Roberto Beitia, Sarenet enpresako presidentea: “4.0 Industrian konexioa da lehenengo urratsa”
Euskal konpainiak datuen analitikarako, cloud biltegiratzeetarako eta konektagarritasunerako konponbideak eskaintzen ditu enpresa sektorearentzat
Datuen analitikak edo “big data”k oinarritzat du teknologia zenbaiten konbinazioa, hala nola: sentsorika datuak biltzeko, adimen artifiziala informazio hori aztertzeko, cloud zerbitzuak datuak biltegiratzeko, konektagarritasuna informazio hori denbora errealean prozesatzeko, eta bistaratzeko tresna eta softwareak, erabiltzaileek errazago ulertu ditzaten analitikaren ondorioak. Teknologia horietako edozein da funtsezkoa big data edo smart data prozesu bat gauzatzeko.
1995etik hona Sarenet enpresak telekomunikazio, ahots eta datuen arloko konponbideak hornitzen dizko enpresa sektoreari, cloud comuting eta data center zerbitzuak eskainiz. 4.0 Industriarekin duen harremana komunikazioetan, informazioaren biltegiratzean eta zibersegurtasunean kontzentratzen da. Roberto Beitia presidenteak dioenez, “dispositibo, sentsore, kontrolatzaile eta abarren arteko komunikazioak funtsezkoak dira 4.0 Industrian”. “Sarenet enpresan 20 urtetik gora daramatzagu dispositiboak konektatzen behar diren segurtasun neurriekin. 4.0 Industrian fabrikazio lantegietako dispositiboak konektatu behar dira zibersegurtasuna zainduz eta informazioa bidali behar da produkzioa kudeatzeko ekipoetara eta lainora. Gure esperientziari esker, konfiantza handiz egin dezakegu lan hori”.
Sarenet enpresaren erronketako bat da cloud konponbideen merkatuan dagoen lehia, non tamaina handiko nazioarteko enpresak baitira nagusi. Desabantaila hori gainditzeko, apustu egin dute “hurbiltasunaren” eta hornitzaile espezializatuekiko “lankidetzaren” alde. “Hurbiltasunezko cloud zerbitzuak eskaintzen ditugu. Sei data center dauzkagu, batetik erredundantzia ahalbidetzeko, eta bestetik, hurbiltasuna emateko bezeroari, aplikazioen erantzun denborak ahalik eta onenak izan daitezen. Softwareari dagokionez, software librean oinarritutako plataforma bat garatu dugu Irontec enpresarekin batera, neurrira eginiko edozein IoT proiektutara egokitzen dena” gogorarazi du Roberto Beitiak.
Sarenet enpresak garatu dituen proiektu garrantzitsuenetako batzuk informazioaren biltegiratzearekin eta datuen analitikarekin lotuta daude. “Proiektu oso interesgarri bat garatu dugu enpresa barruan. Gure sarean dabilen informazio guztia aztertzen dugu, 60 milioi erregistro inguru egunero. Informazio-bolumen horri esker komunikazio fluxu osoa lortzen dugu eta grafikoki irudikatzen dugu, bezero bakoitzari erakusteko zein informazio dagoen bere sare pribatu birtualean. Sistemak aukera ematen digu baita ere denbora errealean detektatzeko akatsek edo segurtasun-erasoek eragindako anomalia guztiak.
Datuen analitika
Badugu beste proiektu interesgarri bat, hots, geotermiako instalazio industrialen tele-kudeaketa, duela gutxi klimatizazio enpresa batean ezarri duguna” zehaztu du Sarenet enpresako presidenteak.
Datuen analitikaz eta informazioa biltegiratzeko sistemez ari garenean, Beitiak dio erronka handienetako bat dela “instalazio industrialen segurtasun eza”. “Ez da harritzekoa, orain arte konexiorik gabeko uharteak baitziren, eta 4.0 Industrian konexioa da lehenengo urratsa. Baina kontua ez da bakarrik konektatzea, baizik eta konektatzea zibererasotuak izateko arriskurik gabe, eta horixe da hain zuzen lantegietako nagusi guztiak beldurtzen dituena. 4.0 Industriak bere baitan hartzen ditu fabrikazioa eta informazio teknologiak, alegia bi mundu, orain arte elkarren berri ez zutenak. Bien bat-egiteak oso gauza interesgarriak ekar ditzake, adibidez: hardware oso merkea erabiltzea kontrol industrialeko sistemei aplikatuta, PLC sistemek “guztiz konektatutako” ingurune baterantz eboluzionatzea eta informazio-bilketa integratzea kontrol-ekipamenduetan. Bestalde, datu handiek eta adimen artifizialak nabarmen hobetuko dute produkzioaren eraginkortasuna. Alderdi humanoari dagokionez, aurreikusten da kualifikazio handiagoa beharko dela fabrikazioarekin lotutako lanpostuetarako”.
Sarenet enpresak 90 langile ditu eta bulegoak dauzka Madrilen, Bartzelonan eta Valentzian, baina etorkizunera begira, langile gehiago kontratatu eta zerbitzu gehiago eskaini nahi ditu. “Plantilla sendotzen ari gara 4.0 Industriako proiektuak gauzatzeko, eta errendimendu handiko ekipamendua ezartzen ari gara Zamudioko Teknologi Parkean inauguratu berri dugun data center-ean, non Cloud IoT konponbideak landuko baititugu. Datozen hilabeteetan hainbat ekintza egingo ditugu 4.0 industriaren arloko gaitasunak sustatzeko eta aliantzak sortu nahi ditugu produkzioaren kudeaketan, sentsorikan eta datu handietan espezializatutako enpresekin, elkarrekin garatzeko 4.0 Industriako proiektuak” aurreratu du Roberto Beitiak.
Lotutako albisteak

Zaher Taldeak bere eraginkortasun operatiboa hobetzea du helburu eraldaketa digital nabarmen baten bidez
Enpresa gipuzkoarra bere zuzendaritzaren errelebo betean murgilduta dago, galdaragintzan eta mekanizazioan aritzen da, eta nazioartekotzearen aldeko apustua ere egin du.

Einnek, bost urte etengabe eboluzionatzen sektore elektriko-elektronikoan
Pandemia betean jaio zen enpresak eraldaketa digitalaren aldeko apustua egin du hasieratik, sektorean bereizteko; bideojoko bat ere sortzen ari da, ingeniaritzako eta muntaiako barne-prestakuntza teknikoa iraultzeko.

Enpresa industrialen eta industria adimendunean espezialistak diren enpresa digitalen arteko elkarlana erraztuko du SPRI Taldeak
Enpresen Networkinga 2025 - Smart Industry kongresuaren 8. edizioa egingo dute martxoaren 26an, Bilbon, eraldaketa digitalari laguntzeko

Logistikari buruz Euskadin egiten den kongresuaren hirugarren edizioa egingo dute BECen
Azoka da iparraldeko eremuan packagingaren, logistikaren eta garraioaren sektoreak biltzen dituen azoka bakarra

Segundu bakoitzak kontatzen du. Ziurtatu zure erreskatea ResQaRrekin
Erreskate-orria formatu digitalean: larrialdi ekipoak, erreskatea modu seguruan egin ahal izateko, behar diren ibilgailuko elementuei buruzko infomazio zehatza eta azkarra.