EHUk Leioan duen campuseko Parke Zientifikotik Floridako (Estatu Batuak) JFK Zentro Espazial ezin ezagunagora, zeinetatik abiatzen diren duela hainbat hamarkadatik NASAren misio tripulatu eta ez tripulatu guztiak. Horixe da Satlantis enpresa espazialak egin duen bidea. Satlantis kamera txiki eta konponbide integralen diseinu eta fabrikazioan espezializatuta dago, hala, Lurra behatzeko nano-sateliteak ekoizten ditu, eta berriki tamaina txikiko eta pisu gutxiko kamera horietako bat bidali du espaziora. Ipar Amerikako agentzia espazialak zuzendu du misio hori, eta Estatu Batuetako Defentsa Departamenduak jarri du finantzaketa. Euskal ETE hau 2013an sortu zen Floridako Unibertsitateko spin off gisa, eta gaur egun 55 langile ditu. Gainera, erreferentziazko ETE bat da New Space sektorean, dio Satlantiseko Estrategia zuzendari Eider Ocerinek.
Hasi da atzera kontaketa…
SpaceX CRS-24 karga-ontzia abenduaren 21ean, goizaldeko 5:06an (AEBetako ekialdeko ordua, Euskadin goizeko 11:06 izango dira) abiatuko da Nazioarteko Estazio Espazialerantz. Floridako Kennedy Space Center-etik abiatuko da, Space-X enpresaren (Elon Musk du presidente) Falcon-9 kohetearen bidez. Kohete horrek Dragon ontzia eramango du barruan, ISSra (Nazioarteko Estazio Espazialera) hornigaiak eramateko bere laugarren misioan. Konpainiarentzat 24. misioa izango da, eta janaria eta bestelako hornigaiak eramango dizkie astronautei, bai eta estazioan egingo diren esperimentu zientifikoak.
Zein da misio honen testuingurua?
CASPR misio kolaboratibo bat da, zeinetan parte hartzen duten SHREC zentroak, Pittsburgeko unibertsitateak, Estatu Batuetako Defentsa Departamenduaren test berezien programak eta industriak. Satlantis azken multzo horretan sartzen da. Misioaren helburu nagusia da Espazioan autonomo izango diren sentsore berritzaileen estrategiak aztertzea.
Espaziora bidaltzen duzuen bigarren nano-kamera izango da…
Gure tresna iSIM izeneko teknologia batean oinarritzen da. Merkatu tradizionalean daudenak baino askoz prestazio altuagoak dituzten kamera binokularrak dira, horregatik, balio handiko aukera teknologiko bat eskaintzen dute. Kamerak espaziora bidaltzen diren satelite txikietan (100 kilo baino gutxiago) integratuta daude, eta satelite horiek Lurraren orbitan ibiltzen dira, lurrazaletik 500 bat kilometroko altueran. Hala, lehen misioa 2020ko maiatzean abiatu zen espaziora Tanegashima hiritik (Japonia). Japoniako JAXA agentzia espazialarekin eta NASArekin batera garatutako proiektu bat izan zen, iSIM-170 kameraren (80-100 kg inguruko mikro-sateliteetarako diseinatutako teknologia) orbitako demostrazioa egiteko.
Nano-kamerez ari garenean, zein neurritako kamerez ari gara?
Bigarren misio honetan iSIM-90 kamera jarriko dugu orbitan, aurrekoa baino txikiagoa den kamera bat. Bi kanal optikotako garapen bat da (urrun dauden gauzak ikusteko erabiltzen ditugun prismatikoen antzekoa da), sei kilo inguruko masa duena eta zapata kaxa baten edo edozein etxetako sukaldetan dagoen xigorgailu baten tamaina duena.
Zein da kamera hauen bere berezitasuna?
Kamera hauen nobedade nagusia da CubeSat formatukoak direla. Izenak berak dioen bezala, kubo formako satelite bat da, eta Rubik kuboen estiloari jarraitzen dio. Hau da, tamaina bereko kuboak (10x10x10 cm) elkarren gainean jarriz lortzen da azken tamaina. Horrela errazagoa da osagaiak estandarizatu eta integratzea eta kostuak murriztea.
Eta zein da helburua? Zer behatuko du kamera horrek?
Kamera hauek argia atzematen dute irudi bilakatzeko. Gero, irudi horiek ordenagailuekin eta teknika bereziak erabiliz prozesatu eta aztertu behar dira, azken erabiltzaile desberdinentzat esanguratsua izango den informazioa erauzteko. Kasu honetan, kamera Lurrera begira egongo da, eta gai denez bi metro baino gutxiagoko objektuak bereizteko, posible izango da Nazioarteko Estazio Espazialetik autoak, errepideak edo zuhaitzak identifikatzea. Alegia, Bilbora begiratuko bagenu Bilbo eta Madril arteko distantziaren (edo pixka bat gehiago) pareko altuera batetik, primeran bereiziko genituzke autoak, errepideak, edukiontziak edo itsasontziak. Lehen ere bazeuden distantzia horretatik objektuak identifikatzeko gai ziren kamerak, baina ez ziren hain txikiak. Ekipo honekin eta Satlantisen garatu dugun algoritmoarekin, irudi zehatzagoak ikusiko ditugu.
Zeren irudiak?
Askotariko zerbitzu eta aplikazioak garatu ahal izango dira, erabilpen publiko zein pribaturako azpiegitura kritikoak denbora ia errealean zaintzeko, bai segurtasun publikoaren arloan (mugen zaintza, baliabide energetikoen eta beste azpiegitura kritiko batzuen monitorizazioa), bai segurtasun zibilean (petrolio-hodien eta ura garraiatzeko hodien zaintza, smart city-en monitorizazioa, zehaztasunezko nekazaritza), bai ingurumen sektorean (berotegi efektuko gas isurien detekzioa –metanoa-, itsasoko eta itsasertzeko hondamendiak –petrolio isuriak eta itsasontzietako tankeen garbiketak eragindako kutsadura-, legez kanpoko arrantza, basoen inbentarioa eta su kontrolatuak), eta baita ere gas eta petrolio industrietan (gas eta petrolio hodien zaintza, birfindegiak, itsaso sakoneko lantegi eta putzuak, goi tentsioko kableak, zentral nuklearrak, kontinente barruko ur-hodiak eta kanalak eta itsasoko beste lantegi batzuk…). Gainera, aurreko misioarekin alderatuta, oraingoan irudiak koloretakoak izango dira, eta posible izango da behatu nahi dugun objektu zehatzera apuntatzea.
Zenbat iraungo du Nazioarteko Estazio Espazialerako bidaiak eta Ipar Amerikako moduluarekin bat egiteko prozesuak?
Lehen esan dudan bezala, Dragon karga-ontzia abenduaren 21ean abiatuko da Cañaveral lurmuturretik eta nahikoa izango ditu 24 ordu ISSra iritsi eta Estazioaren zati amerikarrarekin bat egiteko. Dragon kapsula handik hilabetera itzuliko da lurrera. Bestalde, beso robotikoak urtarrilaren 8an hartuko du esperimentua eta zuzenean instalatuko du ISSko egituran, non urtebetetik bi urtera bitartean egongo baita martxan. Operazioak urtarrilaren 10ean hasiko dira, tresnak behar bezala funtzionatzen duela bermatzeko, eta otsailaren erdialdetik aurrera ekingo zaie irudiak hartzeko errutinazko operazioei.
Jar daiteke zenbakitan lantaldeak proiektu hau arrakastaz burutzeko behar izan duen denbora?
Kamera garatzeko bi urte inguru behar izan ditugu, espaziorako modeloa bidali arte, hau da, 2020ko irailera arte (duela urtebete baino gehiago). Ingeniaritzako taldeak lan oso zorrotza egin du (mekanika, elektronika, optika eta prozesatua) eta produkzioa optimizatu dugu. Behin Floridara (AEBak) bidalitakoan, egiaztapenak egin zaizkio, amaierako instrumentuan integratu da eta baliozkotze probak egin dira. Misioko gainerako instrumentuak ere palletean integratu dira eta entsegu kanpaina bat egin da. Gero espaziora abiatzeko prozesuan integratu da. Gaur egun, Space X-k hiru hilabeteko aurrerapenarekin eskatzen ditu zama erabilgarriak, azken orduko ustekabekorik ez izateko. Modelo tradizional bat da, epe luzeak dituena, eta guk entrega-epeen murrizketa drastiko bat eskaintzen diogu merkatuari, urtebete ingurukoa. Horri esker, ezagutza zientifikoa azkarrago bidal dezakegu espaziora.
Eta mugarri berri honen ostean zer? Zein da hurrengo misioa?
Gure egungo plan estrategikoak sei misio ditu. Lehen biak aipatu ditugu dagoeneko; hurrengoa, hirugarrena, 2022ko ekainean abiatuko da espaziora, berriro ere Space X-ren eskutik. Kasu honetan, 16U-ko Cubesat satelite bat izango da, Urdaneta deitzen dena, eta iSIM-90 kamera bat izango du integratuta, 1.65m-ko bereizmena duten Euskadiren irudiak eskaintzeko 550 km-ko altueratik. Bestalde, datorren urtean ESAren Mantis misioan parte hartuko dugu. Izan ere, kamera optikoa egingo dugu gas eta petrolio erauzketan diharduten enpresen azpiegiturak ikuskatuko dituen misio baterako.
Satlantisen orbitan dago baita ere gas kaltegarrien (adibidez metanoa) detekzioa eta neurketa…
Hala da, bai. GEI-SAT izeneko beste proiektu batean murgilduta gaude. Berotegi efektuko gasak detektatzen dituen satelite bat da, eta bere helburu zientifiko-teknikoa izango da metano isuri puntualak detektatu eta neurtzea. Metanoa berotegi efektua eragiten duen gas bat da, karbono dioxidoa baino 80 aldiz kaltegarriago dena, eta Nazio Batuak, Europar Batasuna eta nazioarteko beste organismo batzuk isuri horiek erregulatzen ari dira, atmosferako kutsaduraren hedapena geldiarazteko. Konpromiso hau konpromiso tekniko eta finantzario bat da, gure inbertitzaile nagusiarekin duguna, hots Enagásekin (Espainiako gas garraioaren arduraduna). Misio hau ere CubeSat 16U satelite bat izango da, eta seigarren misioaren aurrekaria izango da. Garapen fasean dago eta 2023ko apirilean abiatuko da espaziora.
Balantze modura: 2021a urte ona izan da Satlantisentzat?
Bai, ona izan da. Mugarri asko gainditu ditugu. Negozioaren atalean, adibidez, bigarren finantzaketa erronda itxi dugu (16,5 milioi euro). Enagás izan da inbertitzaile nagusia, eta CDTIk -Agentzia Espazial Nazionalaren papera jokatzen duenak- ere bat egin du. Kontuei dagokienez, ongi itxi dugu urtea, sei milioi eurotik gorako fakturazioarekin, eta giza baliabideen arloan, plantilla handitzen eta talentua integratzen jarraitu dugu. Une honetan, 55 pertsona gara enpresan.
Azpiegiturek eta teknologiek ere hain parametro positiboak izan dituzte?
Azpiegituren atalean, instalazioak handitzen ari gara gure sateliteak gorde ahal izateko. Lanpostuak ugaritu ditugu eta laborategiak handitu, 640 m2tik 1.000 m2ra. Nazioartekotze prozesuari ekin diogu, eta duela gutxi pertsona bat bidali dugu lanera Erresuma Batura, Satlantis UK aktibatu dezan. Bestalde, teknologiari dagokionez, hirugarren produktu-ildo bat ireki dugu, kamera oso berritzaile batekin, eta misio oso baten lehen proiektua amaitu dugu.
Zer espero duzue 2022an?
Fakturazioa handitzen jarraitzea. Zentzu horretan, nazioartekotze prozesua sendotuko dugu Erresuma Batuan eta Estatu Batuetan. Izan ere, uste dugu operazio garrantzitsu bat itxiko dugula AEBetan datozen asteetan. Bestalde, gure helburuetako bat da gure lehen misioa abiaraztea eta, jakina, garapen teknologikoarekin jarraitzea, gure portfolioan produktu berriak sartuz.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?