Produkzioa planifikatu eta programatzeko konponbideak
Bizkaiko LTAKT aholkularitzak produkzioaren eraginkortasuna eta efikazia hobetzeko tresnak eskaintzen dizkie bere bezeroei
LTAKT PROJECT & PROCESS konpainiak industria eta osasun sektoreetako prozesuak hobetzeko tresnak eskaintzen ditu 2015etik. Testuinguru horretan, ad-hoc konponbideak eskaintzen ditu detektatutako arazoak azkar eta erraz konpontzeko. Ponciano Ibarreche da enpresako zuzendari nagusia eta berarekin hitz egin dugu egiten duten lanari eta bezeroen premia garrantzitsuenei buruz.
Zer egiten duzue LTAKT enpresan?
Gure zerbitzuak beraizik zuzentzen zaizkie euren prozesuetan eraginkortasun edo efikazia arazo puntualak dituzten enpresa txiki eta ertainei. Horietako asko ez dira automozio sektorekoak: elikadura, piezen fabrikazioa, molde eta tresna pertsonalizatuak, proba termikoak egiten dituzten laborategiak, e.a. Denak dira enpresa txikiak, antolatzeko moduan arazo puntualak dituztenak edo prozesuak hobetzeko ezagutzarik ez dutenak. Guk laguntza ematen diegu jakin dezaten zertan ari diren eta gauzak nola hobetu ditzaketen, beren prozesuetan zentratuz.
Eman adibideren bat jakiteko zer zerbitzu eskaini duzuen edo eskaintzen ari zareten.
Horietako bat lotuta dago ikusmen artifizialeko tresnen ezarpenarekin. Bezeroak ikusmen artifizialeko sistema nahiko zahar bat zeukan, arazoak ematen zituena informazioa eta produkzioa kudeatzerakoan, ezin zuelako xurgatu produkzioaren % 100a. Bezero horrek 4 milioi pieza inguru fabrikatzen ditu urtean, baina kopuru horren heren baten kalitatea bakarrik gainbegiratu zezaketen ikusmen artifiziala erabiliz. Orduan, guk, kanpoko kolaboratzaile batekin batera, produkzio-ildoak berrorientatu genituen eraginkortasuna hobetzeko, hots, konponbide eraginkor eta efizienteago bat eskaintzeko.
Badaukagu Mondragon Unibertsitatearekin batera garatzen ari garen beste kasu arrakastatsu bat: eskaeraren aurreikuspena aplikatzen ari gara sare neuronalen sistemak erabiliz. Plangintzan diharduen jendearen zeregina oso zaila zen eta da. Gauza asko hartu behar dira kontuan: eskaera definitu, produkzioa programatu eta planifikatu… Mondragon Unibertsitateko irakasle batekin batera, sistema bat garatzen ari gara aldakortasuna egonkortzeko eta murrizteko, eskaera aurreikusten duen eta adimen artifizialean oinarrituta dagoen programa bat diseinatuz.
Halaber, osasun sektorera zuzendutako Lean Health izeneko serious game bat garatu dugu, zeinetan saiatu baikara Lean metodologiari buruzko ezagutza industrialak osasun sektorean aplikatzen.
Orobat aipatzekoa da proiektu anitzen kudeaketarako diseinua eta ezarpena (CCPM), proiektu bat baino gehiagorekin lan egiten duten baina baliabide mugatuak dituzten eta arazo horiei aurre egiteko tresna sinpleak behar dituzten enpresentzat sortua. Zentzu horretan, proiektuak egin ditugu hormigoizko etxe aurre-fabrikatuak egiten dituen enpresa batean, gatzgabetze lantegi batean nahiz proba termikoak egiten dituen laborategi batean.
Zertan datza enpresa baten premiak baloratzeko prozesua?
Lehenik eta behin, jakin behar da zein den enpresaren egungo egoera, hau da, bere motibazio-maila edo sistemen informatizazio-gradua. Batzuek euskarri onak dauzkate datuentzat, baina beti ere enpresa-motaren arabera, eta datuak kudeatzeko moduak eta antolakuntzak ere badute zerikusia. Aldagai horiek kontuan hartuta, beren premien araberako konponbide ahalik eta errealistenak planteatzen dizkiegu. Ezin zaio hegazkin bat eman hegazkinak pilotatzen ez dakien enpresa bati. Enpresak gai izan behar du identifikatzeko zerk bereizi ditzakeen gainerakoengandik. Emaitzek prozesuak hobetu behar dituzte, baina orobat hobetu behar dituzte atetik irteten den produktu kopurua handitu dezaketen antolakuntzako alderdi guztiak.
Zein jarrera dute ETEek zuek eskaintzen dituzuenak bezalako konponbideak inplementatzeko orduan?
Arazo nagusia kostuak izaten dira beti. Aurkitzen ditugun egoerek tristura handia sortzen digute. Edo aurkitzen dute laguntza ekonomikoren bat SPRIk (edo antzeko erakundeek) bultzatutako planen bitartez edo normalean oso zaila da proiektuak gauzatzea. Laguntzekiko menpekotasun handia dago. Laguntzarik gabe, proiektu asko seguru asko ezingo genituzkeen gauzatu.
Nolako proiektuak eskatzen dizkizuete gehien zuen bezeroek?
Oro har, programazioan eta produkzioaren plangintzan zentratutakoak. Konpainia askok Excel-a erabiltzen dute oraindik plangintzarako eta antolatzeko, baina puntu batera iritsitakoan Excel-a txiki geratzen zaie informazio kopurua handia delako. Azkenaldian jaso ditugun eskaera gehienak plangintzarekin eta programazioarekin lotuta daude. Batzuek oinarrizko salmenten gainean egiten dute plangintza, eta ohartu dira aukera horren mugara iritsi direla.
Zeintzuk dira zuen etorkizuneko erronkak?
Uste dut osasun sektorean oraindik badagoela zer hobetu. Eta sektore horretan jarraitu nahi dugu lanean. Bestalde, produkzioaren programazioa eta plangintza da une honetan eskaera gehien duena. Enpresetako arduradunek ahal bezala planifikatzen dute, ahal dutena egiten dute eskura dauzkaten bitartekoekin.
Lotutako albisteak

Marijo Pagalday (Mondragon Korporazioa): “Gure helburua balio kate osoa hartzen duen 360º digitalizazioa eskaintzea da”
Mondragon Korporazioko Ingeniaritza eta Zerbitzuen saila 9 kooperatiba autonomok osatzen dute, eta elkarrekin koordinatuta daude. Kooperatiba horiek 3.000 lanpostu inguru sortzen dituzte zuzenean, eta 300 milioi euroko fakturazioa dute.

Alex Rayón (Brain & Code): “Teknologia mugikorrekiko eta Adimen Artifizialarekiko elkarbizitza naturalizatu behar dugu”
Hezkuntza teknologiko irisgarria bultzatzen duen enpresako CEOak Digital Open Knowledge DOK jardunaldian parte hartu du. Bertan, eraldaketa digitala eta adimen artifiziala aldaketa-azeleragailu gisari buruz hitz egin du.

Intralogistik: “Industria-sektoreko enpresei laguntzen diegu haien kudeaketa logistikoa eraginkorragoa eta merkeagoa izan dadin”
Bizkaiko aholkularitza-enpresa barne-logistikaren arloko diagnostiko-zerbitzuetan, soluzio diseinuan, simulazioan eta ezarpenean espezializatuta dago.

NORAi: “Business Intelligence teknologia abantaila lehiakorra da enpresentzat”
Fideslan aholkularitzaren barruan sortutako enpresa donostiarrak datuak aztertzen ditu BI tresnen bidez, erabakiak berehala eta kontrastatuta hartzeko.

Manex 4.0-HRE Automationek “Espezializazio estrategikoa” saria jaso du 2024 Toribio Echevarria sarietan
Enpresak 40 urte baino gehiago daramatza Elgoibarko Ibaitarte industrialdean, Deba Bailarako Industrialdea, S.A.k kudeatuta.…