Filtra tu búsqueda



Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 1 apirila, 2022 Eraldaketa digitala

PuntuEUS: “.eus ziren 13.000 domeinu baino gehiagoren artean, %0,02 baino ez zen erasotua izan 2021an, eta kasu guztiak garaiz detektatu ziren”

PuntuEUS Fundazioaren helburua euskal gizartearen digitalizazioa sustatzea da. Bere domeinua, .eus, erabiltzen duten webguneen zibersegurtasuna eta euskararen erabilera Interneten bere helburu nagusietako bi dira.
Josu Waliño, director de Puntueus
Josu Waliño, Puntueus Fundozioaren zuzendaria

Mundu erreala gero eta gehiago murgiltzen da Interneten, eta hori adierazgarria eta segurua dela bermatzea ezinbestekoa bihurtzen da. Horiek dira PuntuEUS Fundazioaren helburuetako batzuk, .eus domeinuaren bidez ingurune digitalean euskararen erabilera sustatzen duena. Josu Waliño zuzendariak azpimarratu du, gainera, .eus primerako produktua dela: zibersegurtasuna eta hurbileko zerbitzua domeinua erabiltzen duten webguneetan nabarmentzen dira.

.eus domeinua 2014tik dago Interneten erabilgarri. Zer eskaini dio euskal gizarte digitalari urte hauetan?

.eus domeinua euskal gizarte digitala garatzeko ezinbesteko tresna izaten ari da. Horrek badu bere nortasuna, izateko eta egiteko modu propioa, kalitateari eta segurtasunari lotuta dagoena eta bereizgarri horri ikusgarritasuna eman dio domeinuak.

Interneten orohar beste domeinu batzuk ari dira indartzen, .nyc, .london edo .shops, adibidez, eta horien bitartez erakunde eta norbanakoek nolakoak diren edo zerk bereizten dituen kontatzeko aukera dute, ohiko luzapen generikoak alde batera utzita.

.eus euskal nortasun teknologikoa ordezkatzeaz haratago doa. Kalitatearen eta zerbitzuaren ikuspegitik produkturik onena izateko egiten du lan beste domeinuek ez dituzten lehen mailako zerbitzuak eskainiz: zibersegurtasun aktibo aurreratua, gertutasuneko laguntza teknikoa eta eleaniztasuna sarean kudeatzeko tresnak doan eskaintzen dizkie domeinuaren erabiltzaileei. Honi esker .eus-ek euskal gizarte digitalaren garapena indartu du.

Gizartearen eraldaketa digitalean eragitea da PuntuEUSen misioa. Nola lantzen duzue arlo hau?

Transformazio digitala erakunde gehienen erdigunean dagoen gaia da, eta PuntuEUSek transformazio digital horretan laguntzea du helburu: segurtasuna, laguntza eta hizkuntza balioan jarriz. Azken finean, PuntuEUS industria digitaleko eragile aktiboa da, hala gure merkatuan nola nazioarteko komunitatean, eta ezagutza hori gizarteratzeko egiten dugu lan. Euskal industria digitala ordezkatzen dugu nazioarteko domeinuen ekosisteman. ICANN da mundu mailan Interneteko DNS sistema kudeatzen duen erakundea, Interneteko erabaki-foro garrantzitsuena, eta PuntuEUS bertako hainbat lantaldetako partaide aktiboa da.

Bestetik, etorkizuneko euskal gizarte digitala gaitzeko lan egiten dugu. Hezkuntza arloan, gazteak sortzaile digital izateko trebatzen ditugu KaixoMundua.eus proiektuaren bidez. Genero-arrakala digitalak ere kezkatzen gaitu eta ingurune digital parekideagoa sustatzeko banatzen dugu Gladys Saria.

Zer garrantzia du gizartearen eraldaketa digital horrek gaur egun?

Pandemiaren ondorioz gizartearen eraldaketa digitala azkartu egin da, eta aurreikusi baino lehen zerbitzuak eta komunikazioak digitalizatzera eraman gaitu. Esaterako, pandemia betean merkatariak dendak ixtera behartuta egon ziren, baina gehienak ez zeuden zerbitzua Internet bidez emateko prestatuta. Komertzio askok webgunerik ere ez zuten. Egoera horren aurrean PuntuEUSetik ‘Zabaldu ate berri bat’ izeneko kanpaina jarri genuen abian, eta euskal merkatari eta enpresa txikien esku doan jarri genituen domeinuak, zerbitzariak eta baita trebakuntza saioak ere. Hau egin genuen beraien negozioa ahalik eta azkarren digitalizatzen laguntzeko asmoarekin. Hau adibide bat besterik ez da. Eraldaketa digitala eremu guztietara iritsi da, merkataritza, irakaskuntza, komunikazioak… eta gure gizartea prestatuta egon behar da horri aurre egiteko.

Mundu digital eta interkonektatu berri honetan arrisku berriak ere badaude. Nola lantzen du PuntuEUSek zibersegurtasuna?

.eus kalitatezko domeinua izatea lehentasunezko helburua izan da hasiera-hasieratik. Eta, horretarako, zibersegurtasuna gako nagusia da. Gure domeinua erabiltzen duten webgune guztien zaintza aktiboa egiten dugu, egunero webgune guztiak arakatuz zibersegurtasun tresnen bidez. Hauei esker, garaiz detektatu dezakegu .eus den webguneren bat konprometituta dagoen ala spam, malware, phishing edo antzeko ekintzaren bat egiten ari den. Kasuren bat detektatzen den bakoitzean, PuntuEUSeko lan-taldea domeinuaren titularrarekin jartzen da harremanetan arazoa konpontzen laguntzeko, edo fede txarrez ari direnen kasuan, prozedura ireki eta hala badagokio domeinua blokeatzen dugu.

Garrantzia handia ematen diogu zibersegutasunari alor guztietan, eta gure erabiltzaileei ere tresnak eskaintzen dizkiegu beraien webguneak ziurtatu ditzaten, esaterako, DNSSEC babesa eta Izenperen SSL ziurtagiriak doan eskuratzeko aukera. Neurri hauei esker esan dezakegu .eus diren webguneen segurtasuna mailarik gorenean dagoela. 2021ean, esate baterako, .eus ziren 13.000 domeinu baino gehiagoren artean %0,02 baino ez zen erasotua izan, eta kasu guztiak garaiz detektatu eta bideratu genituen.

Basque Cybersecurity Center-arekin elkarlanean zabiltzate?

Domeinuaren zibersegurtasuna indartzeko alorreko eragile nagusiekin ari gara elkarlanean, eta, noski, BCSC horien artean garrantzitsua da guretzat. .eus domeinuen eguneroko zaintza BCSCrekin elkarlanean egiten dugu, lankidetza hitzarmena dugu eta aurrera begira ari gara alor horretan bide berriak jorratzeko. Horrez gain, zibersegurtasuna estrategikoa den heinean beste eragile batzuekin ere ari gara lanean: Cybasque elkarteko bazkide gara, Izenperekin SSL ziurtagiriak zabaltzeko hitzarmena dugu, eta nazioartean Global Cyber Allianceko bazkide gara.

Azken hauekin, Domain Trust inteligentzia-plataformaren bidez (eskala handiko eta domeinuen gaineko kalitate handiko datu-multzoak ematen ditu) zibersegurtasunaren arloko nazioarteko erakundeekin lankidetzan ari gara, erasoen aurreko erantzun-abiadura handitzeko eta segurtasunari modu prediktiboan ekiteko.

Enpresen eraldaketa digitala gaur egun lehiakortasuna bermatzeko gakoetako bat da. Euskaraz izan dadin baliabide edo laguntzaren bat eskaintzen diezue?

Hainbat ekimen jarri ditugu abian enpresen transformazio digitala modu seguruan eta euskaratik egiten laguntzeko. Azkena Elia WordPress argitaratzea izan da. Elia webgune-itzultzailea plugin bat da eta honen bidez WordPress plataforman garatutako .eus webguneek automatikoki itzuli dezakete beraien edukia euskarara. Oso tresna erabilgarria da webgune eleanitzak kudeatzeko. Bestelako ekimenak ere jarri ditugu abian: hainbat udalekin lankidetzan ari gara herrietako enpresa txiki eta merkatarien digitalizazio prozesuetan euskaratik laguntzeko. Tresna zein zerbitzuen bidez, transformazio digitaleko prozesuetan laguntzea da gure asmoa, euskaratik eta gertuko laguntza eskainiz.

Berriki Eusko Jaurlaritzarekin batera ingurune digitalean euskararen erabilera areagotzeko elkarlana aurkeztu duzue. Enpresetan .eus domeinuaren erabilera indartzea da helburuetako bat. Zein urrats aurreikusi dira hori lortzeko?

Eremu sozioekonomikoan euskara areagotzeko lanean ari da Eusko Jaurlaritza aspalditik, eta ingurune digitalean ere jarria du ikusmira eremu estrategikoa delako. PuntuEUSekin lankidetza alor horretan ere ez da berria, izan ere iaz eremu sozioekonomikoan .eus domeinuaren eta euskararen presentzia ingurune digitalean indartzeko lankidetzan aritu ginen. Horretarako, enpresentzat berariazko trebakuntza eta laguntza-zerbitzu teknikoa aktibatu genituen.

Badakigu alor honetan lan asko dagoela egiteko, eta horregatik datozen bi urteetarako plana diseinatu eta aurkeztu genuen elkarrekin. Landutako ekintza-plan horren bidez, eremu sozioekonomikoan ingurune digitala euskalduntzeko urratsak ematea da asmoa. Horretarako, aurten enpresa-elkarte eta hauen bazkideekin egingo dugu lan. Ondoren, beste enpresa eremu batzuetara zabalduko da lanketa. Proiektu honen bidez, era guztietako enpresak eta erakundeak lagundu nahi ditugu .eus domeinua eta eleaniztasuna sarean kudeatzen.

 

SPRI Taldearen helburuetako bat euskal enpresen eraldaketa digitala da. Besteak beste, Basque Industry 4.0, BDIH Konexio, Zibersegurtasun Industriala, Enpresa Digitala edo Inplantalariak laguntza-programen bidez bultzatzen du.

Lotutako albisteak

14 Azaroa, 2024 Eraldaketa digitala
Alex Rayón (Brain & Code): “Teknologia mugikorrekiko eta Adimen Artifizialarekiko elkarbizitza naturalizatu behar dugu”
Irakurri gehiago
8 urria, 2024 Eraldaketa digitala
Intralogistik: “Industria-sektoreko enpresei laguntzen diegu haien kudeaketa logistikoa eraginkorragoa eta merkeagoa izan dadin”
Irakurri gehiago
5 iraila, 2024 Eraldaketa digitala
NORAi: “Business Intelligence teknologia abantaila lehiakorra da enpresentzat”
Irakurri gehiago
23 abuztua, 2024 Berrikuntza
Manex 4.0-HRE Automationek “Espezializazio estrategikoa” saria jaso du 2024 Toribio Echevarria sarietan
Irakurri gehiago
10 ekaina, 2024 Eraldaketa digitala
Worköholics: “Agenatzia gisa bereizten gaituena esperientzia digitalak sortzea da”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak