esparruan, herrialdeko Smart Manufacturing-ari eskainitako topagunerik handienean. SPRI Taldea erakusketarien artean dago, ‘Invest in the Basque Country’ programarekin.

Zabalgarbik  denbora  errealeko  analisi-tresnekin  modernizatu  du  bere  azpiegitura

Zabalgarbik denbora errealeko analisi-tresnekin modernizatu du bere azpiegitura

Besteak beste, biki digitala eta adimen artifizialean oinarritutako teknologiak ezartzeaz gain, lurrun-gainberogailu bat instalatzea du helburu enpresak, energia-eraginkortasuna eta jasangarritasun operatiboa hobetzeko ekimen estrategiko bat.

Zinemaldia  Startup  Challenge  2025
21/04/2025 Ekintzailetza

Zinemaldia Startup Challenge 2025

Izen-ematea: apirilaren 15etik ekainaren 2ra arte

Senvia  Systems-ek  beste  enpresa  batzuk  gidatzen  ditu  haien  sustapenean  eta  eraldaketa  digitalean

Senvia Systems-ek beste enpresa batzuk gidatzen ditu haien sustapenean eta eraldaketa digitalean

Iaz sortutako enpresa gipuzkoarrak sistemetan, komunikazioetan eta zibersegurtasunean oinarritutako IT zerbitzuak eta aholkularitza eskaintzen ditu.

Europako  ordezkaritza  bat  etorri  da  Euskadira  industria  teknologiko  kuantikoaren  lider  izateko  bertako  estrategia  hobeto  ezagutzeko

Europako ordezkaritza bat etorri da Euskadira industria teknologiko kuantikoaren lider izateko bertako estrategia hobeto ezagutzeko

Finlandia, Grezia, Italia eta Espainiako ordezkariak izan dira Euskadin Europako QUANTUM+ proiektuan aurrera egiteko. GAIA klusterra da proiektuaren kideetako bat, eta helburu du teknologia kuantikoei buruzko ibilbide eta prestakuntza-plataforma bat garatzea goi-mailako hezkuntzako ikasleentzat, irakasleentzat eta enpresa teknologikoetako profesionalentzat

Akting,  gizarteari  balioa  emateko  teknologia

Akting, gizarteari balioa emateko teknologia

Gipuzkoako enpresak euskarri desberdinetarako aplikazioak garatzen ditu eta digitalizazioaren, datuen analisiaren eta prozesuen optimizazioaren aldeko apustua egiten du.

Elvira,  berrikuntza  eta  tradizioa  osagai  nagusi  dituen  istorio  gastronomikoa

Elvira, berrikuntza eta tradizioa osagai nagusi dituen istorio gastronomikoa

Harategi-urdaitegi txiki bat izatetik, gaur egun hamar establezimendu inguru ditu etxean egingo liratekeen moduan prestatutako produktuak saltzeko, online dendan ere saltzen direnak.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.