Proiektuak gehiegizko lan-karga murriztea eta zaintzaileen egoera emozionala hobetzea lortzen du.
Okencasa ekimena bere sortzaile Iñigo Kortabitarteren -ekintzaile soziala eta eraldaketa digitaleko aditua- esperientzia pertsonaletik sortu da. Bere familiak menpekotasuna duen pertsona nagusi bat zaintzen du duela 9 urtetik, eta denbora horretan argi ikusi ditu egoera horrek dakartzan zailtasunak. “Ideia otu zitzaidan horrelako egoera batean dagoen familia batean bizi naizelako, non etxeko zaintzak antolatzeaz gain, harremanetan egon behar izaten baitugu sistema soziosanitarioarekin, eta hori ez da erraza” azaldu du.
Okencasa proiektua menpekotasuna duen senitarteko bat zaintzen duten pertsonentzako laguntza-zerbitzu bat da. Zaindoo aplikazio mugikorraren bitartez, sistemak hainbat laguntza desberdin eskaintzen ditu, hala nola, hobeto zaintzen ikasteko prestakuntza eta tresnak, gai administratiboei buruzko aholkularitza, eta bideokonferentzia bidezko laguntza psikosoziala zaintzaileentzat. Ekimen hau 2018ko irailean abiatu zen proiektu pilotu gisa, Donostiako 210 familiaren parte-hartzearekin. 18 hilabeteko esperientziaren ondoren frogatu da zerbitzua arrakastatsua dela.
“Sistema honekin asko murriztu da zaintzen gehiegizko lan-karga” azaldu du Kortabitartek, “entrenamendua eta estrategiak eman dizkiegu eguneroko bizitzan sortzen diren egoerei hobeto aurre egiteko, eta horri esker lortu dute zaintza-lanetan denbora gutxiago ematea, astean ia 10 ordu libratuz”. UPV/EHUk eta London School of Economics erakundeak zientifikoki baliozkotu dituzte proiektu pilotuaren emaitza onak, eta frogatuta gelditu da zaintzaileen ongizatea asko hobetzen dela arlo emozionalean, fisikoan zein sozialean. Gainera, proiektu hau konponbide eraginkorra da maila ekonomikoan ere. “Kostu-eraginkortasun ratioa % 100ekoa da, hau da, proiektuari eskaintzen zaion euro bakoitzeko, 2 euroko itzulera jasotzen du administrazio publikoak arreta soziosanitarioko baliabideetan aurreztuz” dio Okencasa ekimenaren fundatzaileak.
Zaintzaileentzako aplikazio mugikorrarekin batera, Okencasa proiektuko lantaldeak lainoko plataforma bat ere garatu du, non familia parte-hartzaileen egoerari buruzko datuak aztertzen baitira. Informazio horrekin jakin daiteke zein zaintza-lan egiten diren aldagai sozio-demografiko desberdinen arabera, eta hobeto ulertu daitezke zaintzaileen premiak. “Orain arte inork ez zuen ezagutzen informazio hori, eta oso baliagarri izan daiteke administrazio publikoentzat laguntza politikak diseinatzeko eta baliabideak kudeatzeko” dio Kortabitartek.
Aurtengo otsailean lehen proiektu pilotua amaitu ondoren, Okencasa lantaldeak 1.000 zaintzailerengana zabaldu nahi du zerbitzua, erabiltzaile bolumen handiago batekin baliozkotzeko proiektua. Epe luzeko helburua da laguntza-zerbitzu gisa eskaintzea senitarteko bat zaintzen duten pertsona guztientzat. “Argi dago gizartea zahartzen ari dela, eta datozen urteetan gero eta gehiago izango dira menpekotasuna duten pertsona nagusiak” dio Kortabitartek, “gaur egun, horrelako pertsonen % 80 senitartekoek zaintzen dituzte etxean, beraz, funtsezkoa da zaintzaileen egoera hobetuko duen laguntza-sistema bat sortzea”. Okencasa proiektuak Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren laguntza jasotzen du.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?