“Pertsona hobeak izaten lagunduko diguten elikagaiak nahi ditugu”
Sonia Riesco, AZTI-Tecnaliako Joera eta Berrikuntza Behatokiko arduraduna
Kontsumitzaileen ohiturak eta teknologia berriak goitik behera aldatzen ari dira elikaduraren sektorea, gure premia eta baloreei erantzuten dieten produktu gero eta pertsonalizatuagoak eskainiz. AZTI-Tecnaliako Joera eta Berrikuntza Behatokiak hurbiletik aztertzen ditu merkatua eta kontsumitzaileen portaera berriak, elikaduraren sektoreak aukera handiak eskaintzen baitizkio Euskadiri.
Norantz doa etorkizuneko elikadura?
Pertsonalizazioa da elikaduraren arloan inpaktu gehien izaten ari den joeretako bat. Kontsumitzaile garen aldetik, sentitu nahi dugu bakarrak garela eta produktuak gero eta lerrokatuago daudela gure beharrizanekin. Zentzu horretan, argi ikusten ari gara nola datu molekularrak eta tresna omikoak elikadurari aplikatuta posible den aurrera egitea dieta indibidualizatuagoetaranzko bidean. Adibidez, badugu ikerketa-ildo bat mintzen lipidomika lantzen duena eta oso informazio berezia ematen duena bakoitzaren osasun egoerari buruz. Hala, joera da jarraibide orokorretatik urruntzea, elikadura osasuntsuagoa lortzeko.
Teknologiei esker gehiago jakin dezakegu jaten dugunari buruz, zer suposatzen du horrek elikaduraren industriarentzat?
Elikagaien ekoizpena gero eta konplexuago bihurtu da azken urteotan eta mesfidantza zabaldu da kontsumitzaileen artean. Horregatik, autentikotasunarekin eta gardentasunarekin lotutako beste joera handi bat nagusitu da. Garrantzia hartu dute kontsumitzailearengana gehiago hurbiltzeko ekimenek eta produktuen ingurumen inpaktua eta inpaktu soziala zaintzen dutenek. Kontsumitzaileek gero eta gehiago baloratzen dute egiazko informazio argi eta baliagarria.
Aurrera goaz elikadura etikoagoa lortzeko bidean?
Kontsumistak gara, baina kezkatzen gaitu orobat kontsumo horrek planetan eta gizartean duen eraginak, eta horregatik nahi ditugu pertsona hobeak, osasuntsuagoak eta sostengarriagoak izaten lagunduko diguten produktu eta zerbitzuak. Adibidez, urte gutxiren buruan gure sukaldeetara iritsiko dira minidomestiko gama berriak (esaterako, 3D inprimagailua), eta aukera emango digute geure produktuak sortzeko. Bestalde, tokiko produktuek indar handia hartu dute balore positibo asko dituztelako (ingurumen inpaktua murriztea, inguruko ekonomiari laguntzea…), eta joera indartsu bilakatzen ari da. Eta, azkenik, garrantzitsua da esperientzia, harritzen gaituzten produktuak nahi ditugulako, hots, desberdinak eta nutrizioaz harago doazenak. Esperientzia da gakoa.
Elikadura da RIS3 Euskadi – Espezializazio Adimendunerako Estrategian jasotako aukera-esparruetako bat. Nola aprobetxa ditzakegu etorkizuneko joera horiek?
Esparru lokaleko joera da aukera gehien dakartzanetako bat. Euskadin kultura gastronomiko handia daukagu, kalitate oneko produktuak eta pertzepzio oso positiboa duten kontsumitzaileak, beraz, probetxu handia atera dakioke tokikotasuna eta sostengarritasuna uztartzen dituen joerari. Zentzu horretan, adibidez, AZTIk proiektu europar bat koordinatzen du, zeinaren helburua baita garagardogintzako azpi-produktuak berreskuratzea beste sektore batzuetarako lehengai bezala, eta Euskadiko garagardo artisauek parte hartuko dute proiektu horretan. Osasunarekin lotutako joerei dagokienez, snack osasuntsuen garapena ikertzen ari gara. Bestalde, 4.0 Industriak aukera asko irekiko ditu prozesuak berritzeko, hau da, produkzio sistemak hobetzeko eta optimizatzeko, hortaz, joera guztiek ekarriko dituzte aukera berriak sektorerako.
Zein dira elikaduraren sektoreak Euskadin dauzkan erronka garrantzitsuenak?
Oso sektore zatikatua da, enpresa gehienak ETEak direlako. Eta oso garrantzitsua da ETE horiek kanpoan ez gelditzea, kontsumo joerek inpaktu handia baitute esparru guztietan. Berritzeko ez dago beti inbertsio handi bat egin beharrik, eta Euskadin badugu enpresengandik oso hurbil dagoen ezagutza-sare bat, ETEei berrikuntzaranzko bidean lagundu diezaiekeena.
Aste honetan, Elikaduraren azokan aurkeztuko duzue EIT Food proiektuaren hegoaldeko gunea beste bazkide batzuekin batera. Zertan datza?
European Institute of Innovation and Technology erakundeak bultzatutako proiektu bat da, elikaduraren sektorean berrikuntzarako eta ekintzailetzarako aukerak sustatzeko sortu dena. Azken helburua da erreferentziazkoa izango den elikadura-sistema osasuntsu eta sostengarri bat sortzea Europan. Proiektuak zazpi urte iraungo ditu eta 50 bazkide baino gehiagok parte hartuko dute, besteak beste, enpresek, unibertsitateek, ikerketa zentroek eta startupek. Eusko Jaurlaritzak babesturik, EIT Food ekimenak Euskadin kokatu du hegoaldeko gunearen egoitzetako bat. Asmoa da berrikuntza sortzea balio erantsia duten zerbitzu eta produktu berriak sustatuz, eta zazpi urte horietan hainbat helburu lortu nahi dira, besteak beste, 60 startup, 400 produktu eta zerbitzu berri eta 2.000 enplegu berri sortzea.
Lotutako albisteak

