Pertsonen ahalduntzea, arrakastaren giltza industriako eraldaketa digitalerako
Enpresetan lan egiten duten pertsonen inplikazioa da industriaren digitalizazioan arrakasta izateko gakoetako bat. Horixe izan da eztabaidatu den ideia nagusietako bat SPRI Taldeak Enpresa Digitalaren bidez Bilbon antolatu duen jardunaldi batean, zeinetan aztertu den nola bultzatu informazio teknologia berriak konpainia industrialetan.
Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digital eta Ekintzailetzako zuzendari Leyre Madariagak esan duenez, industriaren digitalizazioa “parerik gabeko aukera bat da gure produktibitatea sustatzeko”. Orobat esan du enpresen % 25 baino gehiagok esperientzia digitaletatik aterako dutela euren negozioa 2026rako.
Gehitu du “garapen ekonomikoaren adierazle bat” dela digitalizazioa, eta hizpide hartu du Euskadiren eraldaketa digitalerako estrategia, 2021ean onartu zena eta indarrean egongo dena 2025era arte. “Diseinatu dugun ibilbidea sentsibilizazioarekin hasten da eta proiektuen ezarpenarekin amaitzen da”. “Erabat digitala izan nahi duen gizarte batek lidergoa bultzatzen duen administrazio bat behar du”.
Tomas Iriondok, Gaia klusterreko zuzendari nagusiak, azpimarratu du digitalizazioa dela “enpresen kultura aldaketa handiena”. “Uste genuen nahikoa zela produktua smartizatzea, baina ohartu gara beste geruza batzuk eman behar dizkiogula, esaterako zibersegurtasuna edo adimen artifiziala. Datua da lehengaia, gure erregai eta aberastasun bihurtzen dena. Datua izango da gure antolakundeko elementu erabakigarria. Datua eraldatu behar da informazio esanguratsu bihurtzeko”.
Iriondok nabarmendu du teknologia asko integratu behar direla. “Orain arte informazio esanguratsua zuzendari nagusiari pasatzen genion; orain, ordea, modu egokituan iristen da antolakundeko pertsona guztiengana. Horrela ez bada, seinale zerbait gaizki egiten ari garela. Ezinbestekoa da eraldaketa digitala bideratzea antolakundeko pertsona guztiak ahalduntzeko”.
Zibersegurtasuna inbertsio bat da
Esan du zibersegurtasuna “inbertsio bat” dela, ez “gastu bat”. Antolakundearen erabaki estrategiko bat da. Inbertsio-partida handienetako bat izan behar da”. Eta berriro nabarmendu du “gure giza kapitalaren birziklapenean inbertitzeko beharra. Datu ekonomiaren industrialak izango gara. Datu-gune irekiak sortu behar ditugu, eta ikasi beharko dugu horiek monetizatzen”.
Teknologia irekiak behar direla azpimarratu du Olatz Molinosek, eraginkortasun energetikoan espezializatutako Carlo Gavazzi enpresako eraginkortasun energetikoko produktuetako eta eraikinen automatizazioko buruak. “Eraginkor izateko lehen urratsa da jakitun izatea zenbat kontsumitzen den”.
Patxi Rubinek, eraikin berezietarako metalezko inguratzaileetan liderra den IMAR Innometal enpresako zuzendari teknikoak, digitalizazioarekin izan duten esperientzia azaldu du, esanez 2020an ezarri zutela euren enpresan, denbora errealean monitorizatzeko produkzioa eta bere gorabeherak. “Eskaintzen konfiguratzaile aurreratu bat ezarri genuen, egunean 90-95 eskaintza ateratzen dituena. Eta orain denbora errealean jakin dezakegu zein den fabrikako instalazioen benetako egoera”. Proiektu berritzaileenetako bat makinen higadura neurtzeko digitalizazioa da. “Posible egiten digu arazoei aurrea hartzea higaduraren eboluzioari begiratuta”. Hala, makina bat lehen 15 egun egon behar zen geldirik eta orain hiru.
Javier Sordok, Bexreal konpainiako (errealitate aurreratua eta mistoa erabiltzen ditu industrian) negozioaren garapenerako zuzendariak, tamaina handiko xafla-estanpazioa egiten duen Sercame enpresarekin izandako esperientzia azaldu du. Dokumentazio komertzial interaktiboa, instalazio-, muntaia- eta mantenimendu-lanen optimizazioa eta diseinu prozesuen hobekuntza aplikatu dituzte biki digitalen bidez.
Lotutako albisteak

Industria Digitaleko laguntzek zure negozioaren eraldaketa digitala lortzeko bidea irekiko dizute
Industria Digitala 2025 laguntza-programaren aurtengo edizioa martxoaren 18tik irekita, 7.5 milioi €-ko aurrekontuarekin. Euren negozioa digitalki eraldatu nahi duten enpresek urriaren 31era arte aurkez ditzakete euren eskaerak.

Zaher Taldeak bere eraginkortasun operatiboa hobetzea du helburu eraldaketa digital nabarmen baten bidez
Enpresa gipuzkoarra bere zuzendaritzaren errelebo betean murgilduta dago, galdaragintzan eta mekanizazioan aritzen da, eta nazioartekotzearen aldeko apustua ere egin du.

Einnek, bost urte etengabe eboluzionatzen sektore elektriko-elektronikoan
Pandemia betean jaio zen enpresak eraldaketa digitalaren aldeko apustua egin du hasieratik, sektorean bereizteko; bideojoko bat ere sortzen ari da, ingeniaritzako eta muntaiako barne-prestakuntza teknikoa iraultzeko.

Enpresa industrialen eta industria adimendunean espezialistak diren enpresa digitalen arteko elkarlana erraztuko du SPRI Taldeak
Enpresen Networkinga 2025 - Smart Industry kongresuaren 8. edizioa egingo dute martxoaren 26an, Bilbon, eraldaketa digitalari laguntzeko

Logistikari buruz Euskadin egiten den kongresuaren hirugarren edizioa egingo dute BECen
Azoka da iparraldeko eremuan packagingaren, logistikaren eta garraioaren sektoreak biltzen dituen azoka bakarra