Sherpa.ai: “Euskadiko talentuak ez dio ezer zor munduko beste toki batzuetakoari”
Adimen Artifizialaz ari denean, oso azkar hitz egiten, pentsatzen eta interpretatzen du, Adimen Artifiziala baita duela urte batzuetatik bere bizitza profesionala bultzatzen duen motorra, eta baita ere zentzua ematen diona. Xabi Uribe-Etxebarria (Bilbo, 1981) da, ziurrenik, nazioarteko erreferentzia garrantzitsuenetakoa arlo horretan, 2012an Erandion (Bizkaia) bere Silicon Valley partikularra sortu zuenetik. Hantxe sortu zuen Sherpa.ai, nazioarteko ranking askoren iritziz munduko 100 enpresa berritzaileenetako bat. Euskal konpainia berezi horri borborka dario Made in Basque Country talentua, eta talentu horri esker, enpresako galdarak elikatzen jarraitu du pandemia gorabehera. Beste eragile askorekin batera, Sherpa.ai-k bere hondar aletxoa jarri du koronabirusari eusteko Euskadin, ondoen egiten dakiena eginez, hots, Adimen Artifizialeko algoritmoak aplikatuz. Hala, ZIUen kolapsoa saihestu da birusaren patroiak eta joerak hainbat eguneko aurrerapenarekin errekonozitzeko gai den plataforma harrigarri bati esker.
Nola sortu zen Covid-19ari aurre egiteko plataforma hau?
Bertakoak gara eta laguntzeko gaude. Horregatik, arazoaren larriaz eta gaixotzen ari zen jende kopuruaz jabetu ginenean, laguntzea erabaki genuen. Nola? Ongien egiten duguna eginaz. Horrela sortu genuen Osakidetzarentzako plataforma bat, zeina, besteak beste, gai den Zaintza Intentsiboko Unitateek (ZIU) etorkizunean izango dituzten premiak aurreikusteko. Gainera, plataforma gai da lurralde bakoitzak hurrengo zazpi egunetan beharko duen ZIU kopurua jakiteko eta, horri esker, osasun arloko agintariek halako marjina bat izan zuten une bakoitzerako behar ziren baliabideak zehaztasun handiz prestatzeko. Tresna honek, birusaren patroiak eta joerak errekonozitzeaz gain, oso datu garrantzitsuak identifikatzen ditu, esaterako, infektatuen joerak edo etorkizuneko agerraldiak.
Garapen guztia bertan eginikoa da?
Oso-osorik diseinatu eta garatu dugu Euskadin, zehazkiago, Erandion daukagun egoitzan (Bizkaia). Badauzkagu filialak Donostian, Granadan eta Estatu Batuetan (Silicon Valley), baina oraingoan etxean egin dugu garapen osoa, batez ere hurbiltasunagatik.
Zer jartzen du Sherpa.ai-ren bisita-txartelean?
Adimen Artifizialeko zerbitzuetan liderra den konpainia bat garela, eta munduko 100 enpresa berritzaileenetako bat ere bai, Fortune AI 100 eta CB Insights bezalako rankingen arabera. Gainera, aurten Datamation aldizkariak AA arloko hamar enpresa garrantzitsuenen artean sartu gaitu, Google, IBM eta Microsoft-ekin batera.
Teknologia hori erabiltzaileen mailara jaisteko. Non aurki ditzakegu Adimen Artifizialaren arrastoak?
Aurki ditzakegu autoetan, aurikular adimendunetan, etxeko bozgorailuetan, web orrietan, aplikazio mugikorretan edo etxetresna elektrikoetan. Gure kasuan, behintzat, gai gara horrelako produktuetara iristeko beste hainbat konpainiarekin -hala nola, Porsche, Volkswagen eta Samsung- sinatuta dauzkagun akordioen bidez.
Uste duzu gizarteak benetan ulertzen duela zenbaterainoko potentziala duen AAk gure eguneroko bizitzan?
Esango nuke askotan jendeak robotekin lotzen duela Adimen Artifiziala edo etorkizun oso urrunarekin, hots, hitz egiten duten makinekin edo hologramekin, baina errealitate hori iruditzen zaiguna baino askoz hurbilago dago, eta horren erakusgarri da dagoeneko laguntzen digula gure eguneroko bizitzan, gu konturatu ere egin gabe.
Nola?
Adibidez, gure sakelakoak desblokeatzen ditugunean hatz markarekin edo aurpegi errekonozimenduarekin. Hor Adimen Artifizialeko algoritmo asko daude. Baita ere gure ahotsa erabiltzen dugunean hainbat aplikaziotan, edo aparkalekua ordaintzen dugunean txartelik sartu gabe eta hesia magiaz bezala altxatzen denean… Edo beste sektore batzuetako aplikazio askoz sofistikatuetan ere bai; adibidez, osasun arloan AA erabiltzen da tomografietan gizakiaren begiak ikusi ezin dituen minbizi txikiak detektatzeko. Zenbat bizitza salba ditzake horrek?
Horrelako adibideak lagungarri izan beharko lirateke AA gizartean errazago sartzeko, teknologia laguntzat har dezagun eta ez mehatxutzat, ezta?
Jakina. AA gizakiaren osagarri bat da, izan ere, hala izan behar du, eta ez ordezkoa; horrelako teknologiek gure zerbitzura egon behar dute, eta bizitza erraztu behar digute, ez oztopatu.
Enpresa teknologiko handiek badute talentuagatiko gerra partikular bat. Baina badirudi Sherpa.ai enpresan urrats bat aurretik zoaztela, nazioarteko hainbat figura konbentzitu baitituzue zuekin lan egiteko (Tom Gruber, SIRIren fundatzailea; Celestino García, Samsung enpresaren presidenteorde korporatibo ohia Espainian eta Portugalen, edo Joanna Hofman, bere garaian Steve Jobs-en eskuin eskua izan zena). Zer lortu nahi duzue horrelako profilak erakarrita?
Lehenik eta behin, esan beharra dago Euskadin daukagun talentuak ez diola ezer zor munduko beste toki batzuetakoari. Oso jende ona daukagu hemen, kalitate handikoa, eta lehen eskutik dakit hori. Hiru unibertsitate bikain dauzkagu eta lehen mailako teknologia-zentro ugari, non proiektu harrigarriak ernaltzen ari baitira. Gertatzen dena da -gure kasuan behintzat- ez daukagula nazioarteko sonarik ez errekonozimendurik, eta horixe da, hain zuzen, horrelako profilekin lortzen duguna. Izen horiek Sherpa.ai konpainiara ekarriz, indartu egiten dugu lehen sinesgaitza zen errealitate bat, alegia, Erandioko tailer txiki bat gai dela mundu osorako esanguratsuak diren Adimen Artifizialeko proiektuak garatzeko.
Adimen Artifiziala aipatzen denean, ezinbestean azaleratzen da pribatutasunari eta datu pertsonalen erabilerari buruzko eztabaida. Gaur egun, posible da seguru sentitzea pribatutasunari uko egin beharrik gabe?
AA mugitzen duen motorra datuak dira. Guztiz beharrezkoak dira algoritmoek ikas dezaten eta, jakina, datu horiek erabiltzaileenak dira, eta hala izan behar du gainera. Bestela, arazo handiak sortzen dira; halaxe ikusten ari gara datu horiek hirugarrenei saltzen dizkieten konpainiekin eta antzekoekin. Sherpa.ai-n, gure bezeroengandik lortzen ditugu algoritmoak eta datuak, eta haiek euren bezeroei eskatzen dizkiete. Duela pare bat urte hasitako proiektu baten parte da prozesu hori. Plataforma bat garatu genuen datu horiek erabili ahal izateko inongo zerbitzaritara bidali beharrik gabe. Bada, garapen hori erreala da, duela hilabete jarri genuen martxan, eta orain, pribatutasunari aplikatutako munduko Adimen Artifizialeko plataforma indartsu eta osoena daukagu.
Zerk egiten du berezi zuen sektorean?
AA algoritmoen potentzia erabili ahal izango da datu pribatuak partekatu beharrik gabe. Kontuan izan datuen pribatutasuna dela enpresa teknologikoen eztabaidagai nagusia, eta are gehiago Covid-19aren ondorengo aro honetan, askok uste dutelako datuen segurtasuna edo pribatutasuna, bietako bat aukeratu beharko dutela. Sherpa-n oso konprometituta gaude gai horrekin, uste baitugu pribatutasuna oinarrizko balore etiko bat dela, eta AAri esker, dagoeneko posible da segurtasuna lortzea datuen pribatutasunari uko egin gabe.
Horrek sekulako aukera-sorta irekitzen du; soilik osasun arloan, posible litzateke datuak partekatzea gaixotasunei eta pazienteei buruz, eta sekulako aurrerapenak lortuko lirateke oraingoz sendabiderik ez duten gaixotasunetan…
Hori da! Algoritmoak sortuta daude, baina milaka datu behar dituzte ikasteko. Eta inor ez da sartuko datu horietara, datuen babeserako arauen menpe daudelako eta, beraz, pazienteen pribatutasuna urratuko litzatekeelako. Beraz, nola entrenatu liteke eredu bat informazio hori partekatu gabe? Guk aurkitu dugu erantzuna: Ikaskuntza Federatuaren bidez. Segurua eta pribatua da, ez dagoelako datu pertsonalen trukerik, ereduak modu lokalean entrenatzen direlako, eta hobekuntzak bakarrik konbinatzen direlako lainoan.
Itzul gaitezen AAren sozializaziora; dagoeneko frogatu du bizitzak salba ditzakeela…
Hala da, bai, eta berriro diot: horrelako teknologiek gure zerbitzura egon behar dute, gure bizitza errazago egiteko. Eta horretan ari gara.
Lotutako albisteak

EatAmigo, ostalaritzako eskaerak automatizatzeko AA erabiltzen duen tresna
Gipuzkoako enpresak jatetxeekin, ostalaritza kateekin eta elikagai banaketa enpresekin egiten du lan estatu mailan, eta duela gutxi Mexikon lortu du lehen bezeroa.

ESGI 188 (European Study Group with Industry) Bilbon izango da 2025eko maiatzaren 26tik 30era
Enpresek problema matematikoak aurkezten dituzte azterketa-taldeak konpon ditzan, askotan modelizazio edo optimizazio moduan.

BeDIGITALek zazpigarren edizioa ospatuko du BECen, enpresa eta erakunde liderren partaidetzarekin
Ekainaren 3tik 5era izango da, +INDUSTRYren esparruan, herrialdeko Smart Manufacturing-ari eskainitako topagunerik handienean. SPRI Taldea erakusketarien artean dago, ‘Invest in the Basque Country’ programarekin.

Zabalgarbik denbora errealeko analisi-tresnekin modernizatu du bere azpiegitura
Besteak beste, biki digitala eta adimen artifizialean oinarritutako teknologiak ezartzeaz gain, lurrun-gainberogailu bat instalatzea du helburu enpresak, energia-eraginkortasuna eta jasangarritasun operatiboa hobetzeko ekimen estrategiko bat.

HIMUGI proiektuak mugikortasunean eta garraioan aplikazioak dituen hidrogeno-propultsio sistema bat lortu nahi du
Euskal erakundeen arteko partaidetza eta lankidetza handia du, eta SPRIren Hazitek programaren laguntza ekonomikoa jaso du.

Zinemaldia Startup Challenge 2025
Izen-ematea: apirilaren 15etik ekainaren 2ra arte

Ceit zentro teknologikoak 300 enplegu baino gehiago sortzen dituzten 20 spin-off sustatu ditu eta 30 M € inguruko inbertsioa ekarri dute
Mikel Jauregi sailburuak Ceit bisitatu du, ikerketa aplikatuko eta teknologia enpresara transferitzeko erreferentziazko zentro teknologikoa

Sei euskal ikerketa-erakundek bat egin dute ITTHACAn zahartze osasuntsua sustatzeko
Elkartek programak finantzatutako proiektu honek biomarkatzaileak, iragarpen-ereduak eta osasunaren zuzeneko monitorizazioa erabiltzen ditu.

MEPRO Medical Reproductive Solutions, gizarte-helburu teknologia: ugalkortasun maskulinoa berritzen
Gure helburua osasun-profesionalei eta bikoteei antzutasunaren erronkei aurre egiteko tresna berritzaile, seguru eta eraginkorrak eskaintzea da

Kontsulta irekia: Spri Taldearen laneko prebentzio-zerbitzuak definitzeko zure aukera
Sprik merkatuko aurretiazko kontsulta jarri du abian, lan-arriskuen prebentzioaren eta osasunaren zaintzaren sektorearen benetako beharretara egokitutako lizitazioa diseinatzeko. Horren bidez, operadore ekonomikoen ekarpenak bildu nahi dira, kontratazio-prozesu lehiakor, garden eta merkatuko jardunbide egokienekin lerrokatua egituratzeko.