Mobby, legenarrak jotako pertsonak ahalduntzeko sandaliak
Enpresak Piramidearen Oinarri eredua jarraitzen du
Mobby proiektua Indiako enpresa sozial bat da, helburutzat duena legenardunak gizartean eta lan munduan integratzea. Tokiko merkaturako oinetakoak fabrikatzen dituen lantegi bat da. Legenarra jasandakoek edo haien senitartekoek lan egiten dute proiektuan, eta salmenten bidez lortutako irabaziak berrinbertitu egiten dira kolektibo horrentzako botiketan eta hezkuntzan.
Ekimen hori 2015ean jarri zen martxan Anesvad eta Alert – India GKEek bultzaturik. Une honetan, proiektu sostengarri bihurtzeko zorian dago arlo ekonomikoan, sozialean eta ingurumen arloan, Bikonsulting aholkularitzak emandako laguntzari esker. Asmoa da denborarekin langileek eurek kudeatu dezatela Mobby proiektua bertako Alert – India GKEaren laguntzarekin, 2019tik aurrera behar bezain sendoa izan dadin eta ez dezan izan Anesvad GKEaren finantzaketa premiarik. “Piramidearen Oinarri ereduko proiektu bat planteatu dugu, bazterkeria arriskuan dagoen komunitate bat ahalduntzeko” azaldu du Javier Goikoetxeak, Bikonsulting enpresaren sortzaileak, “horrek esan nahi du, legenardunei laguntzeko oinetakoak egiteaz gain, ekonomikoki sostengarria den negozio bat izango dutela”.
Gaur egun proiektuak lantegi bat du, komunitateko 12-20 lagun enplegatzen dituena. Baina Mobby zabalkuntza prozesuan murgilduta dago, lantaldeak asmoa baitu bigarren lantegi bat sortzeko oinetako gaitzak dituzten pertsonei zuzendutako oinetakoak ekoizteko. Ikuspegi horri esker, herrialdeko merkatu berrietan sartu ahal izango dira, eta epe ertainean, nazioarteko merkatuan ere bai. Gainera, produkzio-ildo berri horrek 3D eskaneatze prozesuak erabiliko ditu neurrira eginiko oinetakoak fabrikatzeko kostu handirik gabe. “Hiru alderdi landu nahi ditugu: soziala, ekonomikoa eta ingurumen arlokoa. Horregatik erabiliko ditugu berreskuratutako materialak eta ekonomia zirkularrarekin lotutako sistemak” dio Javier Goikoetxea aholkulariak.
Bestalde, proiektuak kanpaina bat dauka martxan ekimenari laguntzeko, eta nahi duenak salgai dauzka bertan Mobby txankletak. Salmenta horiekin oinetako bereziak banatuko dira Indian legenarra duten gaixoen artean, eta hezkuntza proiektuak finantzatuko dira.
Legenarra da, OMEren arabera, atentzio gutxien jasotzen duen eta ahaztuta geratu den gaixotasunetako bat, eta Indian daude kasu gehien. Sendabidea baduen arren, estigma handia dakar berekin, eta desgaitasun handiak eragin ditzake garaiz tratatzen ez bada. Ondorioz, komunitate txiroenak dira kaltetuenak eta gaitzak berekin dakarren bazterkeria soziala jasaten dutenak.
Lotutako albisteak

Elvira, berrikuntza eta tradizioa osagai nagusi dituen istorio gastronomikoa
Harategi-urdaitegi txiki bat izatetik, gaur egun hamar establezimendu inguru ditu etxean egingo liratekeen moduan prestatutako produktuak saltzeko, online dendan ere saltzen direnak.

Lorra, lau hamarkada inguru Bizkaiko nekazaritzako elikagaien kooperatibismoaren funtsezko zutabe gisa
Gaur egun, erakundearen lehentasuna zahartutako sektore honetako erretiroak ordezkatzea da, belaunaldi-erreleboaren bidez.

Egin ezazu prestakuntza-plana zure enpresan Gaitasun Digitalen programarekin
«Gaitasun Digital Profesionalak» programaren edizio berriak 2 milioi euroraino igo du bere aurrekontua, euskal enpresen lehiakortasuna sustatzen jarraitzeko helburuarekin, langileen prestakuntza indartuz.

NudgeXperience Bilbon: CX eta Portaera Zientzien ekitaldia
Zuzendariei eta gerenteei, Cx-eko arduradunei eta berrikuntza eta marketineko profesionalei zuzendua

Wake Up! Albiste ekintzaile batzuk sarean 250324
Euskadiko talentu ekintzaile guztia. Wake up! -ek komunikabide eta sareko blog desberdinek argitaratutako albisteen hautaketa txiki bat egunero partekatzen du Linkedinen: ideiak, proiektuak, negozioak, startupak, enpresak etab.