Tel Aviveko SoSa azeleratzaileak Euskadiko startupa hautatu du.
Ekoizpen industrialean, industriak berak aprobetxatu ezin dituen hondakin ugari sortzen dira, bai prozesuak ez daudelako nahikoa optimizatuta, bai material soberakinak berrerabiltzeko zailak direlako. Hala ere, hondakin horiei balioa emateak mozkin handiak sor ditzake, mozkin ekonomikoak, ingurumenekoak eta sozialak, hain zuzen. Patricia Astrain ingeniari kimikoak, zeinak esperientzia handia baitu ingurune industrialetan, aukera bat ikusi zuen egoera horretan, eta ekonomia zirkularrean oinarritutako recircular proiektua jarri zuen abian duela urte eta erdi.
Onlineko plataforma bat du oinarrian ekimen honek. Plataformaren bidez, hondakin industrialak dituzten enpresak hondakin horiek lehengai gisa erabili nahi dituztenekin jartzen dira harremanetan. “Hondakinak dituzten enpresek hondakin horiei balioa emateko aukerak aurki ditzakete hala” azaldu du Patricia Astrainek, Recircular-eko CEOak. “Guk haien materialak ikertzen ditugu, eta erabilera posibleak azaltzen dizkiegu enpresei. Hala, aukera ematen diegu beren prozesuetan berriz aprobetxatzeko edo material haietan interesa duten beste enpresa batzuekin harremanetan jartzeko”.
Plataforma garatzen ari dira oraindik, eta haien helburua da prozesu osoa guztiz automatizatua izatea. “Enpresak bere izena eman, eta esku artean dituen baliabideen berri ematen du. Guk adierazle ekonomikoen, sozialen eta ingurumenekoen arabera material horiek izango duten salerosketa optimoa kalkulatzen dugu, eta material horietan interesa izan dezaketen enpresei horren berri ematen diegu” esan du Recircular-en sortzaileak. Gainera, sistema horrek materialen trazabilitatea ezagutzeko aukera emango du, eta, horri esker, lortu duten aurrezpen ekonomikoaren eta ingurumenekoaren zifra zehatzak izango dituzte enpresek. “Ekonomia zirkularrak duen balio ekonomikoa eta soziala ulertzeko modu oso egiaztagarria da” gehitu du Astrainek.
Plataforma datorren urteko lehen seihilekoan martxan jartzea espero du lantaldeak. Bitartean, enpresekin lanean hasi dira, haien beharrak hobeto ezagutzeko eta dituzten aukerak eta mugak detektatzeko. “Zenbait enpresa aspalditik ari dira halako prozesuak egiten, baina hondakin batzuek arazo gehiago dituzte, eta irtenbideak ez dira hain argiak. Hor du gure ekarpenak balio handiena” aipatu du ingeniari kimikoak.
Datorren urtearen hasieran, Recircular Israelera joango da SoSa Tel Aviv azelerazio-programa egitera, Bizkaiko beste bost startupekin batera. Bizkaiko Foru Aldundiaren eta SoSa-ren arteko lankidetza-hitzarmenaren emaitza da parte-hartze hori, eta berrikuntza-potentzial handia duten proiektu teknologiko berriei laguntzea du helburu.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?