Elvira, berrikuntza eta tradizioa osagai nagusi dituen istorio gastronomikoa
Harategi-urdaitegi txiki bat izatetik, gaur egun hamar establezimendu inguru ditu etxean egingo liratekeen moduan prestatutako produktuak saltzeko, online dendan ere saltzen direnak.

Lorra, lau hamarkada inguru Bizkaiko nekazaritzako elikagaien kooperatibismoaren funtsezko zutabe gisa
Gaur egun, erakundearen lehentasuna zahartutako sektore honetako erretiroak ordezkatzea da, belaunaldi-erreleboaren bidez.

Egin ezazu prestakuntza-plana zure enpresan Gaitasun Digitalen programarekin
«Gaitasun Digital Profesionalak» programaren edizio berriak 2 milioi euroraino igo du bere aurrekontua, euskal enpresen lehiakortasuna sustatzen jarraitzeko helburuarekin, langileen prestakuntza indartuz.

NudgeXperience Bilbon: CX eta Portaera Zientzien ekitaldia
Zuzendariei eta gerenteei, Cx-eko arduradunei eta berrikuntza eta marketineko profesionalei zuzendua

Innobideak Prestakuntza prestatu zure lantaldea balioan lehiatzeko eta ez prezioan
Euskadiko ETEen % 60k berrikuntzaren alde egiten du, baina gehienek kostua murrizteko edo kalitatea hobetzeko egiten dute eta ez dute benetako abantaila lehiakorra sortzen merkatuan. Alabaina, berrikuntza ez da etorkizunean mantentzeko tresna soila, etorkizunean liderra izateko estrategia baizik. Horretarako, gakoa teknologia ez ezik, pertsonak, estrategia eta egokitzeko gaitasuna ere badira.