Osasun arloko Adimen Artifiziala, robot doktorearen alternatibak
Ikerketa batek aztergai ditu horrelako teknologiek osasun zerbitzuetan izan dezaketen etorkizuna
Osasun sistemari aplikatutako adimen artifizialak aukera handiak sor ditzake laguntza medikoa hobetzeko. Baina osasuna bezalako arlo hain garrantzitsu batean, aukerak ez ezik, beldurrak ere sortzen dira zerbitzuak eskuratzeko orduan egon litezkeen desberdintasunengatik eta zaintzaren deshumanizazioagatik. NESTA berrikuntza agentzia britainiarraren Nesta Health Lab zentroak Confronting Dr. Robot txostena argitaratu du, AAk osasun arlora dakartzan aukerak eta arriskuak aztertzeko.
Ikaskuntza automatikoan eta erabakiak hartzeko datuen analisian lortzen ari garen aurrerapen teknologikoek pentsarazten digute balitekeela etorkizunean makinek eskaintzea zaintza medikoa, eta ez pertsonek. Baina Nesta Health Lab zentroaren txostenak dio adimen artifiziala oso urrun dagoela oraindik profesional kliniko baten pentsamendu konplexutik, eta kontuan hartu behar direla baita ere beste alderdi batzuk, hala nola, konfiantza eta erantzukizuna.
Hala ere, baliteke etorkizun hurbilean adimen artifizialak bidea egitea beste hainbat eremutan. Nesta Health Lab zentroak hiru identifikatu ditu: aurre-aukeraketa bat egitea arreta medikoa eskatu baino lehen, erantzun eta zaintza goiztiarra eskaintzea, eta bigarren iritzi automatizatuak ematea. Teknologia horiek garapenaren lehen faseetan daude oraindik, eta aukera edo arrisku handiak ekarriko dituzte, beren diseinuaren arabera.
Esan bezala, AAk bere bidea egin lezake aholkulari bezala, erabiltzaileei esanez noiz joan behar duten medikuarengana, diagnostikoak egiteko aplikazioen eta sintomak partekatzeko txaten bitartez. Ongi erabiliz gero, tresna horiek lagungarri izan daitezke zerbitzu publikoen erabilpena eraginkortzeko eta beharrezko ez diren kontsulten kopurua murrizteko. Baina diseinu desegokia badute, hainbat arazo sor ditzakete, batez ere diagnostiko-akatsak eta desberdintasunak zerbitzua eskuratzeko orduan.
Alerta goiztiarren sistemetan ere hasiak dira AAn oinarritutako zerbitzuak garatzen. Denbora errealeko monitorizazioari eta datu horien analisiari esker, osasun arazoak detektatu daitezke kasu askotan. Horrelako zerbitzu baten bidez, pazienteak eta osasun zerbitzuek azkarrago erreakzionatuko lukete, baina gerta liteke baita ere gehiegizko monitorizazio maila batera iristea. Azkenik, adimen artifizialeko teknologiak bigarren iritzi mediko bezala erabil litezke, gizakiok eginiko diagnostikoak osatzeko. Kasu honetan, Nesta Health Lab zentroak dioen bezala, AAk arlo zehatz batzuetarako gaitasunak ditu, eta horietan bakarrik aplikatu beharko litzateke, teknologiaren mugak argi eta garbi zehaztuta.
Txostenak beste gomendio batzuk ere jasotzen ditu aukera berri horiek aprobetxatuko dituzten teknologiak garatzeko. Confronting Dr. Robot txostenaren egileek diotenez, funtsezkoa da hiritarrak eta komunitate medikoa inplikatzea tresna horien diseinuan eta inplementazioan, eta araudi bat egitea argi eta garbi zehazteko erabiltzen diren datuen erabilpena eta jabetza, baina argi izanik hiritarren eskubideak babestu behar direla.
Lotutako albisteak

Elvira, berrikuntza eta tradizioa osagai nagusi dituen istorio gastronomikoa
Harategi-urdaitegi txiki bat izatetik, gaur egun hamar establezimendu inguru ditu etxean egingo liratekeen moduan prestatutako produktuak saltzeko, online dendan ere saltzen direnak.

Lorra, lau hamarkada inguru Bizkaiko nekazaritzako elikagaien kooperatibismoaren funtsezko zutabe gisa
Gaur egun, erakundearen lehentasuna zahartutako sektore honetako erretiroak ordezkatzea da, belaunaldi-erreleboaren bidez.

Egin ezazu prestakuntza-plana zure enpresan Gaitasun Digitalen programarekin
«Gaitasun Digital Profesionalak» programaren edizio berriak 2 milioi euroraino igo du bere aurrekontua, euskal enpresen lehiakortasuna sustatzen jarraitzeko helburuarekin, langileen prestakuntza indartuz.

NudgeXperience Bilbon: CX eta Portaera Zientzien ekitaldia
Zuzendariei eta gerenteei, Cx-eko arduradunei eta berrikuntza eta marketineko profesionalei zuzendua

Wake Up! Albiste ekintzaile batzuk sarean 250324
Euskadiko talentu ekintzaile guztia. Wake up! -ek komunikabide eta sareko blog desberdinek argitaratutako albisteen hautaketa txiki bat egunero partekatzen du Linkedinen: ideiak, proiektuak, negozioak, startupak, enpresak etab.