NUUK Mobility Solutions, motor elektriko adimendun, seguru eta berritzaileak
Nuuk Mobility Solutions (NMS) enpresa gazte bat da, ibilgailu elektriko arin eta adimendunentzako konponbide globalak eskaintzen dituena; produktu propioaz gain, mantenimendu, konektagarritasun eta finantzaketako zerbitzu osagarriak eskaintzen ditu. Sei urteko ibilbidea baino ez badu ere, aurreikusten du aurten 17 milioi fakturatuko dituela. Enpresa horrek SPRI Taldearen zibersegurtasun industrialeko programaren laguntza jaso du.
Zornotzako AIC (Automotive Intelligence Center) zentroan kokatutako konpainia hau 2017an sortu zen, eta 2018rako merkatuan zuten euren lehen motor elektrikoa, helburutzat izanik kalitatezko produktua eskaintzea. “Mugikortasun elektrikoko konponbide arin, adimendun eta seguruak eskaintzen dituen enpresa bat gara” adierazi du Ixone Busturia Maletek, NMSko zuzendariaren ondokoak.
Euren produktuak ibilgailu arinen kategorian sartzen dira, “hasi patineteetatik eta kuatrizikloetaraino”, adimendunak dira “konektatuta daudelako eta askotariko datuak (kontsumoa, gidatze mota, geo-kokapena eta telemetria) sortzen dituztelako denbora errealean”, eta, gainera, seguruak dira, “baldintza hori beti izan delako funtsezkoa guretzat”.
Beren jarduera ez da mugatzen ibilgailu adimendun elektrikoak eskaintzera, zeren enpresa honek zerbitzu osagarriak ere eskaintzen baitizkie bezeroei, hala nola mantenimendu profesionala, konektagarritasuna eta flotak erosteko finantzaketa.
NMSren hasierako produktua Gen motorra da, bere erabileraren arabera hiru bertsiotan eskaintzen dena. Bestalde, produktuak neurrira diseinatzeko zerbitzua eskaintzen du, eta Correos da (dagoeneko baditu NMSren 600 produktu) bere bezero nagusia. Hasierako modeloa eboluzionatu dute eta Cargopro izeneko produktu berri bat sortu dute Correosentzat. Banaketako motor konbentzional batekin konparatuz, Cargopro modeloak karga-gaitasun handia eta bateria finkoak ditu, eta beste pertsonalizazio batzuk ere bai. “Correosen jadanik ez dituzte gutun-azalak bakarrik garraiatzen, baita pakete handiak ere. Gure motorra egonkorragoa da, eta aukera ematen du 180-200 litroko bolumenak segurtasunez garraiatzeko”. Horrez gain, konektagarritasun eta mantenimendu zerbitzuak ere eskaintzen dituzte.
Gainera, “Eurocybcar enpresaren ESTP estandarren arabera eginiko Aenor-en Zibersegurtasun Ziurtagiria duen munduko lehen ibilgailua da. Ziurtagiri hori derrigorrezkoa izango da 2024ko uztailetik aurrera Europan saltzen diren ibilgailu guztientzat; momentuz arau hori ez zaie aplikatzen ibilgailu arinei, baina NUUKen aurrea hartzea erabaki dugu”.
Datorren apirilaren 25ean ekitaldi bat egingo dute Zibersegurtasun Ziurtagiria ofizialki jasotzeko.
Etxerako janari banaketa
Etxerako janari banaketaren merkatuan ere sartu da enpresa. “Duela gutxi merkaturatu dugu Ciklo izeneko hirugarren modelo bat, bereziki arlo horretara bideratua”. Gainera, sidecar bat duen modelo bat prestatzen ari dira, “zeina izan baitaiteke zamalanetarako edo turismoaren sektorerako, eta une honetan homologazioko tramiteak bukatzen ari gara”.
Hala, pakete globala eskaintzen diote bezeroari, merkatuan beste inork eskaintzen ez duen zerbitzua alegia. “Ez dugu ezagutzen negozio-eredu honekin pakete osoa eskaintzen duen hornitzailerik. Merkatu sortu berria da, eta etengabe aldatzen ari dena”.
Plantillan 36 langile daude, “35 urte dituzte batez beste, eta guretzat oso garrantzitsua da jendea trebatzea gurekin jarrai dezan”. Beren aurreikuspenen arabera, aurtengo ekitaldian 17 milioi euro fakturatuko dituzte, 6 zerbitzuen sektorean eta 11 ibilgailuen salmentan. I+G oinarrizkoa da beren negozioan, eta aurten 1,8 milioi bideratuko dituzte arlo horretara, fakturazio osoaren % 10.
SPRI Taldearen zibersegurtasun programako laguntza baliatu dute Zibersegurtasun Ziurtagiria duen lehen ibilgailuaren teknologia aplikatzeko. “Dagoeneko garatuta dago. Orain ikasitakoa inplementatzen ari gara”.
Etorkizuneko erronkei dagokienez, NMSk helburutzat dauzka bere salmentak bikoiztea, ibilgailuen katalogoa zabaltzea, plantilla sendotzea eta nazioartekotzea. “Dagoeneko 50 motor entregatu dizkiogu Costa Ricako Correosi”, eta lanean ari gara Portugaleko Correosekin. Espainiako Correosek bost milioi kilometro egin ditu motor hauekin bi urtean, eta datozen hilabeteetan beste 400 motorreko lote bat entregatuko diote.
“Bezeroak eta gizartea elektrifikatzen ari gara: eskaintza ekologiko-ekonomiko bat proposatzen dugu, orekatua eta irisgarria, baina automobilgintzak beti izan duen alderdi emozionala galdu gabe”.
Lotutako albisteak

EatAmigo, ostalaritzako eskaerak automatizatzeko AA erabiltzen duen tresna
Gipuzkoako enpresak jatetxeekin, ostalaritza kateekin eta elikagai banaketa enpresekin egiten du lan estatu mailan, eta duela gutxi Mexikon lortu du lehen bezeroa.

ESGI 188 (European Study Group with Industry) Bilbon izango da 2025eko maiatzaren 26tik 30era
Enpresek problema matematikoak aurkezten dituzte azterketa-taldeak konpon ditzan, askotan modelizazio edo optimizazio moduan.

BeDIGITALek zazpigarren edizioa ospatuko du BECen, enpresa eta erakunde liderren partaidetzarekin
Ekainaren 3tik 5era izango da, +INDUSTRYren esparruan, herrialdeko Smart Manufacturing-ari eskainitako topagunerik handienean. SPRI Taldea erakusketarien artean dago, ‘Invest in the Basque Country’ programarekin.

Zabalgarbik denbora errealeko analisi-tresnekin modernizatu du bere azpiegitura
Besteak beste, biki digitala eta adimen artifizialean oinarritutako teknologiak ezartzeaz gain, lurrun-gainberogailu bat instalatzea du helburu enpresak, energia-eraginkortasuna eta jasangarritasun operatiboa hobetzeko ekimen estrategiko bat.

Zinemaldia Startup Challenge 2025
Izen-ematea: apirilaren 15etik ekainaren 2ra arte

Euskadik energia eolikoan duen gaitasuna erakutsi du WindEurope 2025 azokan
Euskal parte-hartzeak ordezkaritza zabala bildu du Wind Energy Basque Country stand bateratuan, 17 enpresa eta erakunde hauei abian dituzten soluzioak eta teknologiak ezagutzeko aukera emanez

GAIAk IKT sektorearen prestakuntza-beharren diagnostikoa egin du eta merkatuaren eskaerei erantzuteko prestakuntza-ibilbideak garatu ditu
GAIAk azpimarratu duenez, sektoreko eta gobernuko erakundeen, sozietate publikoen eta hezkuntza-sistemaren parte-hartzea funtsezkoa izan da azterlanari balio erantsia emateko

Senvia Systems-ek beste enpresa batzuk gidatzen ditu haien sustapenean eta eraldaketa digitalean
Iaz sortutako enpresa gipuzkoarrak sistemetan, komunikazioetan eta zibersegurtasunean oinarritutako IT zerbitzuak eta aholkularitza eskaintzen ditu.

Europako ordezkaritza bat etorri da Euskadira industria teknologiko kuantikoaren lider izateko bertako estrategia hobeto ezagutzeko
Finlandia, Grezia, Italia eta Espainiako ordezkariak izan dira Euskadin Europako QUANTUM+ proiektuan aurrera egiteko. GAIA klusterra da proiektuaren kideetako bat, eta helburu du teknologia kuantikoei buruzko ibilbide eta prestakuntza-plataforma bat garatzea goi-mailako hezkuntzako ikasleentzat, irakasleentzat eta enpresa teknologikoetako profesionalentzat

Akting, gizarteari balioa emateko teknologia
Gipuzkoako enpresak euskarri desberdinetarako aplikazioak garatzen ditu eta digitalizazioaren, datuen analisiaren eta prozesuen optimizazioaren aldeko apustua egiten du.