Ona, elektroerosio-makinen lehen fabrikatzailea Europar Batasunean
Ona Electroerosion enpresak 70 urte bete ditu makina-erremintaren sektorean, eta gaur egun merkatuko liderrak dira tamaina handiko makina berezietan oinarritutako elektroerosio arloko konponbideetan. Elektroerosio-makinen (EDM) lehen fabrikatzailea da Europar Batasunean. Konpainia horrek SPRI Taldearen Hazitek programako laguntza bat jaso du, zeinak ikerketa industriala eta garapen esperimentala bultzatzen baititu euskal enpresetan.
Enpresa 1952an sortu zen eta elektroerosioan (EDM) espezializatu zen. “Prozesu horrek deskarga elektrikoak erabiltzen ditu materiala kontakturik gabe erauzteko” azaldu du José María Ramosek, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendariak. Gaur egun makinak, zerbitzuak eta konponbideak eskaintzen dizkiete euren bezeroei, zeintzuek piezak fabrikatzen baitituzte, gehienbat plastikoa injektatzeko moldeak eta turbinen osagaiak.
Ona enpresak 1956an garatu zuen bere lehen makina Durangon duen lantegian. Nola elektroerosio-makinen balizko merkatua oso murritza zen Iberiar Penintsulan, ezinbestean irten behar izan zuten atzerrira. 1962rako salduak zituen bere lehen makinak Frantzian eta Portugalen. Bezeroengandik hurbilago egon nahirik, 1990ean lehen filiala sortu zuen Italian, eta haren atzetik etorri ziren Portugalekoa eta Frantziakoa.
2013 inguruan dibertsifikazio-prozesu bat abiatu zuen negozio-aukera berriak bilatzeko, arreta berezia eskainiz fabrikazio gehigarria bezalako teknologiei. “2014an, SPRI Taldearen laguntzarekin, lankidetzako proiektu bat hasi genuen aztertzeko komeni ote zitzaigun metalezko materialen 3D inprimaketan oinarritutako makina eta konponbideak garatzea Euskadin dauzkagun gaitasun industrial eta teknologikoak erabiliz”. Proiektu hari esker akordio bat lortu genuen Maherholding taldearekin, 2015ean elkarrekin sortzeko Addilan enpresa eta, enpresa horren bidez, elkarrekin bultzatzeko aeronautikaren sektoreko material metalikoen eta egiturazko osagaien ekarpen-tasa handiko fabrikazio gehigarriko teknologiaren garapena.
Produktuen serie berriak
Dibertsifikazioaren testuinguru berean, Ona enpresa EDM produktuen serie berriak lantzen aritu da. 2016an partaidetza bat erosi zuen automobilgintza sektorerako injektoreei mikro-elektroerosioa aplikatzen espezializatutako AEBetako konpainia batean, helburu honekin: beste EDM alternatiba batzuk aztertzea, eta turbinen beso eta baoetan hozketa-zulo konplexuak egiteko EDM bidezko zulaketarako (FHD, Fast Hole) produktu-linea berri bat garatzea. SPRIren laguntzari esker, ikerketa-proiektu hori produktua merkaturatzeko azken fasean dago.
Elektroerosioaren konponbide osagarrien eskaintza handitzeko asmoz, 2017an Onak lankidetza bat hasi zuen berrikuntza-gaitasun handiko Samylabs startuparekin, zeinak arrakastaz probatua baitzuen metalezko 3D piezak LPBF (hauts geruzen laserrezko fusioa) teknologia bidez inprimatzeko makina izugarri lehiakor baten lehen diseinua.
Euren oinarrizko negozioa elektroerosio konbentzionala da, eta bezeroak dituzte hainbat sektoretan, hala aipagarriak dira injekziorako moldeen sektorea automobilgintzan eta turbinen sektorea aeronautikan eta energia sorkuntzan. Enpresaren ohiko produktu-gamak bere baitan hartzen ditu penetrazio eta hari bidezko elektroerosio-makinak, eta duela gutxitik baita ere berrienak, micro-hole eta fast-hole.
Onaren plantillan 130 pertsona daude, eta horien % 20k baino gehiagok I+G arloan egiten dute lan. “Teknologia propioa garatzen dugu arlo guztietan: kontrol sistema (CNC), elektroerosio sorgailua, ECO iragazte-sistemak (erabili eta botatzeko iragazkirik gabeak) eta EDM prozesuen inguruko ikerketa”. Ramosek dio etengabe jotzen dutela Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarera, “eta hor funtsezkoa izan da SPRIren babesa, aukera eman digulako halako arrisku bat zuten ikerketa estrategikoak egiteko lankidetzan arituz gureen antzeko interesak dituzten teknologi zentroekin eta makina-erremintaren sektoreko enpresekin”. Azken bi hamarkadetan, Onak hogei bat ikerketa-proiektu gauzatu ditu SPRI Taldearen dirulaguntzekin.
Onak eskaintzen duen zerbitzu-gamak bere fakturazioaren % 10 ordezkatzen du, “baina % 15-20 ingurura iritsi nahiko genuke negozio digitalarekin erlazionatutako garapen berrien laguntzaz”.
Hazitek programako laguntza
SPRI Taldearen Hazitek programako laguntza kontratu adimendunen eta blockchain teknologiaren inguruko ikerketa-proiektu batera bideratu da. “Negozioak egiteko modu berriak ustiatu nahi ditugu bezeroaren asebetetzea hobetzeko eta zerbitzu bidezko fakturazioa handitzeko. Proiektu pilotu bat da, zeinetan teknologia hau eta eskain ditzakeen aukerak aztertzen ari baikara, eta azken fasean gaude dagoeneko”.
Nahiz eta merkatuko liderrak diren makina handi eta berezietarako elektroerosio arloko konponbideetan, fakturazioaren erdia inguru makina estandarretatik dator, “non lidergo teknologiko izateko lehia handiagoa baita”. Konpainiak 15.000 makina baino gehiago dauzka instalatuta 60tik gora herrialdetan, eta % 80-90 inguru esportatzen du.
Enpresaren egungo erronkak dira “filialen sarea indartzea, balio erantsi handiagoarekin esportatzea eta dibertsifikazioko ekimenak sendotzea, bai fabrikazio gehigarrian eta baita ere turbinen sektorerako Fast Hole gaman. Gama hori hemendik gutxira merkaturatuko da eta espero dugu gutxienez % 30eko ekarpena egingo diola negozio-zifrari”.
Ona mekanizatu ez konbentzionaleko prozesuetan espezializatutako enpresa bihurtzen ari da, “ardatz izanik elektroerosioa, baina elektroerosiora mugatu gabe”.
Lotutako albisteak

BeDIGITALek zazpigarren edizioa ospatuko du BECen, enpresa eta erakunde liderren partaidetzarekin
Ekainaren 3tik 5era izango da, +INDUSTRYren esparruan, herrialdeko Smart Manufacturing-ari eskainitako topagunerik handienean. SPRI Taldea erakusketarien artean dago, ‘Invest in the Basque Country’ programarekin.

Zabalgarbik denbora errealeko analisi-tresnekin modernizatu du bere azpiegitura
Besteak beste, biki digitala eta adimen artifizialean oinarritutako teknologiak ezartzeaz gain, lurrun-gainberogailu bat instalatzea du helburu enpresak, energia-eraginkortasuna eta jasangarritasun operatiboa hobetzeko ekimen estrategiko bat.

Zinemaldia Startup Challenge 2025
Izen-ematea: apirilaren 15etik ekainaren 2ra arte

Senvia Systems-ek beste enpresa batzuk gidatzen ditu haien sustapenean eta eraldaketa digitalean
Iaz sortutako enpresa gipuzkoarrak sistemetan, komunikazioetan eta zibersegurtasunean oinarritutako IT zerbitzuak eta aholkularitza eskaintzen ditu.

Europako ordezkaritza bat etorri da Euskadira industria teknologiko kuantikoaren lider izateko bertako estrategia hobeto ezagutzeko
Finlandia, Grezia, Italia eta Espainiako ordezkariak izan dira Euskadin Europako QUANTUM+ proiektuan aurrera egiteko. GAIA klusterra da proiektuaren kideetako bat, eta helburu du teknologia kuantikoei buruzko ibilbide eta prestakuntza-plataforma bat garatzea goi-mailako hezkuntzako ikasleentzat, irakasleentzat eta enpresa teknologikoetako profesionalentzat

Akting, gizarteari balioa emateko teknologia
Gipuzkoako enpresak euskarri desberdinetarako aplikazioak garatzen ditu eta digitalizazioaren, datuen analisiaren eta prozesuen optimizazioaren aldeko apustua egiten du.

Elvira, berrikuntza eta tradizioa osagai nagusi dituen istorio gastronomikoa
Harategi-urdaitegi txiki bat izatetik, gaur egun hamar establezimendu inguru ditu etxean egingo liratekeen moduan prestatutako produktuak saltzeko, online dendan ere saltzen direnak.

Egin ezazu prestakuntza-plana zure enpresan Gaitasun Digitalen programarekin
«Gaitasun Digital Profesionalak» programaren edizio berriak 2 milioi euroraino igo du bere aurrekontua, euskal enpresen lehiakortasuna sustatzen jarraitzeko helburuarekin, langileen prestakuntza indartuz.

% 64 egin dute gora Eusko Jaurlaritzak SPRIren bitartez antolatutako IKT arloko prestakuntzara joandakoek
Enpresa Digitala ekimena 3 lurraldeetako bost gune fisikotan eskaintzen da eta ireki den azkena Ezkerraldekoa izan da, Abantoko campusean

Irudi B2B: 7 urte marketin digital industriala aztertzen bere blogaren bidez
Bere blogaren helburua: ezagutza erabilgarria partekatzea, industriak kanal digitalaren potentziala ahalik eta gehien aprobetxa dezan